Borrar
Urgente Muere un narcotraficante tras chocar su narcolancha con una embarcación de la Guardia Civil en Tarifa
Lekuionatarrak. Laura Rico Navarro
Literatura leinuak euskal eremuan

Literatura leinuak euskal eremuan

Euskera ·

Lekuona, Mogel, Irigaray eta Jimenez hiru familia literaturgintzan. Ofizioa etxean ikasten denean

Viernes, 25 de junio 2021

Euskal Literaturan aditua den edonork badaki, politikan gertatu ohi den bezala, familia bereko zenbait partaidek ekin izan diotela letren lanari eta familia bereko idazleekin egin dezakeela topo.

Oraindik gogoan izango dituzte Oiartzungo udaletxean izan zirenek Juan Mari Lekuona Euskaltzain izendatu zuten egunean Jean Haritschelhar maisuak esandako hitzak:

«Gure artean sartzen zara egun ofizialki, hemen, Oiartzunen, zure sort-herrian. Lekuona baten alki hutsean Lekuona bat jartzen da. Deitura berekoak, hura zen Don Manuel, zu zara Juan Mari».

Esaldi hori, «hura zen Don Manuel, zu zara Juan Mari», askotan gogoratu izan da familia bereko idazle biren aldea erakusteko. Bata dira deituraz, bi izatez. Familiak ez ditu zertan egilearen sorkuntza norabidea eta nortasuna ilundu behar.

On Manuel Lekuona (1894-1987) eta Juan Mari Lekuona (1927-2005) ekarri nahi nituzke artikulu honen lehen lerroetara, haiek erakusten dutelako elkartasunak eta desberdintasunak nola osatzen duten ibilbide literario oso desberdina: Ahozko literaturan adituak biak, sorkuntzan ere bai. Baina ilobak poesian utzitako aztarnak osabarenak baino sendoagoak dira gaur egun guretzako.

Leinuen ibilbideen kontu honetan giro historikoek zeresan handia dute. Eta euskal literaturan aditua ez ezik zalea denak bat-batean aipatuko du gure historiako leinurik ezagunena: Mogeldarrena. Osaba (hura ere apaiza), Juan Antonio Mogel (1745-1804), eta iloba bi: Bizenta (1782-1854) eta Juan Jose (1781-1849).

Lehen biak dira aipatuenak gure literaturan. Mogel zaharrak 1802an 'Peru Abarka' idatzi zuen eta urte luzeetan argitaragabe egon ondoren, 1882an inprimatu zen. Lehen euskal nobela gisa onartu izan da urte askoan (eta badago ikerlaririk lehen euskal nobela poliziakotzat duena, zeren bentako neskameari tranpa jarri ondoren, Maisu Juan barberuak garaiko poliziengandik ihes egin behar du Peru Abarkaren baserrian babesa lortzeko asmoz), nahiz eta egileak elkarrizketak direla aipatu zuen.

Ez da zalantzarik, baina, Juan Antonio ilustratuen hezkuntza sistemaren jarraitzailea zela eta literaturaren didaktikan sinesten zuela

Ez da zalantzarik, baina, Juan Antonio ilustratuen hezkuntza sistemaren jarraitzailea zela eta literaturaren didaktikan sinesten zuela. Berari esker, iloba Bizentak euskaraz, gaztelaniaz eta latinez idazten ikasi zuen. Joan Perez de Lazarragaren eskuizkribua agertu zenetik Estibalitz Sasiolak kendu badio lehen euskal emakume idazlearen titulua, emakumeen hezkuntzaren kontra ari direnen iritziak ukatu nahiz, bere 'Ipui onak' (1804) liburuaren hitzaurrean jarritako hitz hauek oraindik bizirik diraute: «Ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitzea liburugiñen: asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea». Hain zuzen ere, berak uste du badagokiola neskatxa bati hori egitea, eta babes gisa darabiltza historiako hainbat santaren izenak. Leinu ohoragarri bateko seme zen Juan Jose Mogel, baina bere lan literarioa didaktikoegia da gaur eguneko aho zaporerako: 'Baserritar nequezaleentzaco escolia, edo icasbidiac guraso justu ta jaquitun familija ondo azi ebeeneen exemplu ta eracutsijetan' (1816).

Beste leinu ezaguna da Nafarroan sortu dena, eta kasu honetan hiru belaunaldi eman ditu familiak letren lanketan: Fermin Irigaray, Larreko, (1869-1949), Aingeru Irigaray, Apat-Etxebarne (1899-1983) eta Jose Angel Irigaray (1942) dira leinu luze horren partaideak. Mende eta erdiko memoria dago idazle leinu horren barrena, eta memoria aipatzen dugularik, Larrekok gerra garaia idatzita eta ezkutuan eman zuen 'Gerla urte, gezur urte' 1993a arte argitaratu ez zen testigantza lan erraldoia gogoratu behar ezinbestean. Hiru idazleok, bakoitzak bere tonuan, euskal literaturaren historian bere mugarria jarri dute. Jose Angel da, ez soilik hurbiltasunagatik, literaturari emanago duguna, poesia liburu ederrak plazaratu baititu, orain arte azkena, 'Isiltasunaz hunatago' izenburupean, 2020an argitaratu zuen.

Badira beste leinurik, nola ez? Eta emakumeak gutxi aipatu ditugunez, Irati Jimenez (1977) alaba eta Edorta Jimenez (1953) aita dira aipagarriak. Mundakarrak lan zabala eman du, bai poesian eta baita nobelagintzan ere, nahiz eta azken garai hauetan literaturatik urrundua dela ematen duen. Irati Jimenezek, ordea, Bilboko Udaleko azken Unamuno Saiakera Saria irabazi du aurki argitaratuko den 'Erabakiak eta esanahiak, hautuak eta sinboloak. Idazketa kontzientea eta inkontzientea Harkaitz Canoren Neguko Zirkuan' lanagatik. Deabruaren Eskolan web gunea ireki du berriki. Gustura irakurri genizkion aspaldiko nobelak 'Bat, bi, Manchester' (2006), 'Nora ez dakizun hori' (2009). Baina bideak desberdinak dira gaur egun Irati Jimenezen lanean.

Horra hor lau leinu letren lerroetan. Lanbidea ez da zail ikasten familiaren barnean.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Literatura leinuak euskal eremuan