Borrar
Adobestock
Txiki txeke
Kareletik

Txiki txeke

Gaurko jaioberriak, besazpian ogiarekin barik, onuradun zerrenda batekin datoz

Ana Urkiza

Miércoles, 19 de marzo 2025, 23:31

Gogoratzen dut, enpresan lantalde txiki bat osatu zela, langileen apertenentzia sentimendua handitzeko egin beharko genituzkeen ekintzak proposatzeko. Aste luzetan aritu ginen lanean. Eta askotarikoak izan ziren bertan jasotako ideiak.

Ekimen bat zera izan zen: langilearen bizitzako egun klabeetan, enpresarengandik mezu bat jasotzeko aukera izan beharko genukeela. Bizitzako egun klabetzat jo ziren ezkontza, senitartekoen heriotza eta seme-alaben jaiotza, besteak beste.

Eta kasu bakoitzean, enpresako barne araudian jasotzen ziren baimenez gain, langileak zer besterik jaso beharko zukeen proposatzen zen. Oroimenean iltzatuta daukat senitartekoen heriotzaren kasuan, zuzendari nagusiaren gutun pertsonalizatua jasotzen zuela langileak, paper oso berezian idatzia, eta bere sinadurarekin.

Garrantzia ematen genion gutun pertsonalizatua idazteko denbora hartu izanari, denbora hori langileari eskaintzeari, eta sinadura batekin errubrikatzeari. Hasi ere egin ginen ekimen horrekin. Eta langile batzuk esker onez agertu zitzaizkion zuzendariari, harik eta behin batek esan zion, nahiago zukeela besarkada bero bat jaso, paper hotz bat baino.

Jaiotzen kasuan, ostera, ez ginen bat etorri. Seme-alaben etorrerarekin, argi genuen opari bat egin beharko litzatekeela. Kontua da, opariaren proposamenarekin ez genuela bat egiterik izan. Eman zen lehen ideia eta berehala baztertu zena zera izan zen: ume jaioberriaren izenean bankuan kartilla bat irekitzea, bertan 100 euro jarriz. Batzuei, dirua oparitzea ez zitzaien ondo iruditu. Hotza zela zioten. Besteei, umearen izenean 100 euro jartzea ez zitzaien ondo iruditu, dirua gurasoek beharko baizuten. Eta azkenei, 100 euro miseria bat iruditu zitzaien. Ondorioa: bertan behera gelditu zen ekimen hau ere.

Egunotan ezagutu dugu, aldiz, Abanto-Zierbenan hartu duten erabakia. Jaioberri bakoitzari 100 euroko txiki txekea eskaintzea. 100 euro horiek helburu bikoitza dutelarik. Batetik, familiei laguntzea. Eta, bestetik, 100 euro horiek herriko dendetan gastatu behar dira eta, beraz, erosketak herriko merkataritzan egitea sustatzea du helburu.

Ez dakit proposamen hau gure lantegian nola ulertuko zatekeen. Hasteko eta behin, 100 euro izaten jarraitzen dutelako, gutxitzat jo zen kopurua. Bigarrenik, opari hotza izaten jarraitzen duelako; txeke bat. Eta, gainera, txekeak herriko dendetan erabili beharrekoak direlako. Agi denez, gaurko jaioberriak, besazpian ogi batekin barik, onuradun zerrenda amaigabe batekin datoz.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Txiki txeke