Borrar
Urgente Grandes retenciones en La Avanzada, el Txorierri y Malmasín por varios accidentes
Ama Dablam munduko mendirik ederrenetakotzat jotzen da.
Munduan dagoen mendirik ederrenetakoa

Munduan dagoen mendirik ederrenetakoa

Miércoles, 17 de noviembre 2021, 01:02

Himalaiako mendietan errutina bilakatu dira hainbat igoera, bertako agentziek hala markatzen baitute egutegian. Udazkenean, beti aipatzen dugu Manaslu mendia, jende andanak gutiziatu egiten duen tontorra. Horren ostean, mendi txikiagoak agertzen dira alpinista askoren jomugan. Baina guztien artean badago bat prestigio handiagoa edo gordetzen duena: Ama Dablam.

Ama Dablam sherpen mendi sakratua da. Edertasunak sakralizaturik, seguruenik.

Gaur egun makina bat espediziok ezartzen dituzte beren denda koloretsuak gigantearen oinetan, aukera tipiena probesteko eta 7.000 metrotik gertu dagoen bere gailur zorrotzeraino igo ahal izateko. Alpinista askok, kasu honetan ere eskarmentu gutxirekin, ertz zorabiagarrietan zehar ibiltzen dira, sherpa talde handi batek artaturik, azken erpineraino.

Mendi batzuk ikusi bezain pronto ninietatik barneratzen zaizkizu, zure barrualdeko puntu ezezagun bateraino barneratu ere, eta han, ondo ainguraturik, hasten dira puzten ametsen moduko formetan. Everest erraldoiaren inguruko alaba txikia balitz bezala ikusten nuen nik beti Ama Dablam, txikia baina ederra, inguruetakoen artean ederrena, agian.

Namche Bazar herritik irten eta atoan ikusten da lehen aldiz mendi zorrotz hori, eta zorroztasun horrek adurra irentsarazten dizu nahi gabe, anitzetan ikusita baduzu ere, altuegia, finegia, bertikalegia dela pentsatuko baituzu.

Gerturatu ahala ederrago bihurtzen da, erakargarriago, eta beheko kanpamendutik gora, bere magalean zabiltzanean edertasun hura dasta eta goza daiteke. Ez da batere erreza bere eskalada, eta batzuetan duzun energia apurrik txikiena ere xurgatuko dizu azken eguneko saioan, baina nekeak neke, kamustu gabeko bere ertzetan gora oreka galdu gabe ibiltzea, gozamen hutsa da alpinistarentzat. Igo beharreko ertzak beldur pittin bat ematen du, bertikalegia, luzeegia, zorrotzegia dirudi, baina bere harrietan gora zoazela alpinismoak eman ditzakeen une eder horiez gozatzen ari zarelako sentsazioak hartzen zaitu.

Udaberria izaten da arorik bereziena bere ertzetatik gora abiatzeko, udazkenean jendez beterik egon ohi den mendia erabat bakarturik topatu ahalko duzulako.

Alberto Zerain, Ama Dablamera eskalatzen Juanra Madariagarekin. J. MADARIAGA

Duela urte dezente, suertatu zitzaidan hura igotzeko abagunea sasoi horretan eta konpainia ezin hobearekin: Eneko Pou, Alberto Zerain eta Juanito Oiarzabal hirukotearekin. Alberto Zerain oso alpinista tekniko eta indartsua zen (zoritxarrez Mazeno ertzean desagertu zen) eta Eneko Pouk, Iker anaiarekin, bikote indartsua osatzen du eskaladaren munduan. Eta guztiok ezagutzen duzuen Juanito mendizale indartsuena zen garai hartan, burugogorra, eta oso teknikoa.

Dozena bat egun oinarrizko kanpamentuan egin ostean, tontorrera iritsi ginen marroi baten erdian, izoztuta, erabat izoztuta baina pozik, altueran pozik. Bakarrik geunden, beste inor ez mendian. Alberto, Juanito eta hirurok zorte hori izan genuen. Enekok tripak deseginda zituen eta ezin izan zuen.

Ama Dablam mendiaren gailurretik munduko ikuspegirik ederrena omen dago (Everest, Lhotse, Makalu, Cho-Oyu,...), baina diodan moduan ekaitz bortitz batek zapuztu zigun guri ikuspegi hori, baina hortik pasatu naizen guztietan diosala berezia egiten dit bere erpin ñimiñotik Ama Dablamek, munduan dagoen mendirik ederrenetakoak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Munduan dagoen mendirik ederrenetakoa