Irvine agertu da

Everest konkistatzera George Malloryrekin batera zihoan Andrew Irvinen gorpuzkiak aurkitu dituzte

Viernes, 25 de octubre 2024, 14:26

Egunotan agertu da albistea. Andrew Irvineren gorpuzkiak aurkitu dituzte Everest erraldoiaren oinetan. Duela hilabete batzuk espedizio haren 100 urteak ospatzen ari ginen, bai eta mendizaletasunaren historiako misteriorik handienetako baten 100. urteurrena ere. Izan ere, 1924ko ekainaren 8an, Everesteko maldan gora abiatu ziren George Mallory eta Andrew Irvine, eta Noel Odell lagunak azken aldiz ikusi zituen 8.600 metroan, ostarte zuri batean, pausoka, lasaiki baina adoreturik.

Publicidad

Guztiok hausnartu dugu misterio horretaz, eta askoren artean eztabaida itzelak sortu dira itaun argi baten inguruan: Mallory eta Irvine, egun horretan, Everest mendiaren gailurrera igo ziren lehen aldiz? Lortu al zuten lehen eskalada?

National Geographiceko espedizio batek Irvin mendizale britainiarraren bota bat eta oin baten zatiak aurkitu ditu egunotan. Espedizioak beste helburu alpinistikoago bat bazuen: Jim Morrison eskiatzaile zailduak Horbein korridoretik jaitsi nahi zuen skiekin. Espedizio horretan, nola ez, puntako beste alpinista batzuk ere bazihoazen: Conrad Anker eta Jimmy Chin sona handiko eskalatzaileak, eta Erich Roepke eta Mark Fisher kamerari eta alpinistak.

Kasualitatea abisurik eman gabe agertzen da beti, horrexegatik da kasualitatea. Alpinistok Rongbuk glaziarrean behera zihoazela, 1933ko data zuen oxigeno botila bat aurkitu zuten. Begiak zabal zabalik jarri zitzaien. Pentsatzekoa da botila bat goitik eroriko zela malda pikoetan zehar abiadura handian, eta han elementu hori bazegoen, bada, beste zerbait ere egon zitekeela otu zitzaien. Kuriositateak piztuta bueltaka hasi ziren inguruan, eta halako batean, (elur gutxi zegoen eta izotza agerian) Irvin mendizale britainiarraren bota bat aurkitu zuten. Botaren inguruan zalantza guztiak uxatu zituen beste elementu bat zegoen: galtzerdi zahar bat; galtzerdiak josita zeukan etiketan A.C. Irvine izena agertu zen. Ez zegoen zalantzarik.

1999an, Mallory eta Irvine bilatzeko espedizio bat osatu zen. Eric Simonsonek antolatu zuen espedizioa, Jochen Hemmleb ikertzailearen laguntzarekin, eta tartean (kasualiatatea berriz?) Conrad Anker zihoan. Hain zuzen ere, 1999ko maiatzaren 1ean bilaketa hasi eta ordu gutxira, Conrad Ankerrek gorpu bat aurkitu zuen iparraldean, 8155 metroan. Malloryrena zen. Bere gorpua ahuspez zegoen, besoak luzatuta, erorketa baten erdian gelditu nahi izango balu bezala. Hanka bat apurtuta zuen, eta bertan konfirmatu ahal izan zen moduan, garezurrean zauri larri bat ere bai. Espekulazioek diote Irvini lotuta zegoela erori egin zenean.

Publicidad

National Geographic entitateak aurkikuntza garrantzitsu bat egin du. Bikotea azaldu da, hain justu ere, espedizio haren ehun urte bete direnean. Orain ikerketa berriak hasiko dira, bai eta bilaketa zehatzagoak ere. Izan ere, misterio osoa askatzeko beharrezkoak diren zantzu guztiak oraindik ez dira agertu. Beti esan da Sandy Irvinek argazki-kamera bat bazeramala aldean, eta hura aurkitzea itzela litzateke. Agian, bertan ateratako argazki batean bi alpinistak ager litezke gailur zuri eta aratz batean zutik. Agian, biak neurribakotasun baten erdian irribarretsu. Edo ez.

Baina bitartean, alpinismoaren enigmarik handienak bere horretan segituko du.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad