Ahaltsua eta garaia

Jon Martin-Etxebeste

Martes, 29 de agosto 2023

Théodore Vermandois agurearen heriotzaren osteko jauregi baten esku-aldatzeak zenbait galdera azaleratu ditu, eta kazetari bat haritik tiraka hasiko da. Lapurdiko lurren espekulazio inmobiliariotik haratagoko interesa duen albistea osatuko du protagonistak orrialdeak pasatu ahala: naziekin lotura duen jabea, bortxaketak… Eñaut kazetariaren ikerketa su motelean egosi beharreko platera da; pixkanaka-pixkanaka, beste hainbat pertsonaiaren laguntzaz, argitaratuko du Bichta éder izendatu duten proiektuak argi baino itzal gehiago duela. Kazetariaren ikerketa prozesua eleberri beltzetako detektibearenarekin pareka daiteke hein batean, eta epilogoko hari guztien joskerak ere aire bera ematen dio.

Publicidad

  • 'Bichta éder' Eneko Bidegain. Elkar. 428 or. 24 euro

Oroz gainetik, Lapurdiko soziologiaren erretratu zorrotza da Bidegainena. Errefuxiatuen seme-alaben apolitizazioa, laborarien kezka eta duintasuna, guztia monetizatu daitekeela uste duten enpresariak, euskaldun eta frantziar nazio ikuskeren arteko igurtzia, ostatuetako giroa eta polizien presentzia, gerra zikinaren ondorioak… Hainbeste izen agertzen diren eleberria jarraitzea errazteko pertsonaien aurkezpen estereotipatuak eta kazetari trebatuaren idazkera freskoa hautatu ditu idazleak. Interesgarria da Twitterrek eleberrian daukan zama eta pertsonaien egoan daukan eragina. Bestalde, protagonistaren ibilerek euskal hedabidetako miseriak eta balentriak barrutik ezagutzeko aukera ere eskaintzen dute. Azpimarratzekoa da militantziaren deskribapena ere: eztabaidak, hausturak, paktuak… eta generoak eragindako kontraesanak nola azaleratzen diren. Nafarroako erresumako gazteluetatik hasi, II. Mundu Gerra gurutzatu eta gaur egungo egoeraren berri ematen duen thriller politiko indartsua da. Luxuzko paisaia paisaia esklusibo bihurtzearen arriskuari buruzko liburua; ondarea, golf pista eder.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad