

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Imajina ezazu estatubatuarrak diren milaka haur eta nerabe euskarazko abestirik ezagunenak kantatzen. Harrigarria, ezta? Ba Amaia Gabantxo bermeotarrak ideia hori errealitatera eramango du laster. Datorren maiatzaren 25ean, Uniting Voices Chicago abesbatza ospetsuko 4.000 bat ikaslek zuzenekoa emango dute bertan, eta berak -Iñigo Iriondo (Gatom) ekoizle eta abeslariaren laguntzarekin- sortutako pieza bat kantatuko dute euskaraz, gure hizkuntza lehenengo planoan jarriz. «Oso ilusionatuta gaude datorrenarekin. Lan handia egin dugu eta esperantza handiak dauzkagu horretan, oso polita eta ikusgarria izango dela uste dugu», adierazi du.
Baina hau ez da euskal idazle, abeslari eta literatura itzultzailea den Gabantxok haur estatubatuarrak euskaraz kantatzen jarriko dituen lehenengo aldia. Pandemia garaian ere, 'Aldapeko sagarraren' kanta erakutsi zien. «Ni Bermeon nengoen, etxean, eta beraiek Chicagon. Telematikoki irakatsi nien dena eta oso ondo geratu zitzaien, oso pozik geratu ziren, eta baita ni ere», gaineratu du. Baina, nondik ote dator Chicagoren eta Bermeoren arteko lotura hori? Bada, orain dela urte batzuk, 2011n alegia, Amaia Gabantxok Chicagora jo zuen Estatu Batuetako hiri horretako Unibertsitatean euskarazko eskolak emateko. Baina eskolak emateaz gainera, musika eta sormenezko bizitza ere landu zituen bertan. «Jende mordoa ezagutu nuen garai hartan. Festaren batera gonbidatzen baninduten, euskaraz kantatzen hasten nintzen, eta horrela, geroz eta gehiago deitzen zidaten euskaraz abesteko, oso exotikoa iruditzen zitzaien», dio. Horrela, egun batean, Uniting Voices Chicago (lehen Chicago Children's Choir bezala ezagutzen zena) abesbatzako zuzendari gorenak ezagutu zituen.
Denborak aurrera egin zuen eta 2021ean 'Peregrinaje' izeneko proiektu batean parte hartu zuen, euskal artistek Galesekoekin egiten duten lanean sakontzeko. Bertan, transhumantziaren soinuak bildu zituen pieza musikal bat sortzeko. Horrela, bertako 'soundscape'-a, euskaraz soinu-paisaia dena, erretratatu zuen. Eta halako batean, bizitzak berriz ere jarri zion Chicago erdigunean Gabantxori.
«Chicagoko abesbatzako zuzendariari bertan egindako proiektua erakutsi nion eta izugarri gustatu zitzaion. Orduan, pieza bat egitea proposatu zidan haurrek urteko kontzertu garrantzitsuenean kanta zezaten, datorren maiatzaren 25ean egingo den kontzertuan, alegia. Nik, orain dela hilabetera arte gutxi gora-behera, 500 haur eta nerabek abestuko zutela uste nuen, baina 3.000 edo 4.000 inguru izango direla esan didate. Agertokian, berrogeita hamar bat egongo dira, baina auditoriumeko harmaila guztiak abestia ere ikasi duten haur eta nerabez beteta egongo dira», aitortu du Gabantxok, egun horretan egingo duena oraindik sinetsi ezinik.
Eta nola ez da egongo ba harrituta, hunkigarria izan beharko baita hainbeste haur zure kantu bat abesten ikustea, ezta? Eta are gehiago zure ama hizkuntzan bada, euskaraz, beraiek ingeleraz hitz egiten duten bitartean.
«Iñigo Iriondorekin, musika ekoizlea eta rap abeslaria den 'Gatom'ekin, pieza bat konposatu dut, bi abestiz osaturik dagoena. Gainera, haurrek gure abestiak ikasten dituzten bitartean, gu soinu-paisaia bat prestatzen ari gara hemen inguratzen gaituen naturaren soinuekin. Horrekin instrumentalizatuko dugu euskarazko bi abestiek osatzen duten pieza», arrazoitu du Gabantxok.
Urtero milaka haur artatzen dituen abesbatza horren aurtengo kontzerturik garrantzitsuena maiatzaren 25ean izango da aire zabaleko Pritzker Music Pavilion auditorioan, 11.000 lagunentzako edukierarekin. Entzunaretoa Frank Gehry arkitektoak diseinatu du, Bilboko Guggenheim museoaren egilea denak. «Abesbatzako arduradunek esan dute gustura etorriko liratekeela Bilbora kantatzera, zoragarria izango litzateke. Izan ere, beste urte baten Hego Afrikara joan ziren ere. Baina momentuz goazen ikustera nola doan maiatzeko kontzertua...», dio.
Azkeneko emaitza ikusteko asteak falta badira ere, Amaia Gabantxok piezaren nondik norakoak aurreratu dizkio egunkari honi. «Sorpresa bat izatea nahi dut, nahiz eta aukeratu ditudan bi abestiak oso ezagunak diren, beraz, sorpresa gutxi alde horretatik. Halere, haurrek 'spoken word' egingo dute kantuen artean, Ipar Amerikako bertsolaritza bezalakoa dena», adierazi du.
Piezak lau minutuko iraupena izango du guztira eta askatasuna, migrazioa eta muga bezalako gaien inguruan ariko da. Momentuz, klaseak internet bidez ematen ari badira ere, Amaia eta Iñigo Iriondo Chicagora joango dira kontzertua ospatu baino aste bat lehenago. «Gure esperientziaren inguruko dokumental bat egin nahi dugu ere, zoragarria izaten ari baita hau guztia. Hemen ere grabatu dugu abesbatzarekin tailerrak egiten ari ginen bitartean», aipatu du.
Ingelesez soilik dakiten 6 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei euskaraz (modu telematikoan) kantatzen irakastea gutxi balitz gainera, euskal dantzen mugimendu «klabe» batzuk ere irakatsi dizkiete, kontzertuari «kutsu euskaldun bat» emate aldera.
Publicidad
Jon Garay y Gonzalo de las Heras (gráficos)
Lucía Palacios | Madrid
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.