Nico Miranda, Carla Perez eta Karl Egloff Adrian Balliger gidariarekin.

Makalura abiadura bizian

Miércoles, 4 de mayo 2022, 01:51

Carla Perez, Karl Egloff eta Nico Miranda dira aurten Makalu erraldoian neurriak neurtuko dituzten alpinista ekuatortarrak. Azken bi horiek proiektu arin bat burutzeko gogoz joan dira Nepalera. Plana sinplea eta potentea da, Makalu ahalik eta arinen igotzea, express moduan. Denon buruan dago, duela urte dezente, ... 1994an, alpinismoak eman duen mendizalerik indartsuenetako batek, Anatoly Boukreev-ek, ezarritako ordutegia: 21 ordu eta 45 minutu. Gai izango ote dira Annapurnan 1997an zendu zen alpinista kazakhstandarraren erakustaldi boteretsua gainditzeko?

Publicidad

Karl Egloff eta Nico Miranda mendizale korrikalari hiperpotenteak dira, eta jomuga munduko handienetako batean ezarri dute. Egia esan, lehen aldiz zapaldu dute Himalaia, eta mendikatearen handitasunak ez dute atzera bota, eta hor daude gora eta behera, aklimatazioa fasean jo eta su.

Batez ere ezagunak dira Ameriketan egindako abiadurazko igoaldiengatik. Karl Egloff arinena da eta errekorrak ezarri ditu Jornet handiaren markak atzean utzita, Kilimanjaro (2014), Aconcagua (2015), Elbrus (2017) eta Denali (2019) mendietan.

Seguruenik Makalu esperimentatzeko proba izango da, eta hemen burutzen dutenaren arabera eskarmentutzat hartuko dute Everest handian errekor berria ezartzeko. Badirudi datorren urtean munduko handienaren iparraldetik saio bat egin nahi dute, beti ere Txinako gobernuak mugak zabaltzen baditu. Abiadura mendi handietara eraman nahi dute, baina horrek ez du zerikusirik mendizaletasunarekin. Nire ustez, erlojua eta mendia ez dira lagun onak.

Gainera, altuerak beste parametro batzuk ezartzen ditu, eta sortzen duen nekea ez da nolanahikoa. Gazte horiek ez dute bere gorputz-makina altuera handitan probatu, eta egin nahi dutena harropuzkeriatzat har daiteke. Dena dela, nork bere potentzial osoa ezagutu behar du, eta bi horiek makina bat igoalditan erakutsi dute zein gaitasun gordetzen duten. Hortaz, edozer gerta daiteke. Lotsaturik buelta har dezakete, edota puntaraino hel daitezke energiaz beterik. Ikusi beharko dugu.

Publicidad

Hirugarren herrikideak, Carla Perez alpinistak, oxigenorik gabe munduko bost altuenak igotzeko proiektuarekin segitzen du. Everest eta K2 igoak ditu, joan den urtean Kangchenjungan kale egin zuen, eta aurten Makalu aukeratu du. Ea zorterik duen.

Makalun ere beste proiektu interesgarri bat badago, Adrian Ballinger eskiatzaileak burutu nahi duena: Makalu skiekin jaistea. Ez du inork ere lortu eta lehen aldia izango litzateke alpinista eskiatzaile horrek lortuko balu. Cho Oyu eta Manaslu mendiak hala jaitsi zituen, oxigenorik gabeko igoera burutu ostean. Makalun gauza bera egin nahi du, eta hau bere hirugarren saiakera izango da, aurretik bi aldiz saiatu baita handik jaisten.

Publicidad

Beste aldetik, aurten gailur batzuk egin dira maiatza heldu baino lehen. Gailur goiztiarrena Dhaulagiri izan da. Carlos Soria ere mendi horretan dago baina bere aurretik beste alpinista batzuek igo dute mendia. Puntu tragikoa ere egon da mendi horretan, Antonios Sykaris greziarra zendu baitzen gailurretik bueltan. Mingma G sherpak lideraturiko espedizioan hamar bezero bildu ziren beste horrenbeste sherparekin. Guztiek lortu zuten erpinera heltzea, eta guztiak heldu ziren kanpamentu nagusira bat izan ezik: greziarra.

Egunotan, maiatzaren lehen egunetan, gauzak zehatu beharko dira eta gailurretarako saioak prestatzen hasi beharko dira. Tartean, aipatutako Carlos dugu, mendizale zaharra tematurik dago Dhaulagiri mendiarekin. Ea zorterik duen eta aurten pozez betetzen gaituen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad