Alemaniak, II Mundu Gerra galdu zuenean, ez zuen bere etorkizuna aukeratzerik izan. Zatitua izan zen eta Ekialdea Sobietar Batasunaren satelite bihurtu zen. Mendebaldea noraezean geratu zen. Adenauer kantzilerrak ondo aprobetxatu zuen Robert Schuman Frantziako kanpo harremanetarako ministroak Europar Komunitateak sortzeko egin zuen proposamena 1950eko maiatzaren 9an, eta abian jarri zen gaur egun Europar Batasuna ezagutzen dugunaren prozesua. Gerra Hotzaren garaian Ameriketako Estatu Batuen tutoretza izan zuen Mendebaldeko Europak, eta, halaber, izugarrizko hazkundea ekonomia, kultura eta gizarte-ongizatearen alorretan. Altzairuzko Oihala eta SESB suntsitu zirenean gauza asko aldatu ziren. Alemania bateratu egin zen, eta Europar Batasunak bultzada berria izan zuen. Frantziak, etorkizunaren aurrean, EBren autonomia estrategikoa proposatu zuen, AEBren itzalpetik urruntzeko eta Txinaren hazkundearen aurrean bere interes propioak zehazteko. Dena hankaz gora jarri du Errusia Ukrainaren aurka egiten ari den gerrak (a ze errakuntza estrategikoa!).

Publicidad

1939ko abuztuan Hitler buru zuen Alemaniak eta Sobietar Batasunak, Stalinek agintzen zuelarik han, paktu bat izenpetu zuten elkarri eraso ez egiteko. Aste batzuk barru Hitlerrek Polonia inbaditu zuen eta II Mundu Gerra hasi zen. Azaroan SESBk Finlandia erasotu zuen. Hitlerrek aipatu paktua hautsi egin zuen (errakuntza handia hau ere) eta SESBren aurkako gerrari ekin zion.

Alemania (eta lehenago Prusia) eta Errusiaren artean egon diren herriek –Poloniak, batez ere, baina baita Lituaniak, Finlandiak edo Ukrainak– arazo eta eraso askotxo izan dituzte historian zehar. Europar Batasuna existitzeak balizko arazo asko indargabetu ditu. Alemaniak EBn izango zuen pisuaz hitz egiten zen atzo ('Europa alemaniarra ala Alemania europarra'). Gaur, berriz, Ukrainan izaten ari den gerrarengatik, paradigmak zeharo aldatu dira, eta Alemaniaren dilema da Errusiarekin zuen harremana (batez ere gas-horniketari zegokionean) mantendu, eten edo hautsi. Duela gutxi, alemaniar parlamentuak gobernua osatzen duten hiru alderdiek (sozialdemokratek, liberalek eta berdeek) eta oposizioan dauden kristau-demokraten artean adostutako ebazpen bat onartu zuen, armak bidaltzeko Ukrainako gobernuari. Eztabaida sutsua izan zen. Une historiko garrantzitsu batean gaude. Letta Italiako Alderdi Demokratako buruak Europar Konfederazio bat sortzea proposatu du, EBko estatuek eta Ukraina gehi EBn ez dauden gainerako europar herrialdeek elkargune bat izan dezaten.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad