Borrar
Urgente Grandes retenciones en la A-8, el Txorierri y la Avanzada por la avería de un camión

Sasoi berria

Harizpetik ·

Legealdi berriari ekin diote Katalunian, aurrekoa 155. artikuluaren ezarpenarekin amaitu ostean. Abenduaren 21eko hauteskundeak mugarri izan daitezke erakunde propioak berreskuratu eta bestelako bideak jorratzeko, bertan zerbait aldatzen hasi baita

Lunes, 22 de enero 2018, 00:21

Datorren sasoi politikoak ez du aurreko legealdikoaren antz handirik izango, Roger Torrent ERCko kidea Parlament-eko buru aukeratu zuten lehen saioan jada antzeman zenez. ‘Prozesua’ deitutakoak eman zuen egungo baldintzetan eman zezakeen guztia. Hala aitortzen dute JxCAT eta ERCko buruzagietako gero eta gehiagok, publikoan zein pribatuan. Errepublikaren aldarrikapena errealitatera eraman eta berorri eusteko gaitasunik gabe, erakunde propioak esku hartuta daudela nekez egin ahal izango da beste urratsik. Babes nahikorik ez zutela esaten zietenen iritziari jaramon egin barik jo zuten aurrera Puigdemont-ek eta bere gobernuak urriaren 1eko galdeketaren ondoren. Estatuaren jazarpenak izan zuen zerikusirik guzti horretan, jakina, baina hankasartze estrategiko propioak ere ez dira oharkabean joaten direnetakoak izan. Babes sozial oso zabala behar da horrelako prozesu politiko bat bururaino eramateko, eta %47 inguruk ez du hori inoiz bermatzen.

Ez da gutxietsi behar azken urteotan mugimendu subiranistak Katalunian egin duen lana, izan duen indarra, erakutsi duen kemena. Eta hori ulertzeko ezinbestekoa da Rajoyren Gobernuak elkarrizketa zenbatetan ukatu duen aintzat hartzea. Baina osagai horrek ere ez die gehiengo sozial nabarmenik eman independentziaren aldekoei, eta horregatik ez dute gihar nahikorik izan erakundeen esku hartzeari aurre egin eta Errepublika berria egunerokora eramateko. Guzti hau gero eta gutxiago da zenbaitzuren iritzia, eta gero eta gehiago alde guztietako buruzagi politiko kataluniarren ustea.

Ondorioz, bestelako irtenbideak beharko dira etorkizunerako. Kataluniarren %80 baino gehiagok euren jarrera azken bozetan finkatuta utzi eta indar banaketa zein den ikusita, elkarrizketa da aurrera egiteko modu bakarra. Horretarako, noski, alde bien borondatea nahitaezkoa da, baita Ciudadanos-ek gero eta estuago hartuta dagoen PPrena ere. Lehen mailako auzi politikoa da bertakoa, Estatuaren lurralde egitura osoari eragiterainokoa, eta ez da ezer egitetik berez konponduko. Alderdi Popularra eta Sozialista ados jarri ziren Kataluniako erakundeen esku hartzearen inguruan, eta Pedro Sánchez-i ere badagokio testuinguru horretan Rajoy arazoaren muinari heltzera bultzatzea.

Artur Mas-ek eta ERCk adierazia dute ildo berri bat jorratzen hasteko euren konpromisoa. Guzti horretan, Puigdemont-en eta preso dauden Govern-eko kideen egoera da distortsio elementu nagusia, hauteskundeetan eta orain garrantzi handikoa izan dena. Konponbideak eurei ere eragin behar die, euren egoera pertsonalei, judizializatutakoa ahalik eta arinen politikara itzul dadin. Generalitat-eko buruak azken asteotan egindako hainbat proposamen errealitatetik at daude, eragile nagusiek eurek agertzen dituzten iritzi eta jokabideen arabera. Ulertzekoa da Bruselatik egoera beste era batera antzematea, norbere eskubideak kataluniarrenei lotzea, esku hartutakoa bere onera itzul dadin aldarrikatzea.

Duela bi urte pasatxo, Puigdemont ia ezezaguna zen Kataluniatik kanpo, eta Artur Mas-ek zuen hartua bere gain Prozesuaren gidari nagusi izateko ardura. Geroztikoek, ostera, lehenaren aurka egin dute —baita CDCrekin lotutako arazo judizialek, Palau kasuko sententziak batik bat—; eta, aldiz, bigarrenaren hiperlidergoa gero eta gehiago elikatu. Ez berak bilatuta ziurrenik, baizik eta Generalitat-eko kargugabetutako presidente izateak lehen mailako indar sinbolikoa ere baduelako. Baina, egoera honetan, Puigdemont-i errealismoz jokatzea dagokio, kataluniarren gehiengoak duela aste gutxi adierazitakoa eta aurrera begirako irtenbide eraginkorrak uztartzen saiatzeko modu aproposenak bilatzea.

Alde horretatik, legitimitatearen gordelari denari zor zaion errespetutik, aro berri bati ekiteko ordua da, normaltasunaren alde apustu egitekoa, Kataluniari zor zaion aitortza nazionalean urratsak egitekoa. Alperrikakoa da atzera begiratzen tematzea, urrunetik gobernatzen saiatzea. Ez honek edo besteak esaten duelako, Govern berriari babes emango diotenetako gero eta gehiago ere horrekin bat ez datozelako baizik. Baina Puigdemont, Junqueras eta sare judizialean harrapatuta dauden beste guztientzat irtenbideak behar dira, ezin da euren egoera usteltzen utzi. Espainiako Gobernuak, ekimen politikoa baliatu barik, fiskaltzarena lehenetsi du luzaroan, eta horrek jatorrizko auzia gaiztotu baizik ez du egiten.

Distentsioaren beharrean dago Katalunia. Ernest Maragall ERCko egungo diputatu, Pasqualen anai eta kontseilari sozialista ohiak, salaketa gordina egin zuen legealdiko lehen saioan, Adin Mahaiko buru legez. Bere hitzetan jasotakoa da azken bozetako gehiengoaren iritzia. Eta aintzat hartu behar da, egoerak hobera egiteko hainbat osagai biltzen dituelako. Baina datorrenaren espiritua Roger Torrent Parlament-eko presidente berriarena izanda baino ez da aurrera egingo. Egunerokoaren kudeaketak eskatzen dituen erabakiez gain, Prozesuak utzitako zauriak ixtea eta Kataluniarentzat autogobernu eredu berri bat bilatzea dira lehentasun nagusiak orain. Horrek ez du esan nahi independentziaren aldeko alderdiek aukera hori baztertu behar dutenik, zilegizkoa baita horri begirako gehiengo sozialak zabaltzen saiatzea, indarrak metatzea, zeharkakoari garrantzia gehiago emanda aukera berriak jorratzea.

Dena den, ez dago atzera egiterik, ez dago iraganekoa errepikatzerik. CUP ezezik, horretan bat datoz gainerako guztiak. Alde biek egin beharko dute ahalegina horretarako, gutxieneko adostasunetarako. Egoera horretan, onartezinak dira Rajoyren aldetik baldintzen arabera 155. artikulua indarrean mantentzeko mehatxuak, PDeCAT eta ERCren jarduna erabat baldintzatzeko saiakerak. Kataluniarrek alderdi horiei eman diete berriz gobernatzeko ardura eta errealitate horretatik hitz egin beharko da. Bertako gizartearen aniztasuna aintzat hartuz, noski, eta proposamenak eginez, baina sakoneko auziari erantzunez. Ez, orain arte bezala, geroko gerotan geratuz eta aldarrikapen politikoei erantzun judizial eta polizialak emanez.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Sasoi berria