Aizkolari bat, Gasteizen. Iosu Onandia

2020ko Euskadiko Aizkora Txapelketa guztiak bertan behera geratu dira

Ander Retolaza

Miércoles, 1 de julio 2020, 20:33

Kirol gutxituek koronabirusaren krisia ere nabarmen jasan dute, galera ekonomiko zein kultural esanguratsuak pairatuz. Horietatik azkena: aizkora. Euskadiko Herri Kirol Federazioaren Zuzendari Batzordeak igarotako ekainak 25ean aho batez adostu zuen 2020ko lehen, bigarren eta hirugarren mailetako Euskadiko Aizkora Txapelketak bertan behera uztea. Osasun arrazoiak eta ekonomikoak nagusitu dira erabakia hartzerako orduan.

Publicidad

Euskadiko Herri Kirol Federazioak argitu duenez, hiru dira deuseztatzearen arrazoi nagusiak, baina pisutsuena Covid-19aren pandemiak eragindako osasun egoeraren ziurtasun-gabezia izan da, gaixotasunak bilakaera kontrolaezina izan dezakeela argudiatuta. Gainontzeko biak hirugarrenen menpekoak dira; batetik, udalena. Aizkora Txapelketen topagune ezberdinek hartutako erabakiak errespetatzea izan dute abiapuntu eta jaiak bertan behera uztearen erabakiaren ildo beretik jo du arrazoiak. Bestetik, ziurgabetasun ekonomikoa. Kanpoko diru-laguntzarik gabe (bai udaletatik zein beste batzuetatik ere) ezta gutxieneko sarreren salmenten diru irabaziekin ere, ezin dute bermatu gutxieneko etekinik eta beraz, galerak saihetsi nahi dituzte.

Zailtasun horiek guztiak aho bateko erabakia hartzera bide eman dio Euskadiko Herri Kirol Federazioari, baita kategorien arteko igoeren eta jaitsieren artean sortuko liratekeen desorekek ere. Honetaz gain, kontratatutako egurraren jasan ezinezko kalte ekonomikoak berebiziko garrantzia izan du erabakia hartzean.

Aizkora, aldaketei so

Kalte ekonomikoak argiak izan arren, kulturan ere hutsuneak eragingo ditu erabakiak. Txapelketak aurrera eramaten diren udaletan ekitaldi nagusienetarikoak izanen dira Herri Kirol txapelketak eta zale ugariren elkargunea bihurtu ohi dira. Gainera, pandemia baino lehen gazte ugarik plaza betetzeko ohitura hartzen zebiltzaten, Herri Kirolen modalitate ezberdinek garrantzia lortzen ari direnaren seinale. Gazteen artean, hain zuzen ere, Iker Vicente aizkolari Otsagabiarrak berebiziko ospea lortu du azken urteotan.

Euskadiko eta Nafarroako 5 bider txapeldunak eta Australiako mundialean txapeldunordeak 2020ko pandemia osteko aizkora ikuskizun posible bakarra eman zuen igarotako ekainaren 14ean. 1995eko Donato Larretxearen marka hobetu zuen 56 ontzako 14 kanaerdiko 26 minutu eta 46 segundotan bereganatuz. Larretxeak baino 31 segundo gutxiago behar izan zituen betebeharra gainditzeko (27 minutu eta 17 segundo) eta 200 pertsona inguru batu zituen Nafarroa Arenan, Vicenteren hurbilekoak denak.

Publicidad

Borondatezko ekitaldia ere izan zen hura, lortutako irabaziak Nafarroako Unibertsitateak jaso zituelako Covid-19aren aurkako borrokan, '#Cortaelvirus #Birusamoztu' lelopean. Dena den, egungo egoerara egokitzeko aldaketak egitera behartuta dago aizkoraren mundua, beste hainbat kirol eta sektoreen antzera. Otsagabiarra normaltasun berrian gauzatu daitekeen ikuskizuna burutzen lehena izan da eta pandemia osteko urteek antzeko aldaketa gehiago ekarri dezakete aizkoran.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad