Borrar
'Samotraziaren garaipena', Louvreko Museoan dagoena, Parisen.
Altzibiadesen hautaketa: filosofia ala hiria

Altzibiadesen hautaketa: filosofia ala hiria

Agonismoa ikuspegi historiko-filosofiko batetik ere azter daiteke. Greziar hitza izanik, greziar filosofian greziar 'polis' edo hiriaren garapenarekin zerikusia du

Sábado, 18 de septiembre 2021

Uztaileko artikuluan agonismoaren kontzeptua aurkeztu genuen. 'Agon' greziar hitzetik datorren ideia dela aipatu genuen, borroka edo norgehiagoka esan nahi duena. Ideia horren bi bertsio eskaini genituen. Alde batetik Deborah Tannen hizkuntzalariak gizartearen eremuetan zehar hedatzen den ideia dela azpimarratzen zuen. Ikuspegi horretatik, agonismoa ideia estereotipikoa da, hau da, bazter guztietatik azaltzen dena. Roland Barthes semiologoak 'ideologema' izena eman zien horrelako fenomenoei, oihartzun efektuan oinarritzen baitira.

Orokorrean esan ohi da diskurtso bat onartua izan dadin zuzena izan behar dela, egiazkoa delako edo onartutako arauak betetzen dituelako. Ideologemaren kasuan, ordea, onargarritasunezko justifikazio eskakizunak kontuan izan gabe osatzen den diskurtsoa da, eremu ezberdinetan kontzeptu berberak presentzia errepikatua duenean.

Chantal Mouffek ontologia politiko bat eskaintzen du, non aurkariaren irudia bazterrezina bilakatzen den. Bere proposamena teoria politiko erradikalaren antagonismoaren ideia eguneratzen saiatzen da. Hala ere, Habermasen eredu hermeneutikoari jarraituz aipatu genuen sistema politikoaren kontzeptua bizitzaren munduarekin ez dela erabat gainjartzen, beraz begirada filosofiko batetik politika bera ere erlatibizatu daitekeela esan daiteke.

Agonismoa ikuspegi historiko-filosofiko batetik ere aztertu daiteke. Greziar hitza izanik, greziar filosofían eta greziar «polis» edo hiriaren garapenarekin zerikusia du. Esate baterako, Platonen idazkietan modu esanguratsuan azaltzen da agonismoaren ideia, batez ere Sokratesen eta Altzibiadesen arteko harremanean. Harreman horren berri ematen diguna Platon da. «Plato's gymnastic dialogues» artikuluan Heather L. Reid autoreak aipatzen du Platonen hainbat elkarrizketatan borroka fisikoarekin zerikusia duten irudiak erabiltzen direla: borrokarako aretoak, biluzteko errituak, aurkariak lurrera botatzea eta antzekoak. Badirudi ohitura horrekin Platonek greziar tradizio historiko bat jarraitzen zuela. Adibidez, Pitagoras boxeolaria eta boxeolarien entrenatzailea izan omen zen eta Platonek bere ikastetxea eraiki zuenean Atenaseko Gimnasiumaren ondoan ireki zuen. Baina Platonek 'agon' edo borrokaren irudiarekin egiten duena guztiz berriztatzailea da greziar kulturan eta baita mendebaldeko kulturan ere. Platonek bere elkarrizketa agonistikoetan bide filosofikoaren berri ematen digu, ordura arte ezezaguna zena eta Sokratesen irakaskuntzak garatu zuena.

Altzibiadesek filosofía maite zuen, baina ez bihotz betez. Bere bizitzan hiriarekiko maitasunak filosofiarekiko maitasunak baino indar handiagoa izan zuen

Sokratesen aurreikuspenak

Platonen interpreteen artean Mark Ralkowskik azpimarratu du 'Gorgias' liburuan Platonek bi bizimodu kontrajarriak aurkezten dituela. Hauetariko bakoitzak ideia sistema bat edo ideologia bat osatzen du. Alde batetik, Tuzididesen 'Atenastarrak' liburuan babesten den ideologia legoke, polis edo hiriaren botere-mina goraipatzen duena. Bestetik, Platonek Sokratesen bizitzan ikusten duen bertutezko jardunbidean du eredua. Aipatu behar dena da jarrera biek komunitatearen barne hiritarrek har ditzaketen jarrerak deskribatzen dituztela, baina norabide kontrajarriak adieraziz. Ralkowskik dioenez, oinarrizko oposizio hau Platonen lan nagusietako ardatz bat da.

