Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Banoa lagunok. Atzo bertan heldu nintzela badirudi ere, nire bizitzaren azken txanpan nago jada. Nire aurreko urte guztiei gertatu zaien legez, niri ere agur esateko ordua ailegatu zait. Zuek denok jakingo duzue zer-nolako urtea izan naizen zuentzat. Gizaki bakoitzak bere gorabeherak ditu. Zuretzat biziko aldirik onena izan dena, beste batentzat hondamen hutsa izan daiteke. Urteak onak edo txarrak gara, nork epaitzen dituen arabera. Batzuentzat nirekin lotutako oroitzapenak ezin hobeak izango dira, beste batzuk nahiago izango dute nitaz lehenbailehen ahaztu. Zer egingo diogu.
Historiak esango du osatzen dudan zenbakiak norainoko garrantzia izango duen. Nik, dagoeneko, ezer gutxi egin dezaket hori aldatzearren.
Hamaika ikusteko jaioak garela dio herri atsotitzak eta denetarik ikusi dut nik, bai. Gerrak ikusi ditut, nola ez, Sirian eta Yemenen, besteak beste, baina zoritxarrez, horren luzeak izanik, gutxitan agertu dira lerro-buruetan. Ikusi dut sua ehunka barrikadetan: Katalunian, Hong-Kongen, Txilen, Bolivian, Iraken, Iranen, Frantzian... leku bakoitzean arrazoi ezberdin batengatik, nahiz, leku guztietan, askatasuna eta justizia helburu izan.
Tamalez nitaz berba egiten denean gehiegitan agertzen da honako hitz hau: mehatxua. Eta ezin dut ukatu. Itzalak agertzen dira nonahi: Beste ekonomia-krisi bat datorrela aurrekoak txiki utziko dituena; Britainia Handiko brexitaren ondorio ezezagunak; gure planetaren berotzeak ekarri duen klima-larrialdia; eskuin-muturreko alderdien igoera mendebaldeko demokrazietan. Bi hauteskunde orokor bizi ondoren, Espainia ere sartu da zerrendan, gerra eta miseria gorritik ihes egiten dutenen gorpuak itsasoan galtzen diren bitartean. Beldur naiz ez ote nauten honengatik, hain zuzen ere, aipatuko etorkizunean.
Baina itxaropenerako arrazoiak utzi ditut, baita ere. Berdintasunaren aldeko borrokan garrantzizko datak izan dira hauek. Ikusi ditut emakumeak berriro sutan euren eskubideak aldarrikatzen kalean, batzuetan guda-dantzak sortzen ere. Mee-Too eta antzeko kanpainak direla medio hainbat bortxakeria eta abusu salatu dira eta justiziaren joera askoz argiagoa izan da zigortzeko orduan. Oso urte txarra izan naiz bortxatzaileentzat eta abusatzaileentzat.
Amaitzear dagoen tarte honetan milaka gazte ikusi dut kaleak betetzen hainbat herrialdetan. Gogoratuko naute, badakit, Donald Trump, Nicolas Maduro, Jair Bonsonaro edota Vladimir Putin izenei lotuta, baina baita ere Greta Thunberg edo Rosalia izenei lotuta ere. Bi arlo erabat ezberdinetan izan dira nagusi hauek, baina aro berri baten ikurrak izango direlakoan nago. Gretak mundu osoko gazte askoren laguntza lortu du, euren etorkizuna baldintzatuko duen arazo bati aurre egiteko, eta Rosaliak arrakasta aparta lortu du berak diseinatutako ibilbide pertsonal bat martxan jarriz.
Euskal hiritarrentzat ez naiz horren urte txarra izan, ahaztu nahi ditugun beste batzuekin konparatuz behintzat. Jakin izan dugu ustelkeria gure arazoa ere badela, posible dela Elkarrekin-Podemos eta EAJren arteko akordio bat sinatzea aurrekontuak adosteko, eta bai zineman, bai literaturan eta bai musikan, herri txikia izanik zarata sortzeko modukoa badela ere.
Banoa lagunok. Denbora pasa ahala nire oroitzapenak galduko dira malkoak euritan bezala. Urte berri on.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.