Ainhize Belar, 'Iñi Ameriketan' eskalatzen. @Hyperaitz

Ainhize Belar, 'Iñi Ameriketan' bidea (9a+) kateatu duen lehen emakumea

Espainiako eskalatzaile emakume batek osatutako lehen 9a+ da, Josune Bereziartuk 2005ean Suitzako Saint Loup-en Bimbaluna (9a/+) amaitu ostean

Lunes, 9 de septiembre 2024

Ainhize Belarrek (Atxondo, Bizkaia, 2006) historia egin du, 'Iñi Ameriketan' bide historikoa (9a+) kateatu ostean. Kirolari bizkaitarrak aspaldiko ametsa bete du horrela, eta Iñigo Basterrak ekipatutako bide historikoa osatu du Baltzolako kobazuloan. Josune Bereziarturen ondoren, bigarren euskal eskalatzaile emakumea da 9a gradua gainditzen, eta lehena bide hau egiten. Kontuan izan behar da, gainera, orain arte bide hori eskalatu duten mutilak nortzuk diren... Izan ere, Basterrak ekipatu ostean, Rikar Otegik 2002an eskalatu zuen lehen aldiz; Patxi Usobiaga izan zen bigarrena, 2003an; Adam Ondra txekiarra hirugarrena, 2014an, eta Iban Larrion laugarrena, 2016an. Orain, azkenik, Belarren txanda heldu da.

Publicidad

Hamazortzi urteko eskalatzaileak hilabeteak zeramatzan bidea probatzen eta udaberrian hainbat saiakera egin zituen, nahiz eta ezin izan zuen bere helburua lortu. «Banekien proiektu hau ez zitzaidala gogorra egingo bere zailtasunagatik bakarrik, baizik eta bidea lehor eta baldintza apur batekin aurkitzea oso zaila izango zelako», esan du bere sare sozialetan. Baltzolan bertan beste pare bat bide gogor ere eskalatu zituen udaberrian: White zombie (8c) eta Ildonuska (8c/+), eta, nabarmendu duenaren arabera, «tematu eta hilabete hauetan bidea burutik ezin atera ibili ondoren, bidea itxi ahal izan dut oporretatik bueltan probatu dudan bigarren egunean». Orain arte, Belarrek Etxauriko Begi puntuan 9a zuen kateamendurik gogorrena, iazko maiatzean egina.

Aipatu bezala, orain arteko marka Bereziarturen esku zegoen, eta 2005ean Suitzako Saint Loup-en Bimbaluna 9a/+ kateatuta lortu zuen. Ordutik, gutxi dira 9a+raino iritsi diren emakumeak. Margo Hayes izan zen hurrengoa hori lortzen, La Ramblarekin, 2017ko otsailean, eta Anak Verhoeven, Julia Chanourdie, Laura Rogora, Nolwen Berthier, Chaehyun Seo eta Michaela Kiersch kirolariek jarraitu zioten. Ondoren, Verhoevenek, Chanourdiek, Rogorak eta Angy Eiterrek 9b-ko lerroak ere igo dituzte. Dena den, orain lortutakoari esker, Belar eskalatzaile talde berezi honetan sartu da, eta, auskalo, agian, etorkizunean pauso bat harago joatea bilatuko du.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad