Kataluniako auziaren irtenbide bakarra elkarrizketa da. Tentsioak eta lekuz kanpoko adierazpenek zein erabaki politikoen judizializazioak goia jotzen dutenean zaila da aurrez aurre jartzea eta zerbaitetan amore emateko prest egotea. Baina ez dago beste aukerarik. Alde bietako eragileak hain urrun daudenean, bateko eta besteko muturrekoenek —ala arduragabeenek— hitz potoloak baliatzen dituzte berba egin guran dabilena zigortzeko, lotsagarri uzteko. Presio hori gainditzea ez da erraza. Ausardia eta kemen politikoa behar dira aurkariarekin giro jakin bat ahalbidetzeko, arazoaren muinari heldu eta ekimen positibozko dinamika bati ekiteko. Honi begirakoa eman lezake Sánchez eta Torra presidenteek abenduaren 20an izandako bilerak, euren gobernuetako bina kidek izan zutenarekin batera. Baina oraindik goiz da jakiteko hala den edo estrategia hutsezko mugimenduetan ari diren.
Publicidad
Andaluziako hauteskundeetako emaitzek gogor astindu zuten Alderdi Sozialista. Zenbait buruzagik, berez jakobinoenak direnek, Kataluniarekiko Gobernuaren jarrerari egotzi zioten estrainekoz Junta galtzea eta euren interesen alde baliatu dute geroztik han jazotakoa. Independentisten beharrean egote hori ezin kaltegarriagoa zela ohartarazi zioten beste behin Sánchez presidenteari; eta honek ere noraezean eman du zenbait astetan, hauteskunde orokorrak azkar deitzekotan. Torrak Esloveniako bidea aipatzearekin batera Konstituzioaren 155. artikulua berriz ezartzeko mehatxuarekin erantzun diote zenbait ordezkari sozialistak, tentsioa gorenera eramanda.
Zubi guztiek hautsita ziruditenean etorri da barealdi antzekoa, duela urtebete Mariano Rajoyk deitutako hauteskunde autonomikoen egun berean Bartzelonan Ministroen Kontseilua egiteko asmoak alderdi independentisten kritika gogorrak ekarri dituenean. Azken xehetasunera arte negoziatu behar izan da argazkia posible egiteko. Dena den, alde biak biltzea berez da aurrerapausoa. Estatuko aurrekontuak onartzera begirakoa izan liteke Sánchezen keinua, baina arriskatzen duena kontuan hartuta askoz haragokoa behar luke. Bere biziraupen politikoa dagoelako jokoan, inkestek diotenez eskuineko hiru alderdien batuketak hurrengo bozetan gehiengo osoa lor lezakeelako. Eta, hain justu, mamu hori izan daiteke konponbiderako bermerik onena, Espainiako Gobernua zein Kataluniako alderdi independentistak berandu baino lehen negoziatzera eramango dituena.
Azken egunotakoak zentzua izatekotan, aurrekontuak onartzen saiatzea askoz asmo anbiziotsuagoaren lehen atala besterik ez litzateke. Horrek Sánchezi legealdia amaitzeko aukera emango liokeelako eta tarte horretan gerturatze-prozesu bati ekiterik balegokeelako. Prozesuko presoen epaiketaren ostekoa izan liteke exekutibo sozialistak egungo autonomia estatutuan sakontzeko egin lezakeen proposamen politikoa, Kataluniari Estatuan bestelako mihiztadura eskaintzekoa. Ikusteke dago, baina, agertoki hau ahalbidetzeko beste adore dagoen, hainbat eragilek euren ondare politiko guztia jarriko beharko bailukete horren alde. Maiatzaren 26ko hauteskundeek ez dute askorik lagunduko, eta Alderdi Sozialistaren barruko kontraesanak jasanezin bihur litezke.
PDeCAT eta ERCrentzat egoera ez da samurragoa izango. Bi aukera dituzte: Sánchezekin akordioren bat lortzen saiatu eta independentismoaren sektore muturrekoenei halakoren batean politikoki aurre egitea da bat; hauteskunde orokorrak aurreratzen lagundu, eskuineko balizko Gobernu batek eperik gabe ezarritako 155. artikulua jasan eta euste hutsean luzarora begirako estrategia lantzea da bestea. Errepublikarrek esana dute uko egiten diotela alde bakarreko ekimenari, eta elkarrizketa lehenesten dutela. PDeCATek, aldiz, dezenteko barne arazoak ditu, Puigdemonten sektore irmoenaren eta beste zenbaitzuren posibilismoaren artekoak. Presidente ohiak erbestetik Crida bihurtu gura du independentismoaren ardatz, nahiz eta ez duen ematen lortuko duenik.
Publicidad
Errepublika lortzea eskura zegoela esan denean eta gizarteko hainbat sektorek apustu hori iazko urriaren 1eko moduko egoera konprometituetan babestu dutenean zaila da atzera egitea. Batik bat Katalunian bezala alderdiak barik horretan gehien eragin dutenak mugimendu sozialak izan direnean. Baina errealitateari erreparatu behar zaio berez gero eta sutsuago elikatzen den egoerak zer ekar dezakeen neurtu eta garaiz irtenbide negoziatuak bilatzeko. Horrek hausturak sor litzake independentismoan, jakina; eta ekarriko ditu ziurrenik. Kostu pertsonala handiegia denean beti dagoelako erdibidekoak barik zirt edo zartekoak nahiago dituena. Horregatik, Oriol Junquerasena bezalako jarrerak oso lagungarri izan daitezke hitzartutako konpromiso errealistei babesa emateko.
Bi arlotan saiatu beharko lirateke alderdi independentista nagusiak, epe ezberdinetan. Batetik, berehalakoenari begira, estatutuaren erreforma baten eskutik ahalik eta aitortza nazionalik zabalena eta eskuduntza mailarik handiena lortzen. Ez dagoelako independentziarako indar nahikorik Kataluniako gizartean eta, ikusi denez gero, nazioarteak ez diolako horrelako aldarrikapen bati babesik emango. Traiziotzat joko du sektore batek esparru horretan negoziatzea, baina hori beti gertatzen da antzeko konpromiso handiak hitzartzerakoan. Errealitatea zuri ala beltz ikusten dutenen aurrean politikak auzirik potoloenak leuntzeko eta gizarte osoari begirako irtenbideak ahalbidetzeko balio behar du.
Publicidad
Hortik aurrera, luzarorago begira, erabaki eskubidearen inguruan Katalunian dagoen gehiengo zabal eta zeharkakoa aktibatzea posible izan liteke. Bertan adostutako berme-mekanismoen araberako konpromisoa Estatuari eskaintzeko, eta horren alde jarduteko. Azken finean, Eskoziako bidera inoiz jotzen saiatzeko. Gaur posible ez dena egunen batean izan daitekeelako. Kataluniako auziak, orain dagoen eran, eskuineko indarrei baino ez dielako mesede egiten eta horrek eztabaida politikoa zeharo baldintzatzen duelako, mugak estututa, agendako gaiak euren komenientziara egokituta. Gurpil-zoroa da abian dagoena. Letra larrizko politikak baino ez du lortuko egungo krisi latza gainditzea. Horretarako mailarik badute, hauxe da alde bietako liderren ordua.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.