

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joxeme Lopez de Arana
Viernes, 11 de abril 2025, 00:22
Iazko urrian, Alizia Bartzelonara joan zen bisitan, eta joan den otsailera arte geratu zen han, goxo-goxo. Hura nonbait gustatu, eta hil honetan Madrilera joan da beste egonaldi bat egitera, abuztura arte, eguraldia lagun.
Alizia hori ez da edozein Alizia, noski. Lewis Carrollek garai batean ezagutu eta hainbat liburutan betikotu zuen Alice baizik. Gogoratu: 'Alizia herrialde miresgarrian', 'Ispiluan barrena, eta Aliziak han aurkitu zuena', 'Alizia haurrentzat', 'Aliziaren abenturak lurrazpian'.
Victoria & Albert londrestar museoak 2021ean antolatutako 'Alice: Curiouser and Curiouser. A mind-bending journey into Wonderland' delako erakusketa da joan den udazkenaz geroz hainbat hiri espainiarretan ikusgai dagoena, CaixaForum erakusketa-aretoen sarean, 'Los mundos de Alicia. Soñar el País de las Maravillas' titulupean.
Erakusketa ikuspegi ludiko batetik pentsatuta dago, eta bost espaziotan banatuta: Alizia asmatu zenekoa; Pantailan barrena; Alizia, beste mundu batzuetarako atea; Alizia oholtzara; eta Alizia bilakatzea. Erakusketa ikusi eta hartaz gozatzeko zenbait bide eskaintzen dituzte antolatzaileek: ohiko bisitaz gain, familientzako lantegi gidatuak eskaintzen dira, eta baita 'Aliziaren munduak' izeneko otordu tematikoa. Azken aukera horretako plateren izenak eta arrasto txiki bana besterik ez dut emango: lehen platera, 'Zapore bideak Herrialde Miresgarrian' (askotariko sarrerakoak); bigarrena, 'Erregina Gorria Lorategiko itsasoan' (zer arrain mota ote?); azkenburukoa, 'Te eta txokolate ametsak' (amets egin, amets egin!).
Beste pack batean, bisitaldi librea eta erakusketaren katalogoa eskaintzen da. Oso aukera interesgarria. Izan ere, gaztelaniaz argitaratu duten katalogoa Londreskoaren itzulpena ez ezik, bertako aditu batzuen ekarpenak ere biltzen ditu (erakusketak estatuko hizkuntzetako 'Aliziak' erakusten dituen era berean).
Katalogoak erakusketaren izen bera darama: 'Aliziaren munduak', eta, nahiz eta Londreskoaren aldean maketazio askoz eskasagoa duen, hura bezala, erakusketan ikusgai dauden objektu eta pertsona askoren argazki berri eta zaharrez hornituta dago. Zoritxarrez, hango katalogoko ekarpenik ikusgarriena hemengotik kanpo geratu da: Kristjana S. Williamsen collage moduko bat, kolore bizikoa, katalogorako propio egindako hamaika ilustrazio eder, tartean Aliziaren inguruko liburuetako esaldirik ezagunenak letra larritan eta forma originaletan ematen zituen orrialde askotako artelana.
Idatzizko edukietara joz, 'Sarrera', Kate Bailey eta Simon Sladen bikoteak sinatuta; 'Alizia asmatu zenekoa', Annemarie Bilcloughena; 'Alizia oholtzara', berriz ere Simon Sladenena; 'Alizia berrirudikatzea', berriz ere Kate Baileyrena; eta 'Alizia bilakatzea', Harriet Reedena dira Londresko erakusketaren katalogotik itzulitako testuak.
Bertako adituen testuak, berriz, 'Hemen denok gaude erotuta' (femeninoan emana: 'Aquí todas estamos locas'), Carlos Martínena, eta 'Alizia itzultzea', Juan Gabriel López Guixena dira. Azken hori bereziki interesgarria da, liburua itzultzeko orduan aintzat hartu behar diren (eta aintzat hartu ezin diren) hainbat kontu aipatzen dituen aldetik (tituluaren polisemia, Alizia izenaren etimologia, zenbait gako-hitzen itzulpena, testuan Jainkoa eta erlijio-konturik agertu ez izana, eta abar). Hurrena, Aliziak Espainian izan dituen itzulpenen historia egiten du, 'Los muchachos' aldizkarian emanaldika 1914tik aurrera, eta osorik lehen aldiz 1927an, gaztelaniaz eta katalanez. Gero, galegoz, euskaraz, asturieraz, aragoieraz… harik eta, Alizia ezagutu duen penintsulako azken hizkuntzaz, araneraz, 2019an argitaratu zen arte. Tartean, noski, gaztelaniazko hamaika eta bat edizio, askotariko ilustratzaileren irudiekin eta baita komiki formatuan ere.
Katalogoko beste zenbait edukiei dagokienez, 'Alizia asmatu zenekoa' izenekoan, Carrollek ibilitako sorkuntza-prozesua berreraikitzen saiatzen da Annemarie Bilclough. Nolako gaitasunak zituen eskola garaian, zein ipuin-kontalari ona zen, nola idatzi zituen 'Herrialde Miresgarria' eta 'Ispiluan barrena' John Tenniel ilustratzaile famatuarekiko dialogo ez beti errazean, hitz jokoak eta zentzugabeak sortzeko bideak… Katalogoan zein erakusketan Kapelagileak Aliziari proposatutako igarkizun famatua agertzen da behin eta berriro: 'Zertan dute antza bele batek eta idazmahai batek?'.
'Alizia oholtzara' Simon Sladenen izeneko idazlanean, liburutik arte eszenikoetara egindako bidaiaren berri ematen da. Carroll bizi zela, ikuskizunik luzeen eta arrakastatsuena 1876an Boyd eta Bucklandek sortutako musikal bat izan zen. Handik urte batzuetara, 1886an, antzerki moldeko estreinaldia egin zen. Zinemara, berriz, 1903an eraman zen, ordurako zoritxarrez Carroll hilda zegoela; zuri-beltzeko zinta mutuan sortutako trikimailuen bidez, Alizia handitzen eta txikitzen eta Cheshire katua desagertzen ikusteko aukera izan zuten orduko ikusleek. Beste moldaketa asko egin ziren, noski: 1933ko filmean, Cary Grant eta Gary Cooper agertzen ziren, Sasidortokaren eta Zaldun Zuriaren paperetan; Disneyren animazio-ekoizpena 1951n; eta beste antzerki- eta zinema-ekoizpen asko, gaur egun arte.
Katalogoko beste idazlanei buruz labur-labur mintzatuko naiz. 'Alizia berrirudikatzea' delakoan, Aliziak arte-munduan izan duen eragina ikertzen du, batez ere margolaritzan. 'Alizia bilakatzea', berriz, hezur-haragizko Alice Liddell-en (ezkondutakoan Alice Hargreaves) bizitza arakatzen du.
Amaitzeko, isilpeko bi kontu esango ditut. Lehena: CaixaForumek aitortu ez duen arren, Aliziak esan dit Madrileko egonaldiaren ondoren Zaragozara joango dela negua pasatzera, eta datorren urteko apiriletik urrira Valentzia bisitatuko duela. Etxera bueltatu aurreko azken egonaldia, berriz, Sevillan egingo omen du, 2026ko azarotik 2027ko apirilera. Euskal Herrira ez omen dugu gonbidatu… Ea beste batean.
(Eta bigarrena: Kapelagileak Aliziari jarritako igarkizuna erantzunik ez izateko sortu zuen Carrollek. Hala ere jende asko saiatu da erantzuna aurkitzen. Nik balizko erantzun haietatik bi ditut gogokoen. Lehen erantzuna burutsua da: beleak eta idazmahaiak, biek dituzte hankak eta lumak. Bigarrena, ordea, sakonagoa da, eta heriotzarekin lotuta dago: beleak harrak jaten ditu, eta idazmahaia harrek jaten dute).
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
El ciclista vasco atropellado en Alicante murió tras caer varios metros al vacío
Alejandro Hernández y Miguel Villameriel
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.