Azken artikuluan Europari buruzko hausnarketa egin genuen. Bertan aipatzen zen, Ulrich Beck soziologoaren iritziz, Europa ez dela soilik egitura politiko bat edo hitzarmen ekonomiko bat. Becken ustez Europa, batasun politiko bat izateaz gain, ideia filosofiko bat ere bada. Ideia filosofiko horrek berezko indarra izan beharko luke, nahiz eta azkenaldian errealitate politikoa eta egoera ekonomikoa ahulduta azaldu diren.
Publicidad
Jan Patocka filosofoak, bestalde, Europaren zentzu filosofikoa azaldu zigun, zalantzatzeko keinua identitate demokratiko baten euskarria dela alegia, totalitarismoak herdoiltzeko gai dena. Europar ideia positibo honek badu itzal nagusi bat. Kolonialismoarena izan da Europar identitateak historian zehar izan duen orban nagusietako bat. Pentsa daiteke kolonialismoa errealitate historiko bat dela, aipatu ideia filosofikoarekin zerikusirik ez duena. Baina horrela pentsatzea kontsolamendu arinegia da. Kolonialismoak baditu europar pentsamenduarekin lotura zuzenik, batez ere Modernitatearen garapenarekin. Esate baterako, Descartesek 'Metodoaren diskurtsoa'ren seigarren atalean adierazten du zein den bere proiektuaren helburua, eta zalantzarik gabe adierazten du lurreko fruituez erabateko jabetza izatea dela.
Historian zehar bokazio hori modernitateak eraiki zuen zibilizazioan proiektatu zen. Europar nazioek menderatu zituzten herrialdeetan ondasun guztien jabetza eskuratu zuten. Aberastasun material ederrak zeuden eskuragarri baina baita espiritualak ere, bereziki sexualak, emakumezkoak eta beren gorputz distiratsuak. Errealitate hori da Achille Mbembe (Kamerun, 1957) filosofoaren abiapuntua. Mbembek afrikar pentsamendua punta-puntako maila intelektualera eraman du. Bere liburu bakoitza gertakari bilakatzen da, eta esan daiteke Mbemberen liburuek oparotasunez hornitzen dutela mendebaldeko pentsamenduan azken urteetan nabarmentzen den nolabaiteko anemia edo indar falta.
Ikuspegi historiko batetik, Mbemberen pentsamenduak Frantz Fanon psikiatra eta Aimé Césaire filosofoa ditu aitzindari, baina bere garapenak aski originalak direla azpimarratu daiteke.
2022an, Mbembek 'Brutalisme' (Basakeria) liburua argitaratu du. Izena arkitekturatik hartzen duela dio autoreak. Mbemberentzat arkitekturak eta akzio politikoak elkarrekiko harremana baitute: biak saiatzen dira materialak eta gorputzak ordenatzen, lurralde bat antolatzen, elementuak eraldatzen. Basakeria hitza erabiltzen duenean Mbembek adierazi nahi du eraispenaren eta iluntasunaren garaian bizi garela. Mbembek uste du garai hori deskribatzen duen hitz egokiena errekuntza dela. Pentsamendu honen arabera, munduan diren elementu guztiak, giza gorputzak barne, erregai bilakatzen dira indarrean dagoen sistemarentzat.
Mbemberentzat basakeria zibilizazio honen zeinua da, botere gordinaren erabilerak ez baitu mugarik aurkitzen. Indarrez eraldatutako mundu horrek ez du kanpoalderik, eta ez dago bere esparrutik ihes egiteko aukerarik. Mundu hori kontradikzioz beterik dago: etengabe mugimenduan eta aldi berean erabat geratuta, ez baitago arrazionalaren patina duen kaiola horretatik ihes egiteko aukerarik.
Publicidad
Mbemberen teoria honek fatalismoa deituriko teoria garatu duten autoreekin du auzotasuna. Horien artean Jean Baudrillard eta Paul Virilio aipa daitezke. Hauen guztien pentsamenduaren ezaugarrietako bat da mundua hetsita ikusten dutela, ideia alternatibo guztiak sistemak berak aldez aurretik metabolizatu eta integratzen dituelako. Teoria hauek duten bertute nagusia da arrazionaltasun mota ezberdinek dituzten arriskuak erakusten dituztela. Haatik, aintzat hartzen ez dutena da gizakizko gauza guztiak akasdunak izateko berezko joera dutela. Arrazionaltasun teknologiko aurreratuenek ere huts egiten dute maiz. Inteligentzia eta boterea ez dira gizakiaren ezaugarri bakarrak, ergelkeria eta autokonplazentzia ere badira. Beraz, zaila da gizakizko sistema bat erabat hestea. Zoriak eta hutsegiteak berrikuntza dakartzate edozein gizartezko sistematan, sarritan nahitaez. Hori horrela dela argi erakutsi du pandemiak.
Mbemberen gogoetaren ezaugarri nagusietako bat da erotismoari ematen dion garrantzia. Erotismoa eta boterearen erabilera elkarrekin azaltzen dira beretzat. Baina boterearen eta erotismoaren arteko harreman horrek ez du forma bakar bat. Mendebaldeko boterearen erotika gizonezkoaren logikak arautzen omen du, non agintea duenak aitaren leku sinbolikoa betetzen saiatzen den, bere alabarekiko duen desioa burutze aldera. Mbembek dio botere garaikideak izaera teopornografikoa duela, gordinik azaltzen delako. Afrikako kulturetan ordea, erotismoak ez omen du forma bakar bat. Horrela gertatzen da erotismoa une oro istorioei erantsita azaltzen delako.
Publicidad
Afrikan ez omen dago sexualitate arautzaile bakar bat, baizik eta istorioek eraikitako forma erotiko anitzak azaltzen dira. Horregatik, mendebaldean sexualitateak pornografiaren bidea jarraitzen duenean gero eta gauza-izaera handiagoa hartzen du. Alderantziz, Afrikar sexualitatearen aniztasunak munduari forma dardarkaria ematen dio. Beraz, gauza-izaera eta dardarkaria dira sexualitatearen bi modu kontrajarriak, bakoitza gizarte-ordena bati erantsita azaltzen direnak.
Azken urteotan Mbembek gizarte antolatuari buruzko teoria kritiko bat eraiki du. Komunismoaren erorketaren ondoren gizartearen teoria kritikoak zailtasunak izan ditu ikuspegi sendo bat eraikitzeko. Esan daiteke Mbemberen gizartearen teoria kritikoa sendoenetakoa dela, bi muturreko akatsak ekiditen dituelako: abstrakzioarena eta naturalismoarena. Azken liburuan, Mbembek adierazten du egungo gizartean estrategia jakin bat dagoela jokoan, gorputzen naturalizazioarena. Adierazpen horrekin esan nahi du gorputzak erakundezko gizartearen eremutik atera eta naturaren legeen mendean kokatzen direla. Basoaren logikak eskubideen logika baztertzen du. Hori dela eta, basakeria da Mebemberen ustez, egungo dinamika globalaren ezaugarri nagusia.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Te puede interesar
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.