«Hagitz erraza egiten zait Harkaitz Canok idatzitako hitzei musika jartzea»
Eman hegoak euskarari ·
Petti Abeslaria. 'Manipulazio estrategiak' disko kontzeptuala aurkeztu du, Noam Chomskyren pentsamenduan oinarrituaSecciones
Servicios
Destacamos
Edición
Eman hegoak euskarari ·
Petti Abeslaria. 'Manipulazio estrategiak' disko kontzeptuala aurkeztu du, Noam Chomskyren pentsamenduan oinarrituairaitz urkulo
Sábado, 15 de agosto 2020, 00:25
Pettik (Bera, 1973) martxoaren 15ean aurkeztu behar zuen disko berria Bilboko Guggenheim museoan, Loraldia jaialdiaren barruan. Egun bat lehenago, ordea, alarma-egoera ezarri zuten koronabirusaren krisiagatik eta ekitaldia bertan behera geratu zen. Zorionez, 'Manipulazio estrategiak' diskoa (Zart kolektiboa, 2020) kalean da jadanik, eta abeslaria hasia da kantu berriak zuzenean aurkezten.
Diskoa Noam Chomskyk formulatu zituen manipulazio mediatikorako hamar estrategietan oinarrituta dago. Harkaitz Cano arduratu da abesti guztien letrak idazteaz, eta Pettik, musikari bikain askoren laguntzaz, musikaz jantzi ditu. Ohi dituen blues, folk eta rock doinuez gain, bossa nova eta sehaska kanturen batekin ere ausartu da. Gainera, haren ahotsa inoiz baino ozenago eta garbiago entzuten da, oraingoan mezuari garrantzi handia eman baitio.
- 'Manipulazio estrategiak' da ZART kolektiboaren eskutik kaleratzen duzun lehen diskoa. Zer da ZART kolektiboa?
- ZART sortzaile kolektibo bat da. Kezka, erronka eta lana partekatzen dugun hainbat idazle, musikari eta artista plastikok elkartzea erabaki dugu... egiteko, ekiteko, probokatzeko eta bizitzeko!
- Disko hau Guggenheim Museoan aurkeztu behar zenuen martxoaren 15ean, Loraldia jaialdian, baina kontzertua bertan behera geratu zen.
- Bai, horrela da. Pare bat egun lehenago erabaki zuten Loraldia jaialdiko antolatzaileek ekitaldia bertan behera uztea, eta nire ustez ongi egin zuten, ondoren etorri zen guztia ikusita. Azkenean udazkenean izanen dugu han jotzeko aukera, baina egoera nola doan ikusi beharko dugu. Dena ondo badoa, urrian han egonen gara.
- Zenbat aldiz entzun zenituen diskoko abestiak konfinamenduan zehar? Ahalko bazenu, aldaketarik egingo zenioke orain?
- Egia esan, ez nuen diskoa entzun. Denbora anitz pasa genuen nahasketak eta masterra egiten, eta azkenean nahiko nekatuta bukatu nuen kantuak entzuteaz. Ez dut aukerarik izan zerbait aldatuko nukeen edo ez jakiteko, baina seguru baietz, beti dago zerbait hobetzeko. Hala ere, azken emaitzarekin hagitz gustura gelditu nintzen. Uztailean hasi gara kontzertuekin eta kantuak berriz entzuten, horrela hitzak errazago ikasten ditudalako. Baina normalean ez zait diskoak entzutea gustatzen denbora franko pasatu arte.
- Nola bururatu zitzaizun, Noam Chomskyren pentsamenduari jarraikiz, manipulazio mediatikorako hamar estrategiatan oinarritutako disko bat osatzea?
- Chomskyren liburu bat irakurtzeko gomendioari jarraituz deskubritu nituen Silvain Timsitek egindako hamar estrategiak. Orduan bururatu zitzaidan aukera ona izan zitekeela hamar testu horiekin hamar kantuko diskoa egitea. Nahiz eta estrategiak aspaldi formulatuak izan, gaurkotasun handia dute, eta egunero bizitzen dut diskoan azaltzen den kantu batekin zerikusia daukan zerbait.
- Zergatik eskatu zenion Harkaitz Canori abestien letrak idazteko?
- Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta behin baino gehiagotan egin dizkit hitzak nire aurreko diskoetarako. Hagitz erraza egiten zait berak idatzitako hitzei musika jartzea. Badaki zer egiten dudan eta nola, eta nik badakit berak egindako edozer gauza ona izanen dela. Diskoko hitzak irakurtzea bertzerik ez dago horretaz jabetzeko.
- Hitzei musika jartzeko orduan, doinu eta estilo zeharo ezberdinetara jo duzu.
- Niretzat ohikoak ez diren eremuetan sartu naiz, baina izandako laguntzarekin uste dut emaitza ederra lortu dudala. Beti jo ohi ditudan bluesaz, folkaz eta rockaz aparte, bossa nova eta sehaska kanturen bat ere badago disko honetan. Beti saiatu izan naiz disko berean musika estilo ezberdinak jorratzen; rock disko pare bat egin ditut, baina bertze guztiak nahiko eklektikoak izan dira. Kasu honetan ere halakoa egin dut, eta diskoa aberatsagoa gelditu dela iruditzen zait, nahiz eta arriskutsua izan. Batzuetan, rocka maite duenak ez ditu bertze estilotako kantuak maite, eta alderantziz.
- Ohiko kolaboratzaileez gain, lehen mailako gonbidatu ugarik ere parte hartu dute diskoan.
- Bai, zorte onekoa naiz dudarik gabe. Berako ohiko lagunak egon dira, Joseba Irazoki eta Telletxea anaiak. Angel Unzuk eta Juantxo Zeberiok gitarra eta teklatuak jo dituzte. Et Incarnatus orkestrako hari laukoteak ere parte hartu du: Miren Zeberiok, Alejandro Saulek, Mikel Urdangarinek eta Imanol Martinezek. Saxoa Gorka Benitez handiak jo du. Maite Larburuk, berriz, ahots zoragarriak sartu ditu. Diskoa Berako Atalan eta Tolosako Bonberenean grabatu zen, Iñigo Irazoki eta Karlos Osinagaren laguntzaz.
- Abesti guztietan zure ahotsa gailentzen zaie gainerako elementu guztiei.
- Bai, asmoa hitzak ongi ulertzea zen. Garrantzi handia dute hitzek disko honetan. Horrexegatik, kantu elektrikoetan ere ahotsa ohi baino altuago entzuten da. Azkenean, mezua zabaltzea da helburua, eta horretarako hitzak ongi ulertu behar dira.
- Diskoak hamar abesti ditu, baina hamaika pista. Izan ere, abestietako bat bertsio akustikoan eta elektrikoan entzun daiteke. Zergatik?
- Hasiera batean kantu akustikoa izan behar zuen, baina entsegu lokalean Etxeko Uzta taldearekin probatu ondoren bertsio elektrikoa ere polita gelditzen zela konturatu ginen, eta bi bertsioak sartzea erabaki nuen, bata Maite Larbururen ahotsarekin eta bestea nik bakarrik kantatuta. Orain bi aukera dauzkagu zuzenean egiteko eta, egoeraren arabera, bata ala bertzea joko dugu.
- Berriki, 'Zaldi emozionalak' abestiaren bideoklipa zabaldu duzu sarean. Ezohiko bideoklipa da.
- Ezohikoa, bai; bideoklipa sortu zen uneko egoera bezala. Bideoklipa alarma-egoera betean egina dago, baina, halere, Bira Produkzioak enpresako adiskideek lan ederra egin zuten kantuarekin bat datozen imajinak lortzen eta bideoa muntatzen.
- Oraintxe hasi zara diskoa zuzeneko kontzertuetan aurkezten. Nolako ikuskizuna eskaintzen duzu?
- Baldintzen arabera, emanaldi mota bat edo bertze bat egiten dugu. Berez, kantuak beti hari laukotearekin batera jotzea litzateke onena, baina zaila da emanaldi guztietan musikari guztiak batzea, are gehiago kulturaren egungo egoera ikusita; baina aukera dagoen guztietan, hori da asmoa.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.