Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Duela egun batzuk Felipe Uriartek, Berria egunkariak daukan Mendia atarian honako hau idatzi zuen: «Egun mendiak lasterketa joko-malda bihurtu dira, erakusleiho paregabea kirol markentzat. Duela gutxi arte, mendi gailurrak errespetatuak ziren, miretsiak, sakratuak planeta osoan».
Eta hala da, abiadura ere mendiraino heldu da. Aldapan gorako metroak ahalik eta arinen jatea modan jarri da, eta inoizko markarik eta denborarik sinestezinenak ikusten ari gara.
Kontua ez da ea zenbat mendi igo ahal ditudan denbora zehatz batean, oraingo kontua da ea «guztiak» igo ahal ditudan denbora tarte txiki batean.
Lehen espedizioek hilabeteak ematen zituzten mendiari begira gailurrera igo arte. Gaurko egunetan, mutante batzuek egun bateko igoaldian jar daitezke zutik azken erpinean. Dena da sinestezina, baina garaiak aldatuz doaz eta gaur egun badirudi dena dela posiblea.
Halakoak erakusten maisua dugu Kilian Jornet. Egin duen azken esperimentua Alpeetako 4000 metrotik gorako 82 gailurretan egin du, 19 egunetan. Atleta horrek mendien arteko lotura guztiak egin ditu oinez, eskalatzen, korrikan, edota bizikletan. Bere proiektuari Alpine Connections deitu dio.
Behin amaituta honako hau esan zuen: «Proiektu hau sinestezina izan da, egin dudan gauzarik zailenetako bat dela uste dut, bai alde fisiko eta teknikoagatik, bai alde mentalagatik. 20 egunez kontzentrazio-egoeran egon behar izateak energia asko eskatzen du, baina sinestezina izan da. Gogoan ditut mendian izan ditudan arginabar eta ilunabar guztiak, eta lagun guztiak, eta oso pozik eta harro nago azken hiru asteetan lortu dugunagatik. Orain atsedena hartzea eta bizitako guztia barneratzea tokatuko da, uste baitut denbora hartuko dudala baloratzeko».
Makina bat tontor zapaldu ditu, tartean handienak: Piz Bernina (4.049 m) Monte Rosa (4.634 m), Matterhorn (4.478 m) Barre des Écrins (4.102 m), Mont Blanc (4.808 m),…
Erraz esaten da, baina 16 etapa eta 19 egunen ondoren (atseden egun bat), Kilianek 1.207km eta 75.344m-ko desnibel metatua egin ditu, eta Alpeetako 4.000 metrotik gorako 82 tontorretara iritsi da. Halakorik!!
Zein da hurrengo pausua? Himalaiako kate osoa hilabete batean alderik alde zeharkatzea, korrika batean? Baliteke? Ikusiko dugu.
Bakoitzak bere helmugak, ametsak eta ilusioak ditu, eta mendizale asko Kiliaren arrastoari segika ibiltzen dira. Agian ez dira hain ezagunak, baina egiten dituzten ekimenak harrigarriak dira.
Filip Babicz alpinista italiar-poloniarrak, adibidez, zortzi ordu baino gutxiagoan igo ditu Cervinoko lau ertzak (Furggen, Zmutt, Hörnli eta Lion). Jende arruntarentzat egun luze bateko ahalegina eskatzen du punta mitiko horretara ailegatzeak. Bada, berak egun berean, ia zortzi ordutan, toki guztietatik igo eta jaitsi da Cervinotik. Harrigarria!!
Alpinista honek beste marka itzel batzuen jabe ere bada, eta hala, igoera express batzuk eginak ditu Aiguille Noir de Peuterey, Piz Badile edota Grand Capucin mendietan.
Handik hurbil, Dolomita mendietan, Micha Rinn eta Christian Bickel alemaniarrek Lavaredoko Hiru Tontorren ertz luzea (skyline) eskalatu dute, hantxe dauden bederatzi gailurretara igota. Guztia 23 ordutan egin dute. Protagonistek adierazi duten bezala «egindako zeharkaldia ibilbide soil bat baino gehiago da: bidaia zoragarria da Tre Cime di Lavaredoko eskaladaren historiako etapetan zehar».
Arin, dena arin, eta gero eta arinago.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.