Onura garbia

Harizpetik ·

Estatuko aurrekontuen aurkako osoko zuzenketarik ez babestearen truke EAJk Rajoyren gobernuari baldintza gisa jarri eta lortutakoa arrakasta politiko borobila da. Gainerako alderdiak ezustean harrapatu ditu, eta ezinean dabiltza aurretiazko jarreretan oinarrituta txarretsi guran

Lunes, 30 de abril 2018, 00:58

Bost diputaturi etekin handiagoa ateratzerik ez dago. EAJren lorpenak zur eta lur utzi ditu gainerako eragile politikoak, nola erantzun jakin gabe. Eta ez da gutxiagorako. Saiatu dira jeltzaleak estutzen —pentsioen gaiarekin, esaterako— baina, azkenean, boomerang baten antzera itzuli zaie jaurti duten guztia. Publikoan ez bada ... pribatuan, ia inor ez da geratu jazotakoa oso onuragarria dela onartu gabe, Andoni Ortuzar buru duen alderdiak erdietsitakoaren garrantzia aitortu barik. Pentsiodun guztientzat lortutakoa eta Katalunian Govern berria osatu bezain laster 155. artikulua bertan behera geratuko dela esanez Mariano Rajoyk Kongresuan egindako adierazpenak dira horren isla.

Publicidad

Hilabeteko epea irabazi da jeltzaleen erabakiarekin. Izan ere, maiatzaren 22an amaituko da Katalunian president berria aukeratzeko epea, hauteskunde aurreratuetara joan barik legealdiari jarraipena eman eta egoera politikoa bere onera berbideratzen saiatzekoa. Aurrekontuen itzulerak Rajoyren akabera eragin zezakeen, bai, baina baita Ciudadanos indartsuen dagoenean Gorteak desegiteko arriskua bizitu ere. Alde horretatik, probetxuzkoagoa izan daiteke egungotik Kataluniako auzia elkarrizketaren ildora eramaten saiatzea; bestelako agertokiren batean egoera txartzerik bazegoelako. Orain, gehiengo independentista dutenei dagokie Puigdemont-en ordezkoa aukeratu eta galdutako autonomia berreskuratu ostean preso daudenen egoera aldatu eta sakoneko arazo politikoa bideratzeko ahaleginak biderkatzea, erakundeetatik horren guztiaren alde jardutea.

Pentsioekin lotuta lortutakoa ikusgarria da, bestalde. Espainiako Gobernuak horiek Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) pare igotzeko aukerarik ez zegoela behin eta berriz errepikatu eta pentsiodunek sekulako mobilizazioak burutu ondoren, EAJ izan da egoera desblokeatu duena. 2018 honetan pentsioak iazko KPIren zenbateko berean igoko dira —urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginez—, eta horixe berori jazoko da datorren urtean ere. Hala, aurten %1,6koa izango da igoera, indarrean jarritako %0,25ekoa baino nabarmen hobea. Eta ez bakarrik hori. Alarguntzakoak ere dezente hobetuko dira, honakoak jasotzen dituztenak baitaude gaur egun egoerarik txarrenean. Horien oinarri arautzailea da hilero poltsikoratu beharrekoa zehazten duena, hildako bikoteari zegokionaren portzentaia jakin baten arabera. Orain arte %52koa zen hori, eta aurrekontu lege-proiektuak %54ra arte igotzen zuen. EAJren esku hartzeari esker, %56koa izango da azkenean 2018an, eta %60koa 2019an. Launa puntuko igoera, beraz.

Rajoyk onartutako beste puntuetako bat pentsio-sistemaren jasangarritasun faktoreari atxikitakoa da. Horren ondorioz, 2013ko erreformaren ardatzetako bat lau urtez atzeratuko da, pentsioen kalkulua egiteko bi aldagai berri gehitzen zituena. Orain arteko garrantzitsuenetakoak erretiroa hartzerakoan izandako adina eta kotizatutako urteak zein zenbatekoa baziren, bizi-itxaropena aintzat hartzea eta pentsioen urteroko balio handitzea diru-kutxa publikoen egoeraren menpe jarri beharra gehitu nahi zitzaizkien datorren urtetik aurrera. Horrek dezenteko kaltea egingo zien aipatutako datatik pentsiodun zirenei, eta EAJk hori 2023ko urtarrilaren 1era arte atzera dadin lortu du.

Orain artekoak ez du esan nahi, dena den, jeltzaleek aurrekontuei behin betiko baiezkoa emango dietenik. Osoko zuzenketaren langa gainditzeko aurrebaldintzak izan dira Rajoyk ontzat jo behar izan dituenak, bere etorkizun politikoa kolokan zegoela jabetuta negoziaziorik gabe bere egindakoak. Katalunian jazotakoen eta aurrerantzean gehitutako onuren araberakoa izango da EAJren azken erabakia. Izan ere, guzti hau Gobernuko presidentearen eta EBBko lehendakari Andoni Ortuzarren arteko bilera baten ondorioz etorri da. Azken honek Kataluniari begira bere alderdiak duen jarrera argi eta garbiaren berri eman zion PPko buruari, eta horri begirako keinuren batek zein pentsioen KPIren tamainako igoerak aurrekontuen osoko zuzenketak saihesteko balio zezaketela nabarmendu. Horrela josi zen egundoko lorpentzat jo daitekeena.

Publicidad

Orain tramiteak aurrera jarraitzen du, maiatzaren 23 eta 24an Kongresuan aurrekontuen inguruko azken erabakia hartu bitartean. Horri begira, EAJk 43 zuzenketa aurkeztu ditu, Hego Euskal Herriko lurraldeetarako azpiegitura eta inbertsio mailako beste zenbait onura lortu guran. Horien artekoak dira, esaterako, Pasaiako portua onbideratzea, Forondako aireportua 24 orduz zabaltzea, Getxo eta Bilbo arteko bidegorria, Tuterako alde zaharra eraberritzea edo-ta Itoizko urtegian ingurumen mailako hobekuntzak gauzatzea. Honakooi iaz lortutako akordioaren ondoriozkoak gehitu behar zaizkie, aurtengo aurrekontuetan hasieratik 500 milioi eurotik gorako isla dutenak.

Guzti honekin zalantzarik ez dago jeltzaleen eraginak goia jo duela, beste inork baino gehiago lortu dutela. Horrek deseroso jarri ditu Gobernuaren beste zenbait aliatu, Ciudadanos eta UPN adibidez, EAJ askoz eraginkorrago aritu delako. Baina PSOE, Podemos edo EH Bildu ere egoera honi nola aurre egin asmatu ezinik jarri ditu, pentsioen inguruko akordioa ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula, eta Kataluniari dagokionez aukera berriak baliatzen hasteko lagun dezakeelako. Alde horretatik funtsezko bi gaiotan urratsak dakartza jeltzaleen esku hartzeak, Kongresuan duen indar kuantitatiboaren oso gainetikoak.

Publicidad

Politika onerako eragitea da, momentu egokian leku aproposean egoten jakitea, solaskidetzarako ahalmena zorroztea, zubigintzan jardun eta emaitza ahalik eta borobilenak lortzea. Horretan ezin iaioagoa dela erakutsi du beste behin EAJk, Espainiako egoera politikoa baldintzatzeraino. Hainbatetan gogoz kontrara izan arren, alderdi zein denetariko eragileak zuzenean edo zeharka hori aitortzen ari dira azken egunotan. Aldarrikapenak beharrezko direlako, bai, baina lorpenek erakusten dutelako batzuen eta besteen benetako maila.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad