Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Iaz artikulu honen lehen aldia idatzi nuen. Gogora ekarri nuen Ainara Gorostitzuk 2003ko Santiago egunean, uztailaren 25ean eta 'Berria' egunkarian, argitaratu zuen artikulu bat non euskal idazleen uzta oparo bat aldarrikatu zuen. Horretarako, lau urtean, 1961etik 1964ra, jaiotako idazleak hartu zituen hizpide.
Artikuluak, izenetik hasita, '63ko Uzta Oparoa', 1963an jaiotako idazleak hartu zituen nagusi, nahiz eta muga pixka bat zabaldu. Eta horrela idatzi genuen iaz 1962ko idazleei buruzko artikulua.
Promesa batekin bukatu nuen artikulu hura: «1962an jaiotako idazleek 60 urte bete edo beteko dituzte aurten. Dena dela, kazetariak bere begirada 1963an jaiotakoengan jarri zuen. Datorren urtean izango dugu zer esanik… berriro ere». Heldu da horretarako unea.
Iazko aipamenean Ainara Gorostitzuk aipaturikoak baino ez nituen kontuan izan. Laster hartu zidaten kargua. Eta hurrengo egunetan telefonoz (edo Whatsappez, jada ez dut gogoan) helarazi zidaten zenbait idazle falta zirela: Miren Agur Meabe, batez ere. Iñigo Aranbarri ere aipatu zidaten, baina hor deia egin zidana zebilen oker, 1963koa baita azkoitiarra.
Aurton horrelakorik ez gerta-tzeko, Ainara Gorostitzuren zerrenda hartu dut kontuan, eta Zubitegi maiteak ere laguntza eskaini dit bere bilatzaile aurreratuaren bidez.
Ainara Gorostitzuren esanetan, 63an jaiotakoak 18 idazle aipagarri dira. Haien artean daude, besteak beste: Aitor Arana, Iñigo Aranbarri, Pako Aristi, Jon Arretxe, Yolanda Arrieta, Luis Berrizbeitia, Joseba Gabilondo, Inazio Mujika, Jokin Muñoz, Juanjo Olasagarre, Andoni Tolosa eta Juan Luis Zabala.
Zubitegiak, berriz, urte horretan jaiotako 32 idazleren izenak zerrendatu ditu, eta, aipatu nahi dut, bakarra urte hartan zendutakoa: Katalina Eleizegi (1889-1963), gerra aurrean antzerki lanen egilea.
Iaz zenbait arrazoi agertu bagenitu ere, horrelako agerpen handiak zer pentsa ematen du oraindik. Kausa bat, arrazoi bat, zalantzarik gabe, zaletasunaren bidean daude. Alde batetik, irakaskuntza dago. Eskolan, edo ikastolan gehienen kasuan, euskaraz hazitako idazleak dira, hizkuntza trabarik gabe ikasi zutenak, osotasunez eta erraztasunez. Beraz, hizkuntza batua ongi menderatua zuten, eta zalantza gutxi erabilpenean. Aurreko askok gure hutsuneak genituen hizkuntzarekin moldatzeko orduan. Eta 63ko askok, gainera, Euskal Filologia estudiatu eta landu zuten aurretik ikasitakoa. Mendiguren Elizegik, adibidez, hauxe dio artikuluan: «Filologiako karreran asko irakurtzen da».
Bigarren arrazoia, nire uste apalean, zaletasunarekin lotu behar dugu: Euskarak ez ezik, Letrek ere, oraindik, prestigioa zuten. Eta erreferente literarioak bizirik ziren, nahi izanez gero, ezagutzeko moduan. Gure klasiko modernoak egiten ari ziren eta letren giroa bizi-bizi zegoen. Sistema sortzen ari zen. Eta bazegoen atmosfera berezi bat non ikasi eta nori jarraitu adierazteko. Bazegoen zer imitatu, zer ukatu, nondik jo.
Neurri batean, erraza zen argitaratzea. Iñigo Aranbarriren hitzetan: «Guk zorte handia eduki genuen: Obra handi bat eduki gabe argitaratzeko aukera eman ziguten». Sistema sendotzen ari zen. Aurreko idazleak lanen argitalpenean traiektoria erakusten ari ziren, argitaletxeak beren bidea indartzen. Horrela, 1963ko idazleek beren lanak sarien bidez erakusten zituzten (Arana, Arrieta, Aristi, Zabala), eta zenbaitetan salmentan arrakasta lortu zuten, Pako Aristiren kasuan bezala.
Argitaletxeez gain, plazan agertzeko modu berezia eskaintzen zuten literatur aldizkariek, eta hainbat zeuden garai hartan idazle gazteei ateak zabaltzeko prest.
Aipaturiko zerrenda kontuan hartuz, traiektoria luzeko idazleak dira, ez dira obra bakarrarekin geratu. Baten bat bada obra bakarrekoa (Javier Gorostiza, Gotzon Plaza) 32ko zerrenda horretan, baina askoz gehiago dira lanez emankorrak, eta gure memorian mantendu direnak, literatur ibilbide oparoarekin.
Oso lan desberdinak eman dituzte, literatura jasoaren eta zabalaren arteko mugak lausotu ziren garaikoak direlako. Haur literatura jorratu dute, eta literatur genero jakinak landu dituzte, krimen literatura barne. Zerrendako zenbait idazle profesionalizatu egin dira: Jon Arretxe edo Yolanda Arrietaren kasua da.
Idazle talde izena erabili dute beti, eta ez belaunaldiarena, oso joera desberdineko idazleak izan direlako beren ibilbidean zehar.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.