Kotxean gaude biok. Ni gidari, nire bost urteko neska txikia atzealdean, bere 'maxi-koxian' eserita. Ni erabat nekatua, gau luze baten ondorioz. Neskatoa eztulka ibili da, eta, ez dut bi ordu segidan lorik egin. Egundoko buruko mina daukat, eta, nahiago nuke isilik egon, baina berari ... ez zaio berdin gertatzen hain zuzen:

Publicidad

- Aita...zuk zer nahiago duzu, eguzkia al euria?

- Eguzkia maitia...

Galderak egiteko sasoian dago. Batzuetan benetako jakin-mina daukalako eta beste askotan, aspertzen delako isiltasunean.

- Eta zergatik?

Hori da gustukoen duen galdera. Eta hori da, hain zuzen, beldur gehien sorrarazten didana, lehenago edo beranduago nire ezjakintasunaren hormaren kontra jarriko nauelako.

- Eguzkia dagoenean den dena argitsuago dagoelako...eta jende gehiago ikusten da kalean, poz pozik...eta hondartzara joan ahal dugu...

- Euria txarra al da?

- Ez, maite, euria guztiz beharrezkoa da...besteak beste landareak eta barazkiak elikatzeko...

- Eta zergatik dago euria?

Beste horrenbestetan bezala, eskolan aspaldian ikasitakoak errepikatzen saiatuko naiz. Lelokeriaren bat erantzuteko tentazioa daukat -aingeruen txiza edo niri esaten zidaten antzeko astakeriaren bat-, baina...

- Ba beitu, ur-lurruna hodeietan biltzen da eta hodeiak potolo-potolo daudenean ba hustu egin behar dira...

Barneko ispilutik begirada botatzen diot. Pentsakor dagoela dirudi. Baina badakit ez dela konforme geratu. Ezinbestean jakin-mina eta isiltasuna betetzeko grina inposatuko dira.

Publicidad

- Eta zergatik biltzen da ura hodeietan?

- Maitia, benetan oso nekatuta nago eta zuk oso gaizki egin duzu lo... saia zaitez lo pixka bat egiten...

Hemezortzi urte pasa dira. Orain beste auto batean goaz biak. Nabaria da bera erabat nekatua dagoela, lagun artean gau luzea izan duelako. Orain musika entzuten goaz, berak eskatu duelako, eta nik, ordea, harekin hitz egiteko aukera aprobetxatu nahi nuke.

- Eta non igaro duzue horrenbeste ordu?

- Diskotekan.

- Eta zer egiten duzue bertan?

- Ba dantza...

- Horrenbeste ordu dantza egiten?

Nire burua gorroto dut gurasoek egiten zizkidaten galdera berak egiteagatik... Neska urduri jartzen ari da eta eserlekuan jarreraz aldatu da bere ezerosotasuna nabarmentzeko.

Publicidad

h Kantu hau oso gustuko dut, eta gustatuko litzaidake aditzea, inporta ez bazaizu.

- Baleeee.

Isilune luzetxoa pasa eta gero, buruan bueltaka darabilkidana botako diot:

- Bitxia da gero. Txikia zinenean askotan kontrakoa gertatzen zitzaigun. Nik ez nuen hitz egin nahi, nekatua nengoelako eta zuk ezin zenuen isilik egon. Orduak eta orduak egon zintezkeen galderak egiten jo eta ke... horrelakoa da bizitza...

- Ah bai? Eta zer motatako galderak egiten nizkizun?

- Uff...denak ziren 'zergatiak'... eta ni erantzuten saiatzen nintzen, baina beti zegoen azken galdera bat erantzunik ez zeukana...egunen batean haurrik baduzu, zertaz ari naizen konprenituko duzu...Txikitan gurasook zalantza guztiak argitzeko gai direla uste dugu..., baina ez da horrela, eta horrek amorrarazten gaitu...

Publicidad

Orain bere aurpegiaren keinua aldatu da. Orain errukia eta maitasuna bere begietan sumatu daitezke.

- Badakizu zer? -bota dit bat-batean- hori argumentu ederra izango litzateke egiten dituzun artikulu horietako baterako.

- Bai? Normalean nahiago dut oso gai pertsonalak ez erabiltzea.

- Zergatik?

- Jaungoikoa... berriro hasi zara!

Elkarrekin egin dugu barre. Eta horrek ez du preziorik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad