Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Gero eta deprimenteagoa da munduko mendirik altuenean gertatzen ari den merkantilizazio progresiboa. Abentura ikaragarriaren mozorropean, gero eta erraztasun handiagoak otutzen zaizkie espedizio-agentziei, balizko heroi egozentrikoen dirua erakartzeko eta poltsikoratzeko. Aurtengo anomalia Furtenbach Adventures agentziak sortu du Xenon gasarekin. Gas horren bidez ez omen da beharrezkoa altuerarako egokitzapena, eta di-da batean igo daiteke mendira.
Ez da oso urrun egongo puntarainoko teleferiko berogailudun bat jarri, edota hego-lepoan helikopteroz eramandako turistak gailurrera abiatuko diren eguna. Eta salbuespen hauek guztiak segurtasunaren izenean egin nahi dituzte, aberatsek sufrimendurik gabe, eta arintasunez bete dezaten euren abentura turistikoa.
Bada, aurten badirudi esperimentazio hori egingo dutela, eta Erresuma Batuko lau herritarrek osatutako espedizio bat Everestera abiatuko dela datorren udaberrian. Espedizio osoa aste betean egin nahi dute, baina horra abiatu baino lehen zortzi astez prestatuko dira hipoxia gela batean oinarrizko aklimatazioa lortzeko. Alpinista dezentek egin dute hipoxiaren tratamendu hori, eta antza, funtzionatzen du. Oxigeno gutxiago duen airea arnastean datza kontua, horrela zure gorputza girotu egiten da egoera berri horretara.
Baina Xenon gasaren kontua…..
Tira, planak oso estrategia eta antolamendu espezifikoa dauka. Dirudienez, mendian eguraldi oneko leiho bat zabalduko dela iragarri bezain laster, deitu egingo diete pertsona horiei bidaiari ekiteko. Katmandura heldutakoan klinika batera joango dira xenon gasaren tratamendua jasotzeko. Horren ostean, helikopteroz joango dira Everesteko kanpamentu nagusiraino, eta berehalakoan, gailurrera abiatuko dira oxigenoarekin eta xerpa batailoi batekin. Kalkulu guztien arabera, hiru egunetan gailurra zapalduko dute, eta beste egun batean, beheraino joango dira. Gerokoa erraza da, berriz helikopteroa, aireportura, eta zure etxera.
Ederra espedizio sofistikatua, ezta? Merkea? 150.000 euro inguruko kostua izango duela diote adituek. Antza denez, diru xehea askorentzat.
Eta hori guztia zertarako? Non dago mendiarekiko etika? Zein da aterako duten zaporea? Gasarena? Edota espazio eder eta neurribako batean egon zarelako sentsazioa? Bigarren hau, segurenik ez, arinegia izango baita alturako paseoa.
Eta gorago komentatu duguna, agentziaren argudioa da altuerako esposizio txikiagoak bezeroen segurtasuna hobetuko duela. Helikopteroz gailurreraino eroanez gero ere segurtasun totala egongo da.
Himalayismoaren bilakaerak argi eta garbi erakutsi du gaurko joera mendi altuetako gailurra ahalik eta azkarren eta erosoen lortzea dela, desenkantu guztiarekin.
Xenon gasaren kontu hori zortzimilakoen inguruko esperpentoaren beste kapitulu bat baino ez da. Izan ere, gaur egun balio handiago dute gailurrek eta errekorrek, eta ez espedizio batek biltzen duen magia guztiak, non borroka eta kirol-prestakuntza pertsonalak, mendiranzko ibilbideak, kanpamentuetako egun onak eta txarrak, klimatologiak eta zure ahaleginak protagonismoa hartzen duten. Horregatik lorpen pertsonalak handiagoak dira, eta frakasoak ez hainbeste frakaso.
Esperientzia erabat bizigarria da denbora tarte luze baterako. Zin dagit.
Eta hemen denboraren kontra jokatu nahi dute kalibre handiko etekin ekonomikoa eskrupulurik gabe erdiesteko.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.