Sei narratiba liburu oporretan gozatzeko

Jon Martin-Etxebeste eta Paloma Rodriguez-Miñambres

Miércoles, 28 de junio 2023

Pako Aristi

'Libreta horiko poemak'

72 or.
Susa
12,95 euro

Korrontearen kontra

Korronteari eramaten utzi edo igerian tematu. Bada une bat zeinetan norbere bizitzan hartutako erabakiak eta inguruko lagunek hartutakoak behar adina bifurkatu diren eta horrek ahalbidetzen duen batzuen eta besteen emaitzak alderatzea. Hau da liburu honen indargunea. Bere lagun askoren begietako txinpartak itzaltzen ikusi zituen Aristik. Ikuspuntu izokina zekarren poema liburua argitaratu zuen duela bi hamarkada. Kapitalismoaren eta teknologiaren aurkako manifestutzat hartu daiteke Urrestillakoaren hau: «Ai zer plazera/ zer ordu den ez jakitea,/ aukera on bat galtzea/ lan debalde egitea/ (...) kapitalismoari bere armekin/ kontra egitea». Oraindik ere monogamia gurtzen duen eta sexuarekin uzkurtzen den jendartean bizi garelako adierazle da poema gehienak hain ondo zahartu izana. Kodize baten aurrean gaude.

Joan Mari Irigoien

'Babilonia'

280 or.
Elkar
24 euro

Klasikoen garaia

‘Oilarraren promesa’, ‘Poliedroaren hostoak’ eta ‘Udazkenaren balkoitik’ liburuen ostean, ‘Babilonia’ argitaratu zuen Irigoienek, bere obra gorena. Liburu bitarra da ‘Babilonia’, aurrez konpetentziak aurrez aurre jarri dituen bi anaiaren (Trinido eta Feliziano Garaialderen) arteko talka, desagertzear dagoen mundu baten eszenatokian antzeztua. Baserri giroa apaltzen eta gizakia naturatik aldentzen ari den sasoian kokatua dago eta galdera hori seinalatzen du. Hiru narratzaile ditu eleberriak eta bakoitzaren hizkera bereizgarria da. Irigoienen estilo landua eta lirikoa da liburuaren indargune nagusia. Berriki argitaratu du liburu hau Elkarrek euskal literaturako ale esanguratsuenak biltzen dituen Mintegi sailean. Kirmen Uriberen ‘Bilbao-New York-Bilbao’ren segidakoa da. Berrargitalpenak eta hura irakurtzeko gida funtzioa betezen duen Irati Jimenezen hitzaurreak aukera paregabea ematen diote irakurleari klasiko hau freskatzeko.

Uxue Alberdi

'Kontrako eztarritik'

182 or.
Susa
13,30 euro

Oholtzatik jaistean

Bertsolaritzan feminismoak indar handia hartu du azken urteetan; baina, sustrai tradizionaletan oinarritutako diziplina izaki, zenbait bertsolarik ez dute oztopo gutxi gainditu behar izan aurrera egiteko. 15 bertsolariren testigantza bilduta, saiakera garrantzitsua argitaratu zuen Uxue Alberdik. Kazetari lan distiratsua eta balio akademiko handiko lana da berea. Emakume askok oholtza gainean sentitu dituzten eta sentiarazi dizkieten mekanismoak zerrendatzen ditu liburuak, eta, horrenbestean, diziplina gehiagotan aplikatzeko aukera ematen du. Itxuraz mentala den ariketa batean gorputzak duen garrantziaz gogoeta egiten du liburuak eta botere harremanek lankideen artean sortzen dituzten gehiegikeriak seinalatzen ditu. Ez da, akaso, udako tragorik gozoena; baina udako jaialdietako umorearen ifrentzua bistaratzeko balioko du.

Leire Lekuona

'Bizirik dirauena'

122 or.
Eguzkilore
17 euro

Esperientzien bilketa

Eleberri labur honetan bizitzaz ezer gutxi dakien gazte holandarra eta, aitzitik, bizitzaren kolpeak (Bigarren Mundu Gerra) jaso dituen edadekoa aurrez aurre jartzen ditu Leire Lekuonak.Autoreak hogeita bat kapitulutan erakusten digu nola mamitzen den bi pertsonaien arteko adiskidetasuna. Ezerk ez zuen iragartzen elkarrekin topo egingo zutenik, bizitzako etapa desberdinetan baitaude –bizialdiaren hasieran eta amaieran, hurrenez hurren–. Horrek kutsu klasikoa ematen dio istorioari; batetik, adinekoak gauza guztietatik bueltan dagoela sentitzen du, bizitzeko interes gutxi, bere bakardadean gotortuta; gazteak, berriz, abenturak izateko irrika dauka, bizitza esperimentatzeko, alegia, ondorioei erreparatu gabe. Europan zehar ibili arren, beti akordatzen da Amsterdamen utzi duen lagunarekin, urteetan zehar bizipenak bilduz zentzatu arte.

Luis Garde

'Ehiztariaren isilaldia'

400 or.
Pamiela
22,50 euro

Memoriaren eraikuntza

Olerkari gisa bere burua ezagutzera eman ondoren, narratibara igaro zen Luis Garde estreinako obra honekin. Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen eleberri mardul eta bikain honek, hortaz, udako irakurgaietarako berreskuratzea merezi duelakoan nago. Bertan kontatzen du zer gertatu zen Ezkaban zegoen San Kristobal gotorlekuko presoen ihesaldiarekin, Gerra Zibilean. Zortziehun gizon inguruk erdietsi zuten, baina handik gutxira ia denak harrapatu eta berrehunen bat ehizatu eta hil zituzten. Gertakari latz hori abiaburu izanik, idazleak bestelako gaiak jorratzen ditu, esaterako, injustizia, ahanzturaren kontrako borroka, memoria historikoa, barkamenaren beharra, familietan beldurragatik isiltzen direnak edo idazlearen sormena. Hori guztia azaleratzeko idaztankera aberatsa baliatzen du Gardek poesiak ere baduelarik lekua liburuan.

Aritz Pardina Herrero

'Ibai ahoak'

74 or.
Balea Zuria
13 euro

Bizitza aztergai

Aritz Pardinaren liburuxka honetan hausnartzeko pilulen dosia aurkituko du irakurleak. Lau atalek (Lengoaiaren gazi-gozoak, Denbora sortzen ikasteko, Ibai ahoak, Aforismoak arrazionalismoari) eta hitzatze batek osaturik dago, eta idazleak bere pentsakizunak aletzen ditu aforismoen bidez.Aforismoen ezaugarririk erakargarriena izaten da gaien aniztasuna eta laburdura; alabaina, horrek ez du ahalbidetzen ñabardura handirik adieraztea planteatzen diren mintzagaien inguruan. Horregatik, gai berari buruz agertzen dira hainbat aforismo, eduki edo mezu kontraesankorrak erakutsiz itxura batean, baina, elkarren osagarri. Errealitate konplexuari erantzuna eman nahian. Beste arrisku bat izan daiteke esapide moralizatzailera, zentzu zabal batean, lerratzea. Zorionez, Pardina arrisku horri itzuri egiten ahalegintzen da eta gure jakin-mina pizten du.

Literatur gomendio gehiago hurrengo esteketan:

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad