Lokal gehiago askotariko musikarientzako leku bihurtzea amesten dut
Etxe azpi guztietan kultur eskaintzaren bat egotea gustatuko litzaidake, eta pasiaran doan oinezkoak, tabernan sartzeari muzin egin eta sormen-lan biziez eta kontzertu irekiez gozatzeko aukera iza
Ana Urkiza
Miércoles, 29 de enero 2025, 13:56
Lagun batzuek kontzertura gonbidatu naute. Euren kontzertura. Zortzi kantuz osatutako diska (beno, CD) berria atera dute, eta kontzertuekin hasteko prest daude.
Ez dira hasi berriak eta ezagutzen dute oholtza zer den. Baina ezagutzen ez dudan leku batean joko dute. Beno, ez da ez dudala ezagutzen. Baizik eta ez dela kontzertu emanaldietarako aproposa. Azkenengoz, ikastaro bat egin nuen bertan.
Muturra okertu nien lekua aipatu zidatenean. Aterpea da, nahikoa guretzat, jaso nuen erantzuna.
Lanak izango dituzte inork ezagutzen ez duen leku hartara jendea eramaten. Eta lanak izango dituzte kontzertuaz hitz egin edo idatziko duen norbait bilatzen. Kostatuko zaie, ondotik ere, oholtza duin bat lortzen.
Bilboko Rekalde aretoak, berriro bere ateak ireki dituela jakin dugu. Euskal Herriko artearen erakusleiho izango dena dirudienez, berdin artista gazteentzat zein hain gazte ez direnentzat. Euskal Herriko arte erakusketa aretoak ixten joan diren honetan, Bilbokoa irekitzen da, programa berri bat kudeatu asmoz. Argi dago, artea eta artistak, beti ere, leku zehatz batzuetan batzeko joera daukagula. Bakarrik nahikoak ez balira lez.
Hildako artistek eta jada izen bat eginda dutenek lekua izango dute espazio horietan. Baita gazteek ere. Gazteen lana sustatzeko dirulaguntzak eta programak puri-purian dauden heinean. Baina izendun ez diren eta gazte izateari aspaldi utzi zioten gainontzeko artistek, inork ezagutzen ez dituen lekuetan beharko dute. Nire lagunek bezala.
Arte galerietan aurkezten diren lanak, bestalde, finituak izan ohi dira. Eta hartzaileak inguruko artelanei so egingo die, baso zarratuko zuhaitzei bezala.
Hirietako kaleak oinezkoentzako izango diren geroan, elizak husten joango diren garaian, etxe azpietako denda asko itxi egingo diren etorkizunean, amesten dut, udalek bere gain hartuko dituztela lokalak, eta artista askotarikoentzako entsegu-leku bihurtuko direla, edota kontzertuak eskaintzeko toki.
Eta amesten dut eskaintza zabala eta ez finitua izango dugula kaletik goazenean, nahi dugun arte-adierazpenetan lanean dabiltzan artistak, gazteak zein ez hain gazteak, ikusteko, baloratzeko eta gozatzeko.
Diragart, aurrerantzean, artea ez dela bakarrik espazio txikietan bilduko, zeinetan artista gutxi batzuek parte hartu ahal izango duten. Baizik eta etxe azpi guztietan egongo dela kultur eskaintzaren bat, eta pasiaran doan oinezkoak, tabernan sartzeari muzin egin eta sormen-lan biziez eta kontzertu irekiez gozatzeko aukera izanen duela.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.