Kharut mendia lehen aldiz

Miércoles, 11 de octubre 2023, 01:06

Koldo Zubimendi erandiotarrak sekulakoa egin du K2 mitikoaren aurrean dagoen mendi zorrotz batean: Kharut 2 (6800 m). Aspalditik izan dute mendi hori buruan, eta inoiz komentatzen genuen zein urrun zeuden ametsak egia bihurtzeko tokiak. Nik argazkiak bidaltzen nizkien gailur hura ikusten nuenean, batez ere, zein ... urrun dagoen esateko.

Publicidad

-Zergatik hura eta ez beste bat hurbilago, Koldo? -esaten nion nik.

-Bada, horixerekin maitemindu gara -esaten zuen berak. Eta hala da, amodio kontuetan ez dago arrazoitzeko arrazoirik.

Kontua da pandemiaren ostean berpiztu zitzaiela hara joateko gogoa, eta aurten, planeta guztiak lerro berean jarri eta ospa egin zuten Pakistanera. Koldorekin Vicente Barcena ere bazihoan amets partekatua burutzeko xedez.

Mendi zorrotz horietan saioak egon dira noski; beti dago zororen bat hara joan nahi duena. Japoniarrak ia toki guztietan izan dira, baina kasualitatez gailur hori zapaltzeke zegoen. Beraiena izango litzateke lehen igoera, eta zorteko izan direnez, hala izan da.

Baltoroko K2 handiaren kanpamentu nagusi populatuenean jarri zituzten dendak baina arin joan ziren handik, mendiaren oinetatik hurbilago zegoen beste leku batean kokatu ahal izateko. Lasaitasuna hartu zuten gero, eta mendiari begira jarri ziren, adi-adi, umeak bezala begiak zabalik.

Aklimatazio prozesuari atea zabaldu zioten gero, eta hainbat saio egin ostean, prest zeuden hormari erasotzeko. Eguna heldu zenean baina, Vicente gaizki sentitzen hasi zen, altueraren gaitzak, indar falta, ahulezia,…mila kontu izaten dira atmosfera hartan arerio, eta horietariko bategatik bertan lotzea erabaki zuen, bestela atzeratuko zuen espedizioa. Hortaz, amore eman behar izan zuen sokakidea bakarrik utziz. Trantze ederrean zegoen Koldo, agian zalantzaz beterik, baina kikildu beharrean, bularra puztu eta gorantz joan zen bakarrik.

Publicidad

Lehen aldapetan mota guztietako elurra topatu zuen, ona hasieran, eta zenbat eta gorago joan orduan eta txarragoa. Gero ertz batean sartu zen, agian babestuago joateko, baina harria kalitate txarrekoa zen, eta hor estutu behar izan zituen hortzak.

Metroak eta metroak jaten segitu zuen, egun osoan, tai gabe, harik eta azken tartean murgildu zen arte. Denak ziren kalitate txarreko elementuak: elurra eta harria, harria eta elurra. Ausardiaz beterik, eta agian behar zena baino gehiago arriskatuz, gailurreraino atera zuen burua. Burua soilik, ezen puntaren puntako elurra oso gaiztoa zen eta han zegoen espazioa oso txikia ere bai. Metro batera gelditu zen. Nahikoa zen.

Publicidad

Inguruari begirada bat bota, eta buelta eman zuen. Arratsaldeko 06:00ak ziren, eta aurretik sekulako jaitsiera zuen, 1000 metro baino gehiagokoa. Rappelatzeko toki dezenterik ez zuen topatu eta dena deseskalatu zuen, horrek suposatzen duen indar-erosioarekin.

Egunaren amaieran depositu bat utzitako tokira heldu zen, nekaturik baina pozik, tarterik zailena gainditurik batzuen. Bertan zegoen erlaitza oso txikia zen, eta dendarekin tapatu zen bibak epiko bat egiteko. Horrela pasatu zuen gaua. Halako batean, eta orduek aurrera egin ahala, ilunpeko zerua argitzen hasi zen, eta egunaren lehen izpiekin, beherantz jarraitu zuen indartsu kanpamentu aurreraturaino, non Vicente, artega batean, bere zain zegoen.

Publicidad

Orduan onena hasi zen. Emozioak, besarkadak eta amets berriak egiteko motibazioa.

Izan ere, Koldok amets batzuk bete ditu: Cho Oyu (8.201 m) eta Broad Peak (8.051m) menditzarrak igo ditu, eta mundu bazter askotan ibili da alpinismoa egiten.

Azken mendi hori, Kharut 2, ez zaio ahaztuko, eta seguruenik, indarra emango dio beste amets bati forma eman ahal izateko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad