Borrar
Angus Youngi, AC/DCren gitarrari eskainitako estatua.
Angus euripean

Angus euripean

Lunes, 25 de junio 2018, 23:43

Nire etxe aurreko parkean, urteak dira Angus Youngi, AC/DCren gitarrari eskainitako estatua bat eraiki zutela. Hasieran, orain dela hamar bat urte, ohikoak ziren rockzaleen bisitak, estatuarekin argazki bat egitearren edo. Baina urteak dira inork ez diola kasu handirik egiten. Izan ere gaur egun ia estalita dago, landaretzak inguratzen baitu.

Nik gustuko dut berarekin hitz egitea. Agian horren bakarti sumatzen dudalako edo.

-Aupa Angus, zer berri?

-Ba berri handirik ez. Euriak jarraitzen badu egunen batean erabat estalita geratuko naiz...

-Bai horixe. Zure taldeari buruzko berriak ez dira oso onak, ezta? Entzun dudanez ia bakarrik geratu zara, ezta? Abeslaria gor geratu da. Anaia hil zitzaizun eta bateria arazo larritan izan duzu, justiziarekin izandako arazoak direla eta. Zelako bolada ederra zurea...

-Bai jauna... baina horiek guztiak Angus Youngen gorabeherak izan dira, ni ez naiz benetako Angus, ni haren kopia kaxkarra besterik ez naiz.

-Bai, baina azken finean haren oroigarria zalerako zaude hemen, ezta?

-Mmmm, bai, baina ez gaitezen engaina. Angusen arazoak ez dira nireak. Angusek, adibidez, lepoko arazoak ditu, nik, ordea, ez dut inolako minik sentitzen. Angusek lo egiten du, jan egiten du, barre eta negar egiten du... ni beti berdin ikusiko nauzu, zuzeneko emanaldi batean egongo bainintzen, nolabait esateko «nire onenean» nago beti, zaletuen irudimenean nagoen eran. Ni ez naiz benetako Angus Young, haren markaren irudi bat baizik. Ni beti nago gazte, beti berdin jantzita, beti sasoi onean edo -nahi bada- sasoirik gabe... Nolabait esateko haren markaren isla bat naiz...

-Bueno, horrek ez du horren gaizki ematen ezta?

-Bah, ez pentsa. Alde batetik zure benetako pertsona dago eta beste alde batetik sortzen duzun marka hori. Egunen batean norbaitek hil zaitzake hotel baten atarian, baina zure markak bizirik dirau. Zure inguruko liburuak, pelikulak, iragarkiak eta imajina ditzakezun astakeria guztiak egingo dira, egiazko pertsonari zer irudituko zaion batere arduratu gabe.

-Oso ezkor sumatzen zaitut txo, azken finean hori guztia gizaki baten merituak omentzeko bidea besterik ez da...

- Ez pentsa. Zuk uste duzu Angus Youngen benetako merituei gorazarre egiteko nagoela hemen? Ez motel, zinegotziren baten ekimena izango nintzen ni. Markak salgaiak saltzeko erabiliak gara, besterik ez. Zergatik eman zioten Literatura Nobel saria Bob Dylani eta Tony antzerki saria Bruce Springsteeni? Benetan uste duzu euren merituak izan direla arrazoi nagusia?

-Ez didazu esango meriturik ez daukatenik...

-Jakina ezetz. Baina bata nahiz bestea ez dira horren ezagunak bihurtu literatura edo antzerkia egiteagatik. Sarituak izan dira, saria ematen dutenen loriarako, zalantzarik ez izan. Markak izan dira sarituak, ez artistak.

-Ez dakit zer esan... zu bezalako estatua bat izatea egundoko ohorea izango litzateke edonorentzat...

-Ez pentsa. Zer naiz ni azkenean. Usoek kaka egiten dute nire gainean. Jaietan pixa egiten dute nire oinarrian eta ikusten duzunez edonork egin ditzake pintadak nire sudurrean, nik ezer esan ezinik...

-Bueno Angus. Euria ari du berriz ere. Alde egin behar dut. Plazer bat izan da zurekin hitz egitea. Lasai hartu motel.

- Ez estutu gero, azken finean estatua bat besterik ez naiz. Zorionez guk marka garenok, ez dugu sentimendurik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Angus euripean