Igone Zubizarreta, Argantzun Ikastolako zuzendaria. Javier Martín
Igone Zubizarreta, Argantzun Ikastolako zuzendaria

«Zortzigarren kuadrilla gu gara, Trebiñu, eta jendea gogotsu dago Araba Euskarazekin»

Argantzun Ikastolak jasoko du aurtengo Araba Euskaraz ekitaldia, eta haren zuzendaria den Igone Zubizarreta argi adierazi da eguna prestatzeko erronkaz. Ikastolekin zein familien laguntzarekin gauzatuko dute igandeko jaialdia

Ander Retolaza

Viernes, 17 de junio 2022, 02:17

Trebiñuko zonaldean euskaraz bizitzeko eta ikasteko helburu nagusiarekin, Argantzun ikastola izan da aurtengo Araba Euskaraz ekitaldia prestatu duen ikastola. Igande honetan, ekainaren 19an, Araba Euskaraz jaialdiaren 42. edizioa ospatuko da Gasteizko Olarizu parkean, 1981. urtean lehen edizioak egin antzera. Argantzun Ikastolako zuzendaria den Igone Zubizarretak ekitaldiaren inguruko nondik norakoak deglosatu nahi izan ditu ELCORREOri eskainitako elkarrizketan, bai eta euskararen bilakaera zonaldean azaldu ere.

Publicidad

-Argantzun Ikastola berez 2003.urtean sortu zen, eta egun 68 ikasle ditu. Ikastola txikia izateak lan gehiago eman dizue?

-Bai. Hamaika bat familiek egin zuten apustua Argantzun Ikastola eratzeko 2003. urtean. Pixkanaka kopuru hori handitzen joan da urteekin eta ikastola txikia gara, bai, orduan gure inguruko ehuneko handi batek egin behar du lan Araba Euskaraz bezalako jaialdia aurrera eramateko. Gurasoen elkarteek, familiek zein ikastolako beste parte hartzaileek lagundu dute prozesuan. Ez da batere erraza jaialdia egitea, beraz, beharrezkoa izan dugu guztiz elkarlana eta auzolana. Gainera, gainontzeko ikastolekin ere lan egin dugu eguna prestatu ahal izateko. 1981. urtean lehen Araba Euskaraz eratu zenean ere, ikastola guztien laguntzarekin prestatu zen. Ildo berean jarraitu dugu alde horretatik.

-Aurtengo leloa 'Zortzigarren alaba' duzue.

-Zortzigarren kuadrilla Trebiñu dugulako. 1981. urtean, lehen edizioa ospatu zenean, kartelean agertzen ziren zazpi kuadrillak. Arabako esamoldearen inguruan arituta, zazpi kuadrillak osatzen zituelako. Orain zortzigarren gu gara, Trebiñu.

-Trebiñu bera enklabea denez, arazorik izan duzue administrazio aldetik?

-Ikastola mailan, ikastola sortu zenetik hainbat traba izan ditugu, tramitazio aldetik asko luzatzen baitira dokumentuak eta beste. Askotan, deiak egin behar ditugunean, ez dira haiek ere ados jartzen, orduan tramitazio batzuk oso luze joaten dira. Hori dela eta, izan dugun arazorik handiena ekonomikoa izan da, hainbat administrazio kontu atzeratu izan digutelako. Ikastola sortu zenean, gure helburu nagusiena Trebiñuko jendeak euskaraz bizitzeko eta euskaraz ikasteko aukera izatea izan zen. Gutxinaka, helburu hori lortzen jarraitzen dugu eta gero eta jende gehiagok daki euskaraz hemen. Agian asko da oraindik esatea kaleetan euskara asko entzuten dela, baina nabari da ikastolan egin dugun lana.

-Euskara sustatzeko bidean, ikastola aldetik, 2003tik hona bilakaera lortu duzuela uste duzu beraz?

-Bai, erabat. Ikusten da euskarak bere lekua hartzen doala Trebiñun. Gainera, babestuta sentizen gara. Gure alde dauden babesle asko ditugu, eta horrek segurtasuna ematen digu. Udala gure alde daukagu eta Trebiñun badaude euskara sustatzen duten elkarteak, orduan hainbat erakundeekin lan egiten dugu. Horrela egiten dugu aurrera. Gure helbururik nagusiena euskaraz ikasteko eta euskaraz bizitzeko aukera Trebiñun eskaintzea izanik, ildo beretik jarraitu izan dugu. Euskara ofiziala ez den eremuan, hainbat eragozpeni aurre egin behar izan diogu, baina, egun, trebiñuar familia askoren hautua da euren seme-alabei hezkuntza euskalduna eskaintzea.

Publicidad

-Arabako Aldundiak laguntza eskaini dizue horretarako.

-Bereziki lagundu digu Arabako gobernuak. Esan bezala, Gaztela Leonen euskara ez da hizkuntza ofiziala, beraz alde hortatik administrazio arazoak izan ditugu.

-Pandemiak mugarik jarri dizue?

-Aurreko urtearekin konparatuta egia da guk pandemiaren egoera gutxi paraitu behar izan dugula. Lasaitasun bat eman digu horrek aurten, batez ere azken bi hilabete hauetan lasai ibili garelako jaia antolatzen. Igaroko urtean Laudion egin zen Araba Euskaraz, eta bertan lekukoa jaso genuenean, zalantzak izan genituen, baina azken hilabeteetan lasai ibili gara pandemiaren egoera asko baretu delako. Aurten, gainera, ez genuen nahi jaia egun bakarrekoa izatea. Hori dela eta ikastolen artean hainbat ekitaldi prestatu ditugu urte osoan: mendi irteerak, tailerrak, bertso emanaldiak eta beste. Orduan alde batetik euskara hainbat esparrutan hedatu dugu eta herriari ikusgarritasuna ere eman diogu, ikastolako proiektuei bide emanez. Horrela, gure artean, elkarlana sustatu dugu. Gainera, pandemia atzean utzita, askoz errazagoa izan dugu dena prestatzea.

Publicidad

-Lana eginda, iganderako harrera ona espero duzue?

-Guk uste dugu nahiko jende gerturatuko dela. Jendea gogotsu dago jaigiroan egoteko eta euskarari bultzada emateko. Azken urteetan ezin izan dugunez horrelakoak antolatu nik uste dut jendeak bere aldetik ere erantzuten dagoela. Dena dugu prest iganderako, urte osoko lana egin dugulako. Gainera, Araba Euskaraz jaialdian jasotzen ditugun etekinak Segastieta ikastola eraikitzera bideratuko ditugu, beraz badugu zer ospatu ikastolen jaialdiaz gain.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad