Borrar
Kristin Harila bide urratzailea

Kristin Harila bide urratzailea

Viernes, 10 de junio 2022, 01:11

Nirmal Purja Himalaiako handienak urte betean igo zituen Nepalgo herrikidea da. Himalayismoaren garaiak berak aldatu eta bestelako parametroak jarri zituen; hori bai, sherpa talde handi batekin eta erabili daitekeen nahi beste oxigenorekin. Halarik ere, orain arte ezarrita ziren legeak, denborak, eta formak berak apurtu zituen eta beste ikuspegi berri bat sortu zuen: multihimalayismoa.

Horren ondorioz, bere burua nabarmentzeko gailurrak igotzen dituzten mendizaleek bide berria ikusi dute: sasoi batean ahalik eta mendi gehienak igotzea, Nirmalek egin zuen bezala.

Behinola, denborak ez zuen garrantzirik, hara joaten zinen esperientzia ikaragarria bizitzera, bere osotasunean, Katmandura heltzen zinenetik, Katmandutik ateratzen zinen arte. Baina orain ez, tontor bat igotzeak egarria dakar, eta ondoren beste bat igo nahi da, eta beste bat, mendi horiek dituzten misterioak, eta luzatu dizkizuten bizipenak apenaz irentsi barik.

Eta badirudi horixe izango dela hemendik aurrerako moda, 8000 metroko mendiak kateatzea, bata bestearen atzetik. Nepalgo sherpa agentziek, bederen, hori bideratuko dute, eta mendi altu guztietan kanpamentu nagusiak jarrita egongo dira mendizaleek duten errekor-gose asegaitza ase betetzen laguntzeko.

Udaberri honetan, Nirmal Purjak egindakoa gainditzen emakume bat saiatuko da, lehena. Berak Kristin Harila du izena, eta Norvegiarra da. Eta ez doa bide okerretik, udaberrian Nepalen igotzen diren handienak igo baititu dagoeneko, eta aipaturiko gizonak baino denbora gutxiagoan, gainera. Neska horrek 29 egunetan igo ditu sei handi. Annapurnarekin hasi zen apirilaren 28an, gero Dhaulagiri etorri zen maiatzaren 8an, gero Kangchenjunga maiatzaren 14an, gero igoaldi bikoitza Everest eta Lhotse mendietan maiatzaren 22an, eta azkenik, Makalun 27an.

Baina nor da Harila? Mendi-eskarmenturik ba ote du? Norvegia iparraldean jaio eta hazitakoa, Harilak iraupen-eskia jardun zuen 16 eta 23 urte bitartean, eta gainera nazio mailan lehiatu zen. 2015ean Kilimanjaro igo zuen, eta gero, 2019an, Nepalera joan zen, eta Lobuche eta Putha Hiunchuli mendiak igo zituen. Orduan otu zitzaion Everesten saiatzea, baina Covid etorri zen eta dena zapuztu zuen. Aconcagua lortu zuen 2020an, eta hurrengo urtean bai, munduko handiena igo zuen. Une horretan hasi zen hamalauetan pentsatzen.

Bere proiektuaren arrazoia eta oinarria emakumeei igorritako mezua da: «Azkenean, ez zait axola errekor bat haustea edo ez, nik nahi dudana da emakume gazteak inspiratzea. Hau da, a priori ezinezkoa dena posible dela esatea, emakumeek ere egin dezaketela erakustea».

Ez du bere pertsona nabarmendu nahi. Berak mendiotan aritzen diren sherpengan, eta kanpamentuetan lan egiten duten pertsona guztiengan ere jarri nahi du fokua. Logistika oso inportantea da, eta horretan jende pilo bat dago sartuta, noski.

Beste aldetik oso zintzoa da bere modus operandi-rekin, eta ez du ezer ezkutatzen. Bide normalak erabiltzen ditu, helikopteroak ere bai, dena prest izaten du, oxigenoa erabiltzen du, eta ez du ezer kargatzen. Dena bere sherpek eramaten dute.

Nepalekoa amaitu du oraingoz, eta laster Pakistanera doa, Karakorum mendikateko guztiak igotzen saiatzera. Adi egongo gara!

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Kristin Harila bide urratzailea