Borrar
Marko Confortola altuerako zelai batean atseden hartzen ari da.
Gezurretan?

Gezurretan?

Martes, 21 de junio 2022, 01:39

Presioak beti dira presio. Tartean diru asko dago jokoan, modus vivendi erraz batekin segitzeko aukera galanta, heroi bat izaten jarraitzeko ahalbidea. Horixe da maila goreneko kirolari askoren patu beltza, eta eguneroko borroka: presiopean bizitzea, eta presio horri men ez egitea.

Baina batzuetan ezin da egoera kontrolatu eta zoria ez da alde ezartzen. Dena espero ez bezala ateratzen da. Orduan, zer egin? Gezur ttiki bat esan? Bada, baliteke. Askok hala egin dute, bederen.

Mendian asko izan dira gezurra esan duten altuerako kirolari famatuak. Sona handikoa izan zen Miss Ho korearraren eta Edurne Pasaban mendizaleen arteko kalapita. Gogoratuko duzuenez, munduko 8000 guztiak igo zituen lehena (kronologiari kasu eginez gero) Miss Ho korearrari zegokion, baina mendizale hori gezurretan aritu zen. Kangchenjungan, Miss Hok tontorreko argazki batzuk erakutsi zituen bere igoaldia benetakoa zela bermatzeko, baina zenbait adituk zerbait arraroa bazela antzeman zuten. Argazkiak oso bitxiak ziren, eta ez ziren ohikoan Kangchenjunga erpinean ikusten direnak. Gainera, berarekin zihoazen sherpen kontakizunak ere ezberdinak ziren, eta kontua aldrebestu zen erabat, egiazkotasuna galduz. Gerora etorri zen igoaldia ez onartzeko Koreako Mendi Federazioaren erabakia. Miss Ho korearra gezurretan ibilia zen.

Oihartzun handiko gezurra ere Christian Stangl korrikalari eta mendizaleak K2 mendian bota zuena izan zen. Eguraldi txarra egiten zuen baina bera kanpamentu nagusian agertu zen esanez gailurrean egonik zela, 70 orduko lana egin zuela tontorra zapaldu ahal izateko, bera bakarrik. Behealdean zeuden alpinistek ez zuten gorako eta beherako bidean ikusi, eta ez zuten sinetsi. Gero argazki batzuk erakutsi zituen, faltsuak zirenak. Azkenean ezin izan zuen egindako jukutria pairatu, eta lotsagorrituta jakinarazi zuen glaziarrean egon zela hiru egunez denbora pasan, gora igo barik, beste batzuek heroitzat hartzen zuten bitartean.

Mendietako gezurrak arin harrapatzen dira eta zer esanik gaur egun, teknologiaz inguraturik bizi garen sasoi honetan esaten edota gertatzen baldin badira. Baina kuriosoa da, nahiago dute gezurra esan eta bizitza osoan horrekin kargatu, egia borobila esan ordez. Horrelakoak esaten direnean bestearekiko eta gure buruarekiko errespetua galtzen dugu. Seguruenik, damua igo ez den mendiaren bolumen berekoa izango da.

Azken gezur patentea Marco Confortola alpinista italiarrak gorpuztu du. Udaberrian Kangchenjungan izan zen (hirugarren aldia saiatu egiten zela), eta argi eta garbi dago ez zuela tontorra zapaldu. Zalantzak mendizale-komunitatean sortu dira.

Italiarrak maiatzaren 5ean iritsi omen zen Kangchenjungako gailurrera, 14:30ean, Nepalgo orduan. Badirudi satelite-telefonoaren bateriarekin arazoak izan zituela, eta ezin izan zuen lortutakoaren berri eman. Egun hori heldu arte, egunero ateratzen zituen bideoak, argazkiak, eta abar. Gero isiltasuna. Bo!

Egun horretan bertan, gailurrera ordu erdi beranduago heldu zen Shehroze Kashif mendizale pakistandarrak argazki eder bat publikatu zuen. Confortolak bere erlojuari atera zion argazki bat (eskularrua larruzkoa, gainera) esateko gailurrean zegoela. Ez ote da askoz errazagoa bere burua lagun horiekin batera ateratzea, eta poztasun hura partekatzea? Ondoko egunetan makina bat argazki eta bideo ageri ziren gailur horretan ateratakoak. Batean ere ez zen italiarra agertzen.

Confortola Seven Summit Treks agentziaren barruan zihoan, eta agentzia horrek ez zuen inoiz haren izena aipatu bere gailur zerrendan. Maiatzaren 5en, Namja Bhote, Shehroze Kashif, Rudi Bollaert, Purnima Shrestha, Ariunzul Chuluunbaatar eta Ming Temba Sherpa zoriondu zituen agentziak.

Horretaz gain, Wilco van Rooijen alpinista alemanak honako datua esan zuen: «Marco izan zen KN-ra iristen lehena, eta besarkatu egin genuen. Bagenekien tontorrera iritsi ez zela sherpa batek hala esan zuelako. Baina bat-batean Marcok esan zuen gailurrera heldu zela! Harro erakutsi zituen argazkiak mugikorrean. Gailurretik hurbil zegoen. Gorago, jantzi gorriak zeramatzaten 4 edo 5 eskalatzaile ikusten ziren. Baina Marcok esan zuen tontorra sakratua zela, eta gelditu zen lekua tontor errituala zela (sic). Guztiok elkarri begiratu genion. 14 zortzimilakoak egin nahi badituzu, zuren gailurreko argazkiak sinesgarriak izan behar dira».

Harrezkero Marco Confortolak ez du txintik ere esan, isilik segitzen duelako, denborak gezurra estaliko duen esperantzaz, baina hori ez da gertatuko.

Orain, Nanga Parbat mendira joan da.

Gezurrak luzatuko du bere buztana?

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gezurretan?