![Tontorretarako sasoia](https://s1.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/201905/14/media/cortadas/4-k3kH-U80202076764G4F-624x385@El%20Correo.jpg)
![Tontorretarako sasoia](https://s1.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/201905/14/media/cortadas/4-k3kH-U80202076764G4F-624x385@El%20Correo.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Maiatza loreen hilea da, udaberria lehertzen den sasoia. Neguaren hats hotz luzea ahultzen hasten da, eta toki orotan eguraldiak beste aurpegi bat erakusten du. Hori bera gertatzen da hemendik urrun kokaturik dagoen Himalaia mendilerroan. Maiatzean bertako mendi altuenak igotzeko garai ona izaten da, eta hala, Nepaleko zortzimilakoetan igoaldi dezente zenbatzen dira.
Urte guztietako arrakasta festa munduko mendirik altuenean gertatzen da: Everesten. Garaiena izateagatik, alpinista askoren jomuga izaten da, baina zoritxarrez arrazoi berberarengatik, alturako turista askorena ere. Aurten ia bi mila pertsona batu dira Solo Khumbu glaziarraren oinetan. Kopuru zabal horren barruan makina bat sherpa sartu beharko ditugu ezinbestez. Izan ere, bostehun bat «mendizalek» aldapa izoztu haiek igoko dituzte ia mila sherpen laguntzarekin, azken horiek, sokez beteko baitituzte gorako bidearen txoko guztiak, kanpamendu nagusitik aterata eta tontotxoraino. Horiek guztiak Everest eta ondoko Lhotse erraldoiak igotzen saiatuko dira.
Udaberri honetan bertan ikusiko diren irudiak mingarriegiak dira batzuetan, mendizaletasunetik urrun daudenak, pasio horrekin zerikusi gutxi daukatenak: Soketatik kanpo nekez abiatuko liratekeen kaletarren ibilera dorpea; izotzean estropezuka dabiltzan prestakuntzarik gabeko pertsonak; lehen aldiz bota distiragarri eta berriegien azpian kranpoiak jartzen ez dakiten afizionatuak; pioleta ondo oratzen ez dakiten sasi-mendizaleak; eta sokak nola hartu, pitzaduren arteko metalezko zubiak zelan zeharkatu, jumar eta bestelako ekipamendua nola erabili eta ikasteko bertan entrenamendu bat egin behar duten turistak,…
Horiek guztiak sherpa talde sendo batekin abiatuko dira gora. Kasu gehienetan, bezero bakoitzarekin sherpa bat, baina badira hiru eta lau sherpen laguntza eskatzen dutenak, kosta lain kosta igo nahi baitute erraldoiaren gailurrera, diru mordoxka ondo xahututa, eskrupulurik gabeko mendi- eta bidaia-agentzia askoren negozioa ederki puzten duten bitartean.
Duela berrogei urte pasatxo Reinhold Messner eta Peter Habeler bikoteak oxigenorik gabeko lehen igoera historikoa burutu zuten. Gaur egun kontrakoa gertatzen ari da. Oxigenoaren kontsumoa esponentzialki igotzen ari da, eta ez Everesten bakarrik. Zoritxarrez mendikate osoko handienetan burutzen diren «balentria» horiek guztiak oxigenoarekin egiten dira, oxigeno kantitate gehiegizkoarekin gainera. Datua negargarria da: oxigeno artifizialik gabeko igoerak ez dira %10a. Gaur egun dena da erraza, «denok igo ahal duzue 8000 metroko mendi bat» da negozio erraza bilatzen duten agentzia askoren lelo faltsua. Dirua dagoen bitartean, sherpek ipurditik ere bultzatuko zaituzte (behar izanez gero ere ) goraino iristeko, «eta zeu, mendizaletasunaz eta abenturaz fitsik ez dakizun hori, heroia izango zara betiko».
Sokaz jendez gainezka daude; ezin da bestelako erritmoan ibili pausu desesperagarrian igotzen baitira indarrik gabeko ibiltari desegoki horiek; txandaka pasatu behar da masifikazioaren erditik; dendak jartzeko tokia erreserbaturik dago goiko kanpamentuetan; eta turista horiek egiten dituzten ordutegiak arriskugarriak dira. Halarik ere, batzuek tontorra zapalduko dute seguru, propina ederra jasoko baitute sherpek hori gertatuz gero.
Eta hori guztia gertatzen ari den bitartean, inguruetan hiru tona zabor erretiratu dituzte aurten garbiketa kanpaina baten bidez. Mendi handienak ere domestikatu dituzte.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La víctima del crimen de Viana recibió una veintena de puñaladas
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.