Platonen asmoa izango litzateke azpimarratzea atenastar ororen bihotzetan tentsio edo lehia hori gertatzen zela, Atenaseko demokraziak bultzatzen zuen hezkuntzan hiriaren norgehiagoketan «garaile» ateratzea pizgarri indartsuenetakoa baitzen. Atenastar ororen bihotzetan norgehiagoka hori gertatzen baldin bazen, lehen mailako arazoa bilakatu zen Sokratesen garaiko hiritarren tzat. Platonen ustez, arazo hori ondoen islatzen zuen gizakia Altzibiades atenastarra omen zen. Gogoratu behar da Sokratesen heriotza ez zela baketsua izan, epaitua eta zigortua izan baitzen hiriko baloreak usteldu omen zituelako. Ralkowskiren ustez Platonen 'Symposium' (Bazkaria), 'Errepublika' eta 'Altzibiades I' elkarrizketetan helburu nagusia da erakustea hiriko bizimodua eta hezkuntza zirela ustelduta zeudenak. Beraz, Sokratesen irakaskuntza goraipagarria zela.

'Altzibiades I' elkarrizketan Sokratesek Altzibiades gazte bat aurkezten du, filosofian aritzeko ahalmen handiak dituena eta Sokratesen babesa duena. Gaztea izanik, oraindik norbere ezagutza garatu gabe du eta Sokratesek aipatzen dio baldin eta atenastar hiritarrek ez baldin badute usteltzen eta itsusten bere babesa izaten jarraituko duela. Hiriak aurpegi distiratsua duela dio Sokratesek eta anitz atenastar liluratu dituela.

'Symposium' edo bazkarian, Altzibiades berriro azaltzen denean Sokratesen aurreikuspen ilunenak bete direla kontatzen digu Platonek. Altzibiadesek filosofía maite zuen, baina ez bihotz betez. Bere bizitzan hiriarekiko maitasunak filosofiarekiko maitasunak baino indar handiagoa izan zuen. Filosofía hitzak jakintzaren maitasuna esan nahi baldin badu, 'filonikia' greziar hitzak garaipenaren maitasuna esan nahi du. 'Niké' hitzak garaipena esan nahi baitu eta aski ezaguna da gaur egun ere kirol marka baten izena eta ikurra baita. 'Niké' greziar jainkosaren izena zen greziar kultura tradizionalean, eta jainkosa horren irudi nagusia hegoak zituen emakumezko baten irudia zen. Norgehiagoka batean garaile izateak hegoak baititu eta baitzituen Platonen garaian.

'Errepublikan' Platonek argudio bera garatzen du, esanez filosofiarekiko berezko joera dutenek ere, hiriaren hezkuntza dela eta, filosofía alde batera uzten dutela. Horrekin hiriak bere gizaseme ahaltsuenak galtzen ditu, beren helburu bakarra hiriaren desioak asebetetzea bilakatzen baita. Platonen hitzetan, euren burua hiriaren morroi egiten dute.

Ralkowskiren interpretazioak adierazi nahi duena da, Altzibiades eta bere garaiko zenbait politikari ezagun (Kalikles, Perikles edo Miltiades) ez zirela adibide partikularrak baizik eta atenastar sistema politikoaren eta hezkuntzazkoaren zeinu lez har daitezkeela. Bukatzeko esan daiteke, egungo egoerarekin alderatuz, politikaren eta filosofiaren arteko harremanei buruzko ikuspegi garrantzitsua izaten jarraitzen duela.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Altzibiadesen hautaketa: filosofia ala hiria