Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Everest handiak bere gailurraren atea zabaldu du, eta trumilka ez bada ere, hainbat mendizalek lortu dute oina punturik gorenean jartzea. Eguraldia ez da hain ona izan aurten, eta horrek atzera bota du espedizio asko, ohiko atzerapenak ekarriz. Halarik ere, Lhotse eta Everest mendiek lehen bisitak jaso dituzte.
Aurten makina bat espediziok izan dute bi mendiak egiteko ideia, eta programa horretan izena eman dute alpinista askok. Gehienek oxigenoarekin egingo dute saiakera, baina talde horretatik at mutanteren bat badago biak oxigeno artifizialik gabeko igoeran murgilduko dena.
Horietariko bat Hugo Ayaviri boliviarra da. Mendizale indartsu horrek Everest eta Lhotseko gailurrak egingo ditu oxigenorik gabe, eta ahal izanez gero, kanpamentu nagusira jaitsi gabe. Oso alpinista indartsua da, eta eguraldiarekin eta osasunarekin zorte pixka bat baldin badu lortzeko posibilitate asko ditu.
Gutxik lortu dute tamainako igoera. Aspaldian, 1988an, Jozef Just eslovakiarra, Lhotse mendiaren gailurrera iritsi zen irailaren 28an, eta Everestera urriaren 17an. Zoritxarrez jaitsieran desagertu zen. Beste mutante bat Anatoli Boukreev kazakhstandarra izan zen. Horrek, 1996an, Everest igo zuen maiatzaren 10ean, eta zazpi egun geroago Lhotseko gailurrera zapaldu zuen.
Juan Pablo Mohr lagun txiletarrak ere lortu zuen 2019an. Lhotse igo zuen maiatzaren 16an, eta 23an, Everestera igo zen.
Eta Nirmal Purja nepaldarrak, 2022an, Everest eta Lhotse gailurrak lotu zituen oxigenorik gabe. Maiatzaren 15ean egin zuen gailurra Everesten, eta hurrengo egunean, 16an, Lhotse mendian.
Beste eskalatzaile famatu batzuk oxigeno gehigarririk gabeko zeharkaldia egiten saiatu dira, baina lehenengo Everest eginda, eta gero Lhotse. Tartean dira Horia Colibasanu eta Peter Hamor, edo Tenjin Sherpa eta Ueli Steck...baina inork ez du lortu orain arte. Simone Moro eta Denis Urubko ere saiatu ziren, baina arazoak izan zituzten eta ez zuten amaitu.
Aitortu behar da kasu guztietan bidea oso ondo zabaldurik zutela sherpek, sokak jarrita zeudela bide osoan zehar, eta kanpamentu guztiak ondo horniturik zeudela. Halarik ere, kirolari horiek sekulako ahalegin fisikoa egin behar izan zuten altura horretan behar bezala aritzeko, han egoteak dakarren gastu energetikoa kontua hartuta.
Egun hauetan gertatuko dira igoaldi guztiak, laster, maiatza amaitzean, dena desmuntatzen hasiko baitira bertako agentzia guztiak, espedizioei amaiera emanez.
Amaitu den beste espedizio interesgarri bat Romano Benet, Peter Hamor eta Nives Meroi alpinistek egin nahi zutena izan da. Hirukoteak, Kanchenjunga inguruko Yalung (7.590m) eta Kangbachen (7.902m) mendietan saio bat egin nahi izan dute, baina eguraldi txarrak eta elur-jausiek espedizioaren amaiera ekarri dute.
Espedizio minimalista izan da, aintzinean bezala. Alpinistak eta sukaldaria bere laguntzailearekin. Beste inor ez, ez sherparik, ez soka tinkorik, ez eta oxigeno gehigarririk ere.
Mendi horiek esploratu gabeko alde bat erakutsi dute beti, eta zoro gutxi ausartu dira malda arriskugarrietan gora egiten. Kontua da elur-jausiak izateko aldapa egokiak direla eta duela aste batzuk saiakera bat egin zuten arren, arin ikusi zuten eguraldiak ekarritako egoera ez zela batera ona aldapa pikoetan gora aritzeko, arrisku dosi altua hartu gabe.
Egun horietan klimatologia eskasak ez du atsedenik hartu, eta elurra egiten segitu du eskaladarako baldintzak muturreraino kaskartuz.
Panorama hori ikusita kanpamentu nagusira jaitsi eta espedizioa bukatutzat ematea erabaki du hirukote potenteak.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.