Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Jardun politikoak ez du etenik, beti dago zeri heldu. Areago, Euskadikoa bezain bizia eta anitza denean, horrenbeste eragile garrantzitsu dituenean. ETAren zorigaiztoko aro armatuaren behin betiko amaierak aukera berriak zabaldu ditu aspaldikoak osatu eta gizartearen borondatearen araberako zeregin berrietarako. Kongresuan PPk duen ahultasunak eman du ... lehenengorako aukerarik, Euskadiri berez 1979tik zegozkionetakoak eskuratzen hasteko. Hainbatetan salatu da Gernikako Estatutua bezalako lege organiko bat, nortasun nazional errotuko erkidego bati dagokiona, ezin dela testuinguari lotuta garatzen joan, ezin dela Espainian gobernatzen dagoenaren gogoaren, interesen eta beharraren arabera bete. Baina hala gertatu da hiru hamarkada pasatxotan, euskal herritarrek zuzenean onartutakoari zenbait arlotan alde bakarretik marra gorriak ezarri eta gero. Eta oraindik bada zertan ordukoa borobildu, badira jaso beharreko lehen mailako eskumenak. Horretan bururaino aurrera egiteko lanean jarraitu beharko da datorren udara bitartean, aukera oro baliatuta.
Asmo hori agertu du behin eta berriz EAJk, aspaldi hitzartu eta onartutakoari ezin zaiolako uko egin. Baina, horrekin batera, bestelako hitzarmen handi baten beharra dago, autogobernu maila eguneratu eta sakonduko duena, XXI. mendeko desafioei eraginkortasunez aurre egitekoa. Ezker abertzalearen parte-hartze instituzional erabateko eta normalizatuak euskal gizarte osoa aintzat hartuta horrelako urrats bati ekiteko aukera ematen du. 1979koa oso egoera nahasian lortu zen, eta ikaragarri emankorra izan da. Baina egungo egoerak bestelako hainbat tresna eta baliabide eskatzen ditu, eragile mordo osoa bat etorritakoan belaunaldi berri baten konpromisoa adieraziko duen akordio nazional batean jaso beharrekoa.
Horretarako, jakina, funtsezkoa da abertzaletasunaren baitako bi ildo nagusien arteko elkar ulertzea. Ez da nahikoa, bestelako eragileen ekarpena ere ezinbestekoa delako, baina bada hasierako halako baldintza erabakigarri bat. Jeltzaleek beti azaldu dute eraikuntza nazionalaren aldeko konpromiso demokratikoa, gizarte osoa aintzat hartuta burujabetza prozesuan etenik gabe aurrera egitekoa. Ezker abertzaleak, aldiz, bestelako estrategia gordin eta antzuak bultzatu ditu behin eta berriz; urteen joan-etorriak erakutsi duen legez, inorako bidean. Oinarrizko giza eskubideen urraketa baliatzeak hainbat biktima eragin ditu, gutxieneko demokratikoen ezin aurkakoagoa izan da eta egoera politikoa pozoindu du luzaroan. Orain, eragindako kaltea bete-betean onartu gabe bada ere, zorionez bide politiko soilen aldeko apustua nagusitu da, eta hor badago elkarlanerako aukera bat, badago oinarrizkoan zer landu, jorratu eta adostu.
Errealismotik ekin beharko zaio, baina. Ez dago horretan zorrotz oinarritutakoa ez den estrategia eraginkorrik. Edo-ta, zati batetik aritu arren, Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen ez duenik. Bestelakoak frustrazioa baino ez dakar, nahi eta ezina, eraikuntza nazionala bera hainbat ikuspegitatik kolokan jarri ahal izatea. Urkullu lehendakariak eta Jaurlaritzak aukeratutako bideak herritargoaren gehiengoaren babesa dauka, iazko iraileko hauteskunde autonomikoek berretsi zutenez. Eta ardatz nagusi horretatik zabal daitezke lankidetzarako bideak, bai alde batera eta baita bestera.
Haatik, EH Bilduk eta bere ingurukoek azkenaldian agertutako hainbat jokabidek kezka eragin dute, eta ez da gutxiagorako. Noizean behineko mezu integratzaileen gainetik bada halako muturreko pultsio bat, koalizioak bilatzen omen dituen herrialde mailako hainbat akordio zaildu edo galarazten dituena. Hautetsi jeltzaleen eta batzokien aurkako kartelek, pintadek edo bestelako erasoek, esaterako, ez dute batere laguntzen gura dela esaten den giro ona ahalbidetzeko. Argi jokatu behar du ezker abertzaleak horrelakoetan, beste garai batzuetakoak diren bizioak behingoz baztertu eta eragotzita.
Ez da EH Bildu bere lekua bilatzen diharduen bakarra. EAJz aparteko euskal eragile politiko nagusiak ere halaxe dabiltza. Ahal Duguk kolpe latza jasan zuen iazko bozetan, bi azken orokorretako emaitzetatik oso urrun eta aurreikuspenak bete barik. Bizikidetza arazoak dituzte alderdiaren barruan, noizbehinkako krisiek eta dimisioek erakusten duten legez. Ikuspegi ezberdin asko biltzen dira bertan, bateraezinak ez badira behintzat bateratzeko zailak askotan. Horrek ondorioak izango ditu proiektua sendotu eta egonkortzerakoan, eta oinarrizko gai askoren inguruko jarrerak zehazterakoan. Hala, Nagua Albak oraintsu dimisioa eman ondoren, datozen hilabeteotan ikusiko da zein norabide hartzen duen EAEko Ahal Duguk eta zenbaiterainoko ekarpena egiteko prest dagoen etorkizuneko estatus politikoari begira.
Sozialistak Jaurlaritzan ari dira, azkenaldiko emaitza txarren ostean gobernu jardueratik galdutakoaren zatiren bat berreskuratu guran. Pedro Sánchezen garaipenak ustez erraztu egingo du euskal autogobernuari dagozkionetan jeltzaleekin adostasun puntuak lortzea. Baina bere idazkari nagusiak defenditzen duen nazioaniztasun hori aletu behar du PSOEk, kontzeptuari edukia, mamia emanda. Horrek oso zuzenean eragingo dio euskal politikagintzari eta biko Jaurlaritzaren etorkizuneko bideragarritasunari.
Esan beharrik ez dago estatus politikoaren ingurukoez gain bestelako hainbat desafiori aurre egin behar zaiela, batik bat ekonomikoei. Azken urteotako joera oso positiboa da baina, aldi berean, zenbait enpresa garrantzitsutan hilabeteotan jazotzen ari direnak kezkagarriak dira. Horiei guztiei erantzuteak, baina, ez du goi politika alde batera uztea ekarri behar, aski frogatua baita autogobernua ongizatean eragiteko lehen mailako tresna dela.
Hori PPn ere argi izan beharko lukete, eta Katalunian Estatut berriaren aurrean izan zuten jokabidearen ondorioetatik ikasi. Gutxienekoan daude Euskadin, beharbada ez dutelako asmatu hemengo gizartearen eskaerei erantzuten. Urtean urteko aurrekontuak babestetik haratago, ikusteko dago euste hutsetik ahalegin eraikitzaileetara joko ote duten. Konpromiso historikoetarako sasoia dator, ausardiaz aritzekoa. Jaurlaritzaren goiburuak dioen legez, Euskadi auzolanean hobe egitekoa. Eta iraganeko eskemek ez dute horretan laguntzen.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.