Borrar
Urgente Muere un narcotraficante tras chocar su narcolancha con una embarcación de la Guardia Civil en Tarifa

Agur Aralar

Harizpetik ·

Domingo, 17 de septiembre 2017

Abenduan egitekoa duten biltzarrean alderdia desegiteko proposamena luzatu die Aralarreko zuzendaritzak militanteei. Hamabost urte pasatxoko ibilbidea amaituko dute horrela, euskal politikagintzan eragin handikoa izan dutena.

Ezker abertzaleak itsu jokatu zuen luzaroan, euskal herritarrek behin eta berriz arbuiatutako ekinbide armatua zilegizkoa zelakoan. ETAren jardunak 829 lagun erail zituen 43 urtetan, eta unadura hutsez amaitu zen 2011ko urriaren 20an. Aljerreko elkarrizketen eta Lizarrako Hitzarmenaren osteko su-etenek ez zuten azken helbururik lortu, ezta Zapateroren garaiko saiakerek ere. Alperrik galdu zituzten aukerok, bai erakunde armatuak berak zein horren inguruko egitura politikoak. Ez zen modurik izan mahai baten inguruan indarkeriaren aroari amaiera eman eta gaur egun hain ozen eskatzen dituztenetakoak —presoekin zerikusia duten horiek, batik bat— zentzuz bideratzen hasteko. ‘Dena ala ezer ez’ zen orduko goiburua, antza, eta ezerezean gelditu ziren.

Ikuspegi zabal falta ez zen, baina, maila berean denen gabezia izan. Bakarren batzuk aspaldi jabetu ziren zetorrenaz, bide politiko eta demokratikoak lehenetsi beharraz. Diktadura bati aurre egiteko aspaldi abiatutako dinamika herritarrek euren borondate librearen arabera aukeratutako hautetsien zein erakundeen aurka zuzentzeak hainbat mamu askatu zituen urteen joan-etorrian, nahiz eta ezker abertzalea beti saiatu zen itxura monolitikoa azaltzen, zirrikituak agertzen zirenero kritikoak zeharo baztertuta izan arren.

Oihartzun handiko zenbait atentatuk higatze prozesu hori areagotu zuten, Yoyesenak (1986an), Hipercorrekoak (1987an) edo-ta Miguel Ángel Blancorenak (1997an), esaterako. Herri Batasunak 1994an ontzat jotako ‘Oldartzen’ txostena, presio bide modura sufrimenduaren sozializazioari egoki irizten ziona, urrats berri bat izan zen bere degradazio politiko eta etikoan. Eta barruko kontraesanak gero eta nabarmenagoak izaten hasi ziren.

Egoera horretan, Lizarrako Hitzarmenak halako espektatiba berri bat ahalbidetu zuen ezker abertzalearen baitan, Herri Batasunatik haratagoko zenbait alderdi ere Euskal Herritarrok zeritzan koalizioan biltzeraino. Bakea bururaino eramateko ahaleginaren porrotak, haatik, hankazgora jarri zuen hori guztia urtebete luze beranduago; eta, mundu horretan, estrainekoz, jende multzo batek publikoki eutsi zion bide politikoen lehentasuna aldarrikatu eta ETAren aroa amaitua zela esateari.

Batasuna prozesuak erakutsi zuenez, hamarretik bat-edo zen ezker abertzalearen barruan uste hori jada errotua zuena. Horiek sortuko zuten Aralar 2001ean alderdi modura, etorkizuneko apustua hamarkada batez aurreratuta. Urte horretako hauteskunde autonomikoetan Ibarretxe lehendakaria gailendu zitzaion Mayor Oreja-Redondo Terreros bikoteari, legebiltzarkideen erdia (14tik 7ra) eta 80.000 boto galdu ondoren Otegi eta bere ingurukoen ortodoxiak porrot egiten zuen bitartean.

Batasuna eta ondorengoen ilegalizazioak helduko ziren gero, eta baita Aralarrekoen aurka euren kide izandakoek baliatutako pintada, mehatxu eta bestelakoak ere. Baina horrek ez zituen gerarazi Patxi Zabaletaren ingurukoak, eta aurrera jarraitu zuten. Ezker abertzale klasikoaren alternatiba modura ekin zioten, horren baitako egituraren barruan lortu ezin izan zutena gizarteari begira gauzatzen hasi guran. Ordezkari bat lortu zuten Eusko Legebiltzarrean 2005ean, eta lau 2009an. Nafarroan, aldiz, lau 2003an eta 12 2007an, azken horretan Nafarroa Bai koalizioko kide modura. Bakarka ez zen, bada, lehen mailako eragilea izan, baina bere itzala boto kopuruak adierazten duena baino askoz handiagoa izan zedin erdietsi zuen Aralarrek. ETAren indarkeriaren makurkerietatik at ezker abertzalerik izan zitekeela erakustearekin batera, Batasuna prozesuan zein Zapateroren garaiko saiakeretan inmobilismo gaiztoenarekin lerratu zirenak politikoki are biluztuago utzi zituen.

Halako batean oso argi geratu zen 1978an Altsasun abian jarritakoaren enbor nagusiak ez zuela etorkizunik bide demokratiko soilen alde egitetik ez bazen. Nolabaiteko kolapso arriskuak hondora zezakeen behingoan, bai legez kanpo zegoelako zein euskal gizartearen gehiengo gero eta zabalagoak estrategia politiko-militarrak zeharo arbuiatzen zituelako. Faktore exogenoek ere ez zioten batere lagundu, ez IRAren amaierak eta ezta nazioarteko terrorismo molde basati eta indiskriminatu berrien agerpenak ere.

ETAren behin betiko su-etenera eraman zuen guzti horrek eta, ondorioz, aliantza politiko berrietara. Amaiur eta Euskal Herria Bildu izan dira topagune azken urteotan, Sortu eta Aralar, EA eta Alternatibarekin batera, modu egonkorrean elkartzeko. Ez dute lortu EAJ gailendu eta euskal abertzaletasunaren barruan nagusi izatea. Hala, bide berriak jorratzen dabiltza euren proiektu politikoa trinkotze aldera, eta horren erakusgarri dira EH Bilduk azken hilabeteotan burututako aldaketak.

Batek daki Aralar ez ote den goizegi desagertuko. ETAren osteko agertokia atzeraezinezkoa da dagoeneko, baina oraindik ezinbestekoa da berea bezalako ikuspegi argi eta zorrotza ezker abertzalearen baitan. Denborak arrazoia eman die bete-betean, eta ez da gutxi. Hala eta guztiz, beharbada, aukera gehiago lituzkete epe jakin batean eragiten jarraitzeko alderdi modura iraunda; ikusteke baitago Sortuk daborduko zenbaiteraino barneratu dituen Aralarrek ohikoan bere egindako jokabide eta moldeetako asko.

Patxi Zabaleta, Iñaki Aldekoa, Julen Madariaga, Aintzane Ezenarro eta beste askok hainbat zailtasun eta inertziari aurre egin eta ezker abertzalea mugiarazten asmatu zuten. Ezinbestekoa zen horrelako zerbait Aralar sortu zen abagune historikoan. Baita lehenago ere. Euren alea jarri zuten oraingora heldu ahal izateko, hain errotutako militarismo sutsuena indargabetzeko. Euskal gizarteak, orain, bestelako aukerak ditu. Estatus politiko berri bati begirakoak, eta osatzen duten egiturak neurriren batean elkarlanean jarri eta norabide berean abiaraztekoak. Ideologien gainetik, agurraren orduan badago Aralarri zer eskertu. Eta hori da edozein eragile politikori aitor dakiokeen ondarerik baliotsuena.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Agur Aralar