Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Aitorpenek badute parekotasunik biluztearekin. Eta askotan, gure-guretzat ditugunak partekatzea, beste norbaiten aurrera agertu eta barruko guztiak agerian jartzea, ez da ariketa samurra. Berdin zaio zertaz ari garen, kimika fisikoaz, sentimenduez edo norbere gorabehera ekonomikoez. Azken honi atxikitakoa da Errentari begirakoa, Ogasunari urtero zor zaiona. Kontuak egin eta horren ondoriozkoak kitatzea derrigorrezko jarduna da, birbanaketari esker ahalik eta gizarte bidezkoena eraikitze aldera.
Aldundiak horretara deitu ditu daborduko bizkaitarrak. Maiatzaren 2tik ekainaren 29ra bitartean, zergadunek iazko diru sarrera eta irteeren zenbatekoak zehaztu eta azken balantzea egin beharko dute, jaso edo ordaintzea dagokien argitzeko. Guztira, Bizkaian Errentaren 571.000 aitorpen dira egitekoak, eta Ondarearen 7.900. Lehenetan, %71 itzultzekoak izango dira, 395 milioi banatzekoak. Hala, bataz beste, 980 euro emango dizkie Ogasunak zerrenda horretako 403.000ei. Gainerako 168.000 aitorpenei ordaintzea egokituko zaie, bataz beste 1.965 euro, orotara 323 milioi batu arte. Kanpainarekin, beraz, jasoko dituenak baino 71,5 milioi euro gehiago jarri beharko ditu Aldundiak.
Ongizate sistemak herritarren gutxieneko beharrizanak bermatzea du helburu, aberastasuna banatuta ahalik eta gizarte oparoenean ahulenak babestea. Horretarako, jakina, erakundeei gardentasunetik eta baliabideen kudeaketa eraginkorrenetik ekitea dagokie, aldi berean zergapekoei arduratsu joka dezaten eskatu ahal izateko. Hori da urteroko kanpainetan nabarmendu nahi izaten dena, eskubide eta betebeharren arteko oreka horretan norbere burua egoki kokatzeko.
Hala, Errenta aitorpenaren ondoriozko biluztea ez da doako exhibizionismoa, gainerako herritarrekiko non gauden argitu eta Ogasunari emaitzaren arabera eskatu edo ematekoa baizik. Hiritartasunaren oinarrietakoa da, elkartasuna horren funtsezko osagaietakoa den neurrian. Eta horri uko egitea bizikidetza ahalbidetzen duten betebeharretako bati lepoa ematea da, hurkoa aintzat hartu ez eta besteen gainetik jarri nahi izatea. Ondorioz, iruzur ekonomikoaz gain, soziala ere bada. Iaz Ogasunak ezkutuko 477,5 milioi azaleratu zituen, guztion onerako baliatzekoak, erakunde jakin bati barik gizarte osoari iruzurtutakoak. Hori gogoan izanda egin behar da aitorpena.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.