

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Autor: Igor Estankona
Argitaletxea: Susa. 96 orr. 13,50 euro
Hamar bat urte pasatu dira Igor Estankonak bere azken poema liburua argitaratu zuenetik, eta parentesi moduko horren ondoren 'Moskito' izenburuko idazlanarekin egin du poesiaren alorrean berragertzea. Hemengo poemak osatzeko erabili diren irudien interpretazioan ziur aski ez dira bat etorriko irakurlea eta idazlea: agian idazlearen aldetik pertsonalak eta zehatzak diren erreferentziak, irakