Borrar
Euskaraldian parte hartzen ari diren bi emakume. Fernando Gómez
Aho-belarri

Aho-belarri

Sábado, 24 de noviembre 2018, 01:42

Euskararen biziberritze prozesuan denetariko ahaleginek laguntzen dute. Erakundeenek, noski, baliabideak ezinbesteko direlako. Baina, batik bat, herritar soilenek, horietako askoren batuketak ahalbidetuko diolako etorkizun oparoa hizkuntzari. Norbanakoen sare zabalaren borondateak ekarri du egungora, iraute hutsa gainditu eta inoizko sendoen egotera. Bai, elebitasun desorekatura, diglosia leunxeagora, ezagutzatik erabilerara oraindik alde handia egotera. Gabeziaz betetako errealitatera. Baina, aldi berean, duela hamarkada gutxi ametsetakoa besterik ez zen agertokira.

Erabilerarena erronka nagusia da gaur egun. Ez bakarra, ezagutzan badagoelako zertan eragin, nora zabaldu. Baina ia alperrik gabiltza ereiten gero uzta jasotzerik ez badago, ikasitakoa eguneroko bizimodura eraman ezean. Hori ez da bakarrik herritarren ardura: askok, saiatuta ere, ezin dutelako, horri begirako mugak nonahikoak direlako. Zerbitzu publiko asko trakets dabiltzalako, aurrez aurreko harreman naturalean barik halamoduzko itzulpegintzaren edo axolagabekeria gordinenaren mugetatik askatu ezinik. Eta arlo pribatuan dena da aldapan goragokoa, jakina.

Euskaraldia erabilera areagotzeko premia hori agerian jartzera etorri da, eta bere ekarpena egitera. Keinu hutsa baino askoz gehiago da, jendetzaren atxikimendu praktikoa ahalbidetzen duelako, hizkuntza-ohiturak astindu eta ohiko harremanetan bestelako dinamikak nahi dituelako, euskara lehenestekoak, normaltzekoak, ahoz ahokora eramatekoak. Ez da sinbolismoan geratzekoa, mugarri izatekoa baizik. Borondate kolektiboa agerian jarri eta erabileraren aldeko aldarria esaldi borobiletatik kale bazterretara bultzatzekoa.

Euskara ulertzen dutenak uste baino gehiago direla ikustaraztea eta erabilerara arteko jauzia horiek lagunduago egitea balio handiko helburuak dira. Hiztunen eta izan nahian dabiltzanen arteko lokarria sendotzeak sinergia biderkatzaileak dakartzalako, eraginkortasunez betetakoak, han-hemenkako gabeziak behingoz gainditzen hastekoak.

Eremu geografiko eta sozial jakinetatik askoz harago jalgi behar du euskarak, inoiz benetako elebitasuna gauzatzekotan. Abegikor eta gozo agertuta hautsiko ditu aurreiritziak eta ezintasunak. Egunerokoan baliatuta, ez apaingarri edo erlikia izanda.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Aho-belarri