Lau gazte narratiba liburu oporretan gozatzeko

Karla Fernández de Gamboa Vázquez

Miércoles, 28 de junio 2023

David Pintor

'Erbia eta dortoka, bigarren aukera'

40 or.
Pamiela
14 euro

Alegia agorrezina

Esoporen ‘Erbia eta dortoka’ alegia aski ezaguna da, alegialari ugarik berridatzi izan baitute. Hala eta guztiz ere, David Pintor ilustratzaileak haurrak zein helduak harritzea lortzen du Pamielak argitaratutako album dibertigarri honekin. Pertsonaien adierazkortasuna eta ekintzen dinamismoa nabarmentzen duten ilustrazioen bidez, dortokak lasterketa irabazi ondoren gertatzen dena erakusten zaigu. Erbiak, porrotak jota, errebantxa eskatzen dio dortokari. Oraingoan lasterketa irabaziko duela sinetsita dago, ez baitu berriro dortoka gutxietsiko lasterketaren erdian lo kuluxka bat eginez. Baina inork uste baino barrabasagoa da dortoka. Haren azpijokoek erbia bere onetik atera eta egoera barregarriak sortuko dituzte. Album honen testua pertsonaien arteko elkarrizketara mugatzen da, ezin hobea etxeko txikiei ozen irakurtzeko eta elkarrekin barre egiteko.

Karmele Mitxelena/Alex Orbe

'Marrubizko uda'

76 or.
Elkar
12,60 euro

Familiarekin kanpinean

Karmele Mitxelenak Mikel Zarate saria jaso zuen 2022an eleberri honengatik. Maite da istorio honen protagonista eta narratzailea. Gurasoek esaten edo egiten duten edozer gauzaz lotsatzen den adin horretan dago Maite, eta hasieratik argi uzten du ez dagoela batere pozik bere gurasoek antolatu dituzten udako oporrekin: aitona-amonen karabana zaharrarekin herri galdu bateko kanpinera joan dira. Gainera, gurasoak bananduko diren susmoa du, kanpinera heldu direnetik eztabaidatzea baino ez dutelako egiten. Dena den, kanpinean dauden gainerako nerabeak ezagutzen dituenean, horien artean Paule, oporrak jada ez zaizkio hain higuingarriak irudituko. Mitxelenaren eleberri honen ezaugarririk azpimarragarrienetako bat narratzailearen sinesgarritasuna da. Izan ere, naturaltasun handiz adierazten ditu neska gazte baten emozioak, kezkak eta sentimenduak.

I. Cieli/N. Marsily

'Memet'

104 or.
A fin de cuentos
18 euro

Haurtzaroko oporren nostalgia

A Fin de Cuentos argitaletxeak euskaraz kaleratzen duen lehenengo komikia da ‘Memet’. Ez da harritzekoa 2021ean Bolonia Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Azoka ospetsuan saritu izana; izan ere, Noémie Marsilyren ilustrazioen estilo bereziak –grafitozko zirriborroak, koloretako arkatzez margotuak– eta Isabella Cieliren gidoiak istorio sotil, iradokitzaile, sentikor eta delikatu bat eskaintzen digute. Bi protagonistek, Lucyk eta Romanek, kanpin batean ezagutzen dute elkar. Lucy ahizpa nagusiarekin etorri berri da, eta Roman, berriz, bere etxea balitz bezala moldatzen da kanpinean. Ez dute hizkuntza bera hitz egiten eta oso desberdinak dira. Hasieran bi haurrek elkarrenganako mesfidantza sentitzen badute ere, bestearekiko jakin-minak eta egun horietako bizipenek adiskidetasun bitxi bati bidea emango diote. Bi hitzez esateko, komiki aparta.

Hainbat Egile/Udane Ansa Iragorri

'Mare, ilargiari poemak'

171 or.
1545 arg.
25 euro

Ilargirako bidaia

1545 argitaletxeak kaleratutako ‘Mare, ilargiari poemak’, berez, ilargirako bidaia poetiko bat da. Eta jakina denez espedizioa arrakastatsua izan dadin talde trebea behar dela, liburu honetan aintzatespen handiko euskal poeta garaikideak elkartu dira. Nahiz eta estilo eta forma desberdina izan, poema guztiek ilargia dute ardatz. Liburua osatzen duten 29 poemak bost ataletan banatzen dira: padurak, badiak, aintzirak, itsasoak eta ozeanoa; eta poema bakoitzak Udane Ansak eginiko ilustrazio iradokitzaileak ditu lagun. Hori gutxi balitz, bidaia poetikoa hasi aurretik hiru hitzaurre ditugu: bata zientifikoa, Ana Galarragaren eskutik, bestea filosofikoa, Iñigo Martinezek idatzita, eta azkena literarioa, Joseba Sarrionandiaren hitzekin. Bueltan, aldiz, Iratxe Retolazak euskal poesiaren ilargialdiak deskribatzen ditu. Bidaia ezin hobea uda honetarako.

Literatur gomendio gehiago hurrengo esteketan:

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad