Borrar
Nepaleko xerpa taldea gailurrera heldu zeneko irudi ederra.
Irudi historikoak

Irudi historikoak

Martes, 26 de enero 2021

Mendebaldeko abenturazaleek Himalaian begiak jarri zituztenetik, historia paregabea osatu da zortzi mila metroko mendi handi haietan. Eta hantxe burutu diren espedizioek irudi zoragarriak utzi dizkigute historiarako: Tensingena Chomolungmaren gailurrean, banderatxoak eskuan zituela; Achille Compagnoni eta Lino Lacedelli K2ko punturik handienean; Lionel Terray eta Jean Couzy Makalun egon zirenekoa; Marcus Schmuck alpinistarena Broad Peaken; Messner lumazko mono gorri batekin Everesteko tripode galduaren ondoan; Junko Tabeirena, lehen emakumea Everesten; Doug Scott eta Dougal Hastonena azken argiekin handienaren gainean; Joe Tasker, Peter Boardman eta Doug Scott (berriz) maisuek Kangchenjungako puntatik hurbil atera zutenekoa; Pasang Tembaren argazkia toki berean, Martin Zabaletak ateratakoa; Inurrategi anaienak edozein puntatan…, eta beste asko orain burura etortzen ez zaizkidanak. Horietariko askotan, ikusten denez, mendebaldarren aurpegi zuriak (mikaru, begi zuridunak) agertzen dira batik bat, eta bertako xerpak gutxitan aipatzen dira.

Teknologia berriek tontorra haietan egindako grabazioak eta bestelako planoak ikusteko ahalbidea luzatu digute azken sasoietan. Eta berrikuntza hori muturreko esperientzia batean hartu dute oinarri Nepaleko alpinista xerpek orain.

Duela aste batzuk, Nepaleko xerpa talde batek K2ko neguko lehen igoera lortu zuen. Une historiko izan zen hura. Hainbat sare sozialetan aleka agertu dira egun hartako irudiak, eta beste askotan gertatzen den bezala, irudi indibidualak ziren, garaipenaren sinbolotzat hartzen zirenak, Nepaleko bandera eta guzti.

Talde osoa, kanpamentu nagusira ailegatu ostean, pozarren.

Bada, egun hauetan beste dokumentu historiko bat agertu da: taldearen gailurreratze bateratua irudi grabatuan. Bai, ez zen inor atzean gelditu eta azken metroak elkarren eskutik egin zituzten Nepaleko mendizaleek, orpoz orpo, denok batera, herri baten izpirituarekin batera, bertako ereserkia kantatzen zuten bitartean (8000 metrotan kantatzen dute!!!!, posible ote?). Gainera horrela egin izanaz oso harro daudela esan dute, ahaleginerako indarrak batuz.

Kontua da egun hauetan irudi horiek zabaldu dituztela twitter eta facebook orrietan, eta nik uste, guztiok sentitu dugula poztasun berezi bat. Irudiak oso biziak dira, eta diogun bezala, izoztutako gailurrera heltzeko une zoragarria harrapatu dute. Bekaitza sanoa!

Xerpak munduko mendizale handienetakoak dira, ez dago inolako zalantzarik, eta hala erakutsi dute beste behin. Baldintza gogorrenetan ez dute atzera egin, eta duten eskarmentu guztiaz baliaturik, gailur miresgarria neguan lehen aldiz zapaltzea erdietsi dute.

Merezimendu osoz konkistatu dute leku pribilegiatuenetako bat alpinismoaren historian. Baina hau hasi baino ez da egin. Orain, xerpek espedizio propioak egin ahal izango dituzte, bide berriak zabaltzeko, neguan gailurretara joateko, gidari moduan ere…

Orain bidea beraiena da, eta Himalayismoaren zati handiago bat ere bai.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Irudi historikoak