Benjamin Védrines parapentean jaisten K2tik. Thibaut Marot

K2 eta parapenteak

Lehen aldiz, K2 mendi erraldoitik lehen parapente hegaldia egin da. Benjamin Védrines alpinista izan da protagonista

Martes, 24 de septiembre 2024, 01:02

K2 mendi itzela da. Garai zaharretan nekez igotzen zen, oso tontor zaila baitzen, gogorra, beldurgarria. Horra hurbiltzeko eta azken erpinera igo ahal izateko gizaki orok muturreko energia izan behar zuen aldeko.

Publicidad

Baina garaiak aldatzen ari dira, kamarada, eta gaur egungo alpinista batzuk benetako mutanteak dira, maila altuko atletak, behinolako ordutegiak deuseztatu, eta indar-apologiaren erakustaldi ederrak egiten dituztenak.

Azkena, goian aipatu dugu: Benjamin Védrines alpinista frantziarra. Berak oxigeno gehigarririk gabe igo zen denbora ikaragarri batean: 11 ordu!!. Eta gero, 8611 metrotik bota zen parapentean. Hori egiten duen lehen pertsona izan da.

2022ko uztailean, K2an ere saioa bat egin zuen baina gauzak ez zitzaizkion ondo atera. Halarik ere, saio ustel horren ostean, Broad Peak (8.047 m) igo zuen 7 ordu eta 28 minututan bakarrik, eta ondoren bere parapentea hartu eta gailurretik salto egin zuen. Erregistro bikainen jabea da frantziarra. Ni harritzen nauena da bi eguneko saioa eskatzen duen Peuterey Integralean eginiko ordutegia: 7 ordu. Halakorik?????

Aurten proiektu handia burutu nahi zuen, eta bere buruan K2 mendia zuen sartuta. Gauerdian atera zen kanpamentu nagusitik eta Abruzzo ertzetik egin zuen bidea gauez, harik eta 11 ordu beranduago gailurrera heldu zen arte. Berak ezarritako marka horrek erdira baino gehiago murrizten du Benoit Chamoux frantziarraren aurreko errekorra, 23 ordutan gailurrera iritsi baitzen.

Publicidad

Une magikoa izan zen Benjaminentzat. Ordutegi bikaina, eta sentsazioak oso onak. Hala deskribatu zituen garaiera hartan sentitutakoa: «Kosta egiten zait han goian izan nituen sentsazioak deskribatzea, ez nintzen pozez lehertu. Egia esan, tristura pixka bat sentitu nuen. Urrunera iritsia nintzen proiektu hori bultzatzen eta goian, malkoak isuri nituen, ...».

Handik egun batzuetara Instagram sare sozialean bideo itzelak agertzen hasi ziren. K2 ikusten zen atzean, eta aurrean tipo bat parapentez, dena grabatzen. Benjamin Védrines alpinista frantziarra zen, 17 metroko oihaletik zintzilikaturik, airean. «K2 oxigenorik gabe eskalatzea eta gailurretik parapentean salto egitea nire amets handiena izan da beti», zioen. Egun horretan ezohiko baldintzei esker gailurrean zabaldu ahal izan zuen parapentea, eta Baltoro glaziar handiaren gainetik 30 minutuko hegaldia burutu zuen lurreraino. Emozioak pil-pilean izan zituen, nola ez!

Publicidad

Baina ez pentsa dena hemen amaitzen denik, kontu harrigarriagorik ere badugu. Benjamin Védrinesek eginiko lehen hegaldia burutu ondoren, beste hiru pertsonak, denak frantziarrak eta oxigeno gehigarririk erabili gabe, parapente-salto bana egin zuten, eta tartean, bi lagunentzako lehen saltoa. Jean-Yves Fredriksen, Zeb Roche eta Liv Sansoz izan ziren protagonistak.

Guztien artean, Jean-Yves Fredriksen alpinistaren igoera aipatu behar dugu. Bakarrik joan zen, laguntzarik eta oxigeno osagarririk gabe, eta K2 igotzeko ez zuen bide arrunta aukeratu, baizik eta 1986ko bide poloniarraren eta Messnerek eginikoaren arteko bat, gero, Cesen bideari ekiteko. Bidea, nolabait, Andrzej Bargiel poloniarrak 2018an eskiatu zuena izan zen.

Publicidad

Gailurrera heldu bezain pronto parapentea zabaldu zuen, baina orduan jabetu zen ez zebilela haizerik. Zain egon zen bertan erdi lokartuta, baina azkonean bai, ufadak hasi ziren. «Ez dut zalantzarik egiten. Nire mugimenduak zehatzak dira, milimetrikoak. Segundo laurden batean, buelta eman eta maldan behera noa korrika. Huts egin baino lehentxeago bultza egiten dut. Lasai nago, berehala kentzen ditut eskularruak kamera pizteko. Begiak ondo irekitzea besterik ez zait geratzen, hegaldi honetaz eta nire bizitzan behin bakarrik ikusiko ditudan paisaia harrigarriez gozatzeko. Erabat libre sentitzen naiz».

Minutu batzuk geroago bere azken kanpamentuan lurreratu zen, 6600 metroan. Han, bere denda eta gainerako materiala jaso eta kanpamentu nagusira jaitsi zen.

Sekulako uda izan da K2 mendia eszenifikatu dena. Eta hemendik ondamu gazi-goxoa da sentitu ahal duguna.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad