Borrar
Little Karim joan zaigu

Little Karim joan zaigu

Miércoles, 20 de abril 2022, 01:46

Nik Baltoro ibilbideko Paiju izeneko atseden-lekuan ezagutu nuen Little Karim (Abdul Karim) alpinista eta altuerako zama-eramailea. Hantxe zuen jarrita bere denda, hortik pasatzen ginenokin hitz-aspertuan aritzeko eta aspaldiko lagunak behar bezala agurtzeko. Gizon hurbila, atsegina, laguntza eskaintzen tematzen zen horietarikoa. Hantxe edaten genuen trekking hartako te gozo bat berarekin mintzatzen ginen bitartean.

Aspaldian aritu zen Baltorotik abentura bila abiatzen ziren espedizioekin lanean, eta horrexegatik makina bat aldiz ikusi genuen Al filo de lo imposible izeneko telebistako saioan. Pertsona karismatiko eta bertako langile fin mitiko bilakatu zen, urteetan egindako balentrien jabe.

Bada, beti irribarretsu ibiltzen zen pakistandar hori gaixotasun luze baten ondorioz, egunotan hil da Rawalpindin, eta bere heriotzak munduko alpinista guztiak tristetu ditu.

Aspaldian hasi zen lan gogorrenean, espedizioetako kargak eramaten. Haran haietatik dabiltzan legenda bat da Chris Bonington alpinista handiak lehen aldiz kontratu zuela. Bere izenak adierazten duen moduan, oso txikia da, altueran ez da 1,60etara heltzen, eta balizko altuera falta horrek zama-eramale gisan aritzeko arazoak ekarri zizkion. Bada, 1978an, Chris Bonington K2ko espediziorako langileak aukeratzen hasi zenean Karim txikia baztertu omen zuen tamainagatik, eta pakistandarrak, orduan, bere indarra erakusteko Bonington bera kargatu omen zuen lepo bueltan, eta indar erakustaldi nabarmen horren ostean alpinista ingelesak ez zuen beste erremediorik izan eta kontratatu egin zuen Little Karim.

Horren ostean bere sona handitu egin zen, eta espedizio handi eta potente askotan lan egin zuen. Guztira 25 espedizioetan parte hartu zuen, horietarik 9 aldiz K2 mendian, eta 5 Broad Peak-en.

Eta beti ere, lanik gogorrenetan aritzen zen. 1979an, K2 mendira bueltatu zen, bertako Magic Line bidera, eta hor sekulako lana egin zuen. Garai haietan delta-hegoak modan jarri ziren, eta altuerako mendietara ere ailegatu ziren erronak berriak egiteko. Bada, horrelako espedizio batean 7000 metrotik gora kargatu zuen delta horietariko bat. Famatua da bere argazkia.

Eta gainera ez zuen behin bakarrik egin. 1985ean, Jean Marc Boivin alpinista famatuak hegan egin zuen Gasherbrum II mendiko gailurretik delta batekin. Balentria handia izan zen handik hegan egitea, lehen aldiz lortu baitzen zortzimilako batetik horrelako tramankulu batekin aireratzea, …baina nork igo zuen aparailu hura tontorreraino? Badakizue: Karim txikiak. Bera izan zen lehen zama-eramailea punta hartan. Kanpamentu nagusira bueltaturik, bertako lagunek abegi ona egin zioten, losintxa askorekin. Hori guztia film eder batean ikus dezakezue: Mister Karim.

Beti egin ditu garraio arraroak eta era berean oso beharrezkok altuera handitan. Beste behin ere, aipaturiko mendi horretan, saio hartan hil zen Henri Albert alpinistaren surf ohola garraiatu zuen gailurreraino. Karimek esan zion mendizaleari jaitsiera hura ez egiteko, oso arriskugarria baitzen. Zoritxarrez ez zion jaramonik egin eta istripuz bertan zendu zen.

Espainolekin ere harreman handia gorde izan du beti. Juanjo San Sebastian eta Ramon Portilla alpinista ezagunekin batera Broad Peak mendiaren gailurra zapaldu zuen (beno, gailurrera heldu aurreko gailu txikian lotu ziren). Bertako argazkian agertzen zen Karim. Betiko forro polar delakoarekin, eta hotzik ez.

Karim ez zen gizon txikia. Karim handia izan da.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Little Karim joan zaigu