![Agur, Jesusen ama](https://s1.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/2024/08/04/jesusen-ama-keTD-U220878156835V3B-1200x1070@El%20Correo.jpg)
![Agur, Jesusen ama](https://s1.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/2024/08/04/jesusen-ama-keTD-U220878156835V3B-1200x1070@El%20Correo.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Egia esan, ez da sekula puntuala izan, ez nirekin gelditzen zenean behintzat. Azken boladan, behin baino gehiagotan galdetu izan diot zer egiten ari zen etxetik atera aurreko azken hamar minututan. Erantzun lausoak eman izan dizkit, halakoarekin egin duela topo kalean hitzordura heldu aurretik, autobusa berandu heldu dela, oinetako berriek min ematen diotela orpoetan, ileapaindegikoek ez dutela behar zutenean artatu…
Ni ez naiz inora, inorekin, berandu heltzeko gauza, pentsatzen dut ez direla nire zain egongo. Ez da besteekiko errespetu kontu soila, beldurra da, itxarongo ez nautela pentsatzen dut, alde egingo dutela. Azken urteotan denetik esan diot nirekiko hitzordura berandu heldu den bakoitzean, errespetu falta dela berandu heltzea, horrek adierazten duela bere denbora urrezkoa dela eta nirea latorrizkoa. Azken txandan esan nion aukera zezala berak ordua, edozein ordu eta ni egokitu nintzaiola, baina ez nintzela zain egongo.
Ez ditut atzerapenak onartzen, horretara ohitu behar izan badut ere. Gure aita zenak uste zuen euskaldunok berezkoa dugula puntualtasuna. Ez dakit nola izango zen aitaren garaietan baina, handik mende erdira nire esperientzia kontrakoa da. Euskaldunok espainolak bezain berandu heltzen gara hitzorduetara eta haiek bezain garrasika egiten dugu hitz. Eskerrak aita hori egiaztatu aurretik hil zela.
Hamar minutuko atzerapena zeramanean harritu egin nintzen eta ordu erdia hurbil zegoenean deitu egin nion. Ez zuen erantzun. Orduan egin nuen alde, haserre. Neure buruarekin lehenbizi, berarekin ondoren. Pentsatu nuen aspaldiko adiskidea zela, bai, are gehiago, dudan lagunik zaharrena, haurtzaroarekin gorde dudan harreman bakarra, baina horrek ez ziola berandu heltzeko baimena ematen.
Gauean deitu nion, etxeko telefonora. Ez zuen hasieratik nire ahotsa ezagutu, nor nintzen esan behar izan nion. Aspaldiko, esan zuen segundo gutxiren buruan. Kosta egin zitzaidan gertatutakoa ulertzen. Esan zidan kai muturreraino joan zela arratsaldean eta nekatu xamarra zegoela. Gure hitzordua aipatu nionean esan zidan ez genuela eguna eta ordua finkatu, airean gelditu zela hori. Eta berehala hasi zen kaian aurkitutako pertsonei buruz hitz egiten eta handik eguraldiaz. Ez zuen berriz gera ginatekeenik aipatu eta horrek asaldatu ninduen. Bera izan baita beti nirekin gelditu nahi izan duena eta nik, ez dakit ondo zergatik, baietz esan izan diot.
Ezertan gelditu gabe eten genuen elkarrizketa. Aste batzuetan ez genuen elkarren berri izan baina, edozergatik bera burura zetorkidan bakoitzean ezinegonaren antzeko zerbaitek hartzen ninduen. Bihozkada bat. Oso tarteka gertatu zen hori, ordea, ez zegoelako nire orduko bizimoduan uztartua. Erabaki nuen bere deiaren zain egongo nintzela.
Uda hasierako arratsalde lainotsu epel batean egin genuen topo, kirol kaian. Bakarrik zihoan eta hurbildu nintzaion. Iruditu zitzaidan ozenki ari zela hizketan, baina ez zuen inor aldamenean. Pax, Pax, esan nion besotik heltzen nuen bitartean. Beste mundu batetik baletor bezala begiratu ninduen, aurpegia harriduran blai. Nor nintzen esan behar izan nion eta halere, igarri nuen kosta egin zitzaiola nor nintzen kokatzea. Izen-abizenak esan behar izan nizkion, baina segundo batzuk pasa ziren egoeraz jabetu zen arte.
Atximur bat sentitu nuen bihotzean. Besotik heldu eta etxeraino lagundu beharko nukeela pentsatu nuen, baina ez zidan aukera hori eman. Agurrik gabe egin zuen alde, hasieran ezagutu ez nuen kantu bat ahopeka kantatuz. Luzaroan gelditu nintzen topo egin genuen lekuan iltzatua, begiak nigandik aldentzen ari zen bizkarrean.
Oraindik begi bistan nuen adiskidea hitzik gabe kantatzen ari zena ezagutu nuenean: 'Agur, Jesusen ama' zen eta doinuarekin batera etorri zitzaizkidan hitzak eta gure eskolako moja bat hil zenean parrokian kantatu genuen meza hura, «baina zugandik alde, bihotzak ezin du». Orain ile zuri motza zeramanak ile beltza txirikordaturik zeraman. Bakarlaria izaten zen eskolako koruan eta eskola utzi ondoren ere bakarlari izaten zen herrikoan. «Zuregana dijoa, zugan bizi nahi du».
Etxera itzuli nintzen, presaka eta bidean erabaki nuen bere alabari deituko niola. Aspaldiko agendaren batean izan behar nuen alabaren telefonoa, gure semearen irakaslea izan zen garaikoa. Kutxatan ditut iraganeko kontu guztiak, etxe berrira etorri nintzenetik ireki ez ditudan kutxatan. Ez dakit alferkeria den edo beldurra, baina gauza da ez dudala iraganean miatzen jardutea gustuko.
Aurkitu nuen, azkenean, bilatzen nuen agenda. Ez nuen, ordea, berehala deitu. Handik egun gutxitara bildu nuen adorea eta egin nuen deia. Izen-abizenak esan nizkion hasieratik, baita ere gure harremana kokatzen lagundu behar zuten xehetasunak, noren ama nintzen, nola nintzen bere amaren txikitako laguna. Deia nondik zetorren ulertu zuenean galdetu zidan zer nahi nuen, zertara zetorren deia.
Kontatu nion amarekin udaberrian izan nuen hitzorduan gertatutakoa eta, xehetasun handiagoz, kaian topo egin genuenekoa. Esan nion iruditzen zitzaidala amari zerbait gertatzen ari zitzaiola. Isilune luzea izan zen erantzuna. Ondoren, esan zidan, modu zakarrean, ez ote nuen aski neure bizitzarekin, zertan nenbilen besteen kontuetan sartzen. Eta ama ondo zegoela, primeran eta eskegi egin zuen telefonoa.
Entzungailuari begira gelditu nintzen segundo batzuetan, harrituta. Lotsa sentitu nuen ondoren eta, nola-hala pentsatu nuen nire aspaldiko adiskidearen alabak zuela arrazoia, niri ez zegokidala beste inoren bizitzan sartzea. Ahalegindu nintzen gertatutakoa nire gogotik baztertzen, baina alferrik. Kalera irteten nintzen bakoitzean zetorkidan adiskidearen kontua, zer esanik ez kaiaren ingurura paseoan abiatzen nintzen bakoitzean.
Txikitatik ezagutu izan dut burua galtzea zer den. Horrela hil zen gure amona, nor zen ere ez zekiela. Grazia egiten zigun haurroi, sekulako disparateak botatzen zituelako, baina nabaritzen genuen gure gurasoei ez zitzaiela kontua batere irrigarria iruditzen.
Handik gutxira jakin nuen nire adiskidea zahar etxean zegoela eta ez nintzen bisita egitera ausartu, agian alabarekin topo egingo nuelakoan. Iruditu zitzaidan balak gero eta hurbilago zetozkidala, balen txistua gero eta garbiagoa zela. Aita ekartzen zidan gogora metaforak. Kontatu zidan ni oraindik gaztetxoa nintzela, gerran, bala baten txistua entzuterakoan, makurtu egiten zela eta berak baino eskarmentu handiago zuen norbaitek esan ziola alferrikako keinua zela hori. Hilko zaituen balak, esan omen zion, ez du txisturik egingo.
Halako batean neure burua zahar etxera joatera behartu nuen. Sarreran galdetu nuen nire adiskideaz eta bertan zegoen arduradunak egongela batera bideratu ninduen. Han zegoen nire adiskidea, bista aldamenean zuen leihoan. Arratsalde on, esan nion eta irribarre gozo bat izan zen erantzuna.
Ez dakit nor zaren, esan zuen ahopeka. Dakidana da, gehitu zuen segidan, ezagutzen zaitudala eta estimatzen zaitudala. Eta eskuak luzatu zizkidan. Gogoeta egin gabe eskuei heldu eta hasi nintzen kaian topo egin genuen egun hartan berak kantatzen zuen doinua errepikatzen. Hitzekin, ez doinua bakarrik. Eta adiskidea berehala batu zitzaidan. Etenik gabe kantatu genuen, hitzekin estropezu egin gabe. Bukaerara heldu ginenean, «Agur ama nirea, agur, agur, agur», malko lodiak atera zitzaizkion masailetan behera. Ez dut esango negar egin zuenik, inolako larridurarik gabe isuri baitzituen malkoak, begietan iturri bat zabaldu izan balu bezala.
Berriz, esan zuen hitzak agindu baten doinua zuela, aurpegian behera zetozen malkoak eten gabe. Berriz. Eta hor ekin genion kantari bigarren aldiz: «Agur, Jesusen ama, birjina maitea». Ozenki abestu genuen eta inguruko batzuk ere batu ziren kantura. Begiak itxi nituen eta orduan etorri zitzaidan gogora nola egin genuen gauza bera, aspaldian, gure amaren hiletan. Orduko erretorea erdalduna zen eta erdaraz jardun zuen hasieratik bukaerara. Isilune bat baliatuz hasi zen Pax, justu nire atzetik, 'Agur, Jesusen ama' kantatzen. Berehala batu nintzaion eta gurekin batera eliza osoa. Gazteak ginen orduan, ezkongabeak eta gazteak. Beti eskertu izan diot Paxi keinu hura.
Begiak zabaldu nituenean ez nituen bi gazte ikusi. Bi zahar ginen, egoitza triste batean kantari.
Kazetari idatzizko hedabideetan nahiz ikus-entzunezkoetan. Idazle gisa, kontakizungintzan kokatzen dira bere lanik ezagunenak; duela berrogeita bost urte argitaratu zuen 'Zergatik, Panpox'ekin hasi zen, eta 2019an eta 2023an Euskadi Literatura Saria jaso zuen 'Bidean ikasia' eta 'Azken Etxea' lanengatik.
Publicidad
Jon Garay y Gonzalo de las Heras
Julio Arrieta y Gonzalo de las Heras
Equipo de Pantallas, Oskar Belategui, Borja Crespo, Rosa Palo, Iker Cortés | Madrid, Boquerini, Carlos G. Fernández, Mikel Labastida y Leticia Aróstegui
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.