Leire Larrazabal
Domingo, 10 de julio 2022, 02:12
Amatasunak 'aurpegi' asko izan ditzake. Izan ere, instituzio gisa, emakumezkoen autonomiarako muga izan daiteke, garapenerako traba edo askatasunerako oztopo. Baina ezin da ukatu haur bat mundura ekartzeak, bere zailtasun, min eta neke guztiekin ere, «esperientzia guztiz eder eta zirraragarria dela askorentzat, izan litekeela eta izan beharko lukeela, behintzat, inguruak (gizarteak, komunitateak, legeek) lagunduz gero», aitortzen dute Estitxu Fernandez eta Erika Lagomak, 'M ama* eme* ume*' liburuaren egileek. Feminismotik eta amatasunetik pentsatu eta gauzatu dute liburua. Hamaika ama eta bi aitaren testigantza jaso dute: amabakarrak, homosexualak eta heterosexualak, bikotedunak eta bikotegabeak, adoptatzaileak... askotariko esperientziak, «guztiak ere aberasgarriak eta zer pentsatua ematen dutenak», gaineratzen dute.
Publicidad
-Txikitatik ezagutzen zarete, nola erabaki zenuten gai hau jorratu behar zenutela?
-Betidanik ezagutzen dugu elkar, auzokideak izan gara Lesakan. Eta bizi osoan egon gara, hurbilago edo urrunago, elkarri lotuta: futbolean zela, bertsotan, dantzan, lagun artean, eta amatasunean. Amatasun bizipen zeharo desberdinak izan ditugu, baina emozionalki elkar sostengatu dugu momentu kritikoetan. Horrek asko elkartu gaitu. Horregatik egin dugu proiektu hau elkarrekin, ezin zuen beste modu batera izan.
Ideia Durangoko jardunaldi feministetan sortu zitzaigun. Amatasunaren inguruko tailer bakarra egon zen, ama pila bat elkartu ginen gela txiki batean, beste asko kanpoan geratu ziren. Han beste amen esperientziak entzuteko behar handia zegoen, eta norberak bereak kontatzekoa ere bai. Amatasun anitzen erreferentzien gabezia salatu zuten gehienek, eta hor ikusi genuen ekarpena egin genezakeela.
-Liburuan 13 elkarrizketa laburbildu dituzue amei ahotsa emateko. Bilatzen zenuten emaitza aurkitu duzue?
-Ez genuen emaitza jakin bat bilatzen. Are gehiago, agertzen diren 13 pertsonak ez genituen gertutik ezagutzen. Zenbait amatasun profil marraztu genituen elkarrizketatuak aukeratu aurretik, baina ez genekien zer kontatuko ziguten. Eta horrek asko lagundu digu gure ideiak eta aurreiritziak bazterrean uzten. Erabat irekita joan gara, bakoitzak berea askatasun osoz kontatzeko jarrera enpatikoarekin. Eta narrazio bakoitza matriuska bat izan da, panpintxo bat zabaldu eta bestea azaltzea, behin eta berriz.
Bizipen anitzak bilatzen genituen, ez ahots zehatz bat, eta horixe da liburua. Erditu direnak eta ez direnak; ama ez izatea aukeratu dutenak; ama bakarrak; banatu diren amak; adopzio-bidezkoak; amamak; etorkinak; ama lesbianak. Agertzen da amatasuna eta eritasuna, amatasuna eta indarkeria matxista, amatasuna eta indarkeria obstetrikoa, amatasuna eta migrazioa, amatasuna eta osasun mentaleko arazoak… Agertzen dira galdutako umeak eta doluak. Ez daude denak, noski. Milioika behar lukete.
Publicidad
-Amen ahotsak jarri dituzue zentruan baina amatasunean aitek ere badute zeresana.
-Gizonezkoei liburuan kabida ematea hausnarketaren ondorio izan da. Gizonezkoak ere liburura hurbildu nahi genituen, inportantea iruditzen zaigu beraiek ere amok bizi duguna entzutea, eta nahiz eta ez duen zertan horrela izan, iruditzen zitzaigun akaso errazago irakurriko luketela liburua gizonezkoen ahotsa ere jasota. Bestalde, bere pisu politikoa ere badu aitatasuna modu kontzientean bizi duten aitei ere lekua egitea. Kopurutan ikusten denez, emakumeek hartu dute espazioaren zatirik handiena. 13 emakume mintzo dira, eta bi gizonezko.
-Sistemak ez al dio uzten emakume bati bere amatasuna nahi bezala garatzen?
-Amatasunak etxe zulora kondenatu izan gaitu emakumeak urte luzez. Gure kaiola izan da, gizonaren, etxeko lanen eta umeen zerbitzura zegoen emakume ikustezina, beharrik gabea izan da ama, etxeko aingerua. Oraindik ere aukera hori eskuzabal eskaintzen digu sistemak. Baina beste muturra ere bai, amatasun neoliberala edo superwomana. Alegia, amatasunak emakumearen garapen profesionala oztopatzen duen ideiarekin bat eginez, umearen zaintza delegatzea lan produktibora erabat entregatuz, horren arabera egongo balitz bezala emakume guztion errealizazio pertsonala. Eta hori indartzeko antolatu ditu sistemak azken hamarkadetako politika sozialak: amatasun eta aitatasun baimen motz eta transferiezinak beti lanari lotuta, laguntza unibertsalik eza, haur eskolen sarea gero eta ume txikiagoentzat… Horiek dira sistemak eskaintzen dizkigun bi eredu itogarriak. Eta ez badugu ez bata eta ez bestea nahi? Aukera errealik ez dago ezberdin egiteko, bakoitzak bere erara bizitzeko amatasuna, norberak erabaki dezan nola nahi duen zaindu bizitzaren hasiera, horren momentu zaurgarria. Eta, era berean, bere ibilbide profesionala babestua egon dadin. Lan esparruaz gain, osasun sistemak, hezkuntza sistemak, sistema judizialak… zenbateraino dira lagungarri eta zenbateraino traba gure amatasunak bizigarriak izan daitezen?
Publicidad
-Liburua aldarrikapena da baina batita solasaldirako gonbitea ere. Hausnarketa eragiten duena, alegia.
-Liburu hau entzuteko, solaserako, eztabaidarako proposamen bat da. Epilogoan amatasun feministen definizio posible bat idatzi dugu, eta 'Solaserako hamaika gako' deitzen den atala. Amatasunek, ez amatasunek, amatasunen nolakotasunek funtzio eta eragin sozial ukaezina daukate aitortu nahi ez badiegu ere. Sistema hau, eta bizitza bera, ez da jasangarria amok doan egiten dugun lanik gabe. Balio ekonomiko, sozial eta politikoa duen lana egiten dugu amok. Eta uste dugu bizitza bizigarriagoak amesten dituen edonorentzat liburu zines interesgarria dela, izan ere, amatasunak pertsona guztiok zeharkatzen gaitu, izan, ez izan edo izan ezin, denok garelako norbaiten seme-alabak.
-Zeresana emango duen liburua da; gaia bera pil-pilean dagoen kontu bat delako, XXI. mendean egon arren…
-Ba ze ongi zeresana ematen badu, horrek esan nahiko duelako amon ahotsa entzuten hasi dela. Hortik abiatzea garrantzitsua irudizen zaigu, bizipenetatik, ikusgarri egitetik ikusezina. Liburu hau beste aurrerapauso bat da, aurrez egin diren eta egingo diren ekarpenei gehitzen zaiena. Eta horrez gain, bizipen hauek norberari begiratzeko parada ere badira, hausnartzeko, norbere istorioa berrikusteko, enpatizatzeko, zalantzan jartzeko, norberarenari eusteko, ados ez egoteko. Jende askok irakurri du liburua dagoeneko, eta iristen ari zaizkigun erantzunak izugarriak dira, zein sendagarri izan daitekeen, nola mugitzen duen barrua, nola sentitzen duten askok ikusiak direla, entzunak direla, tokia eman zaiela.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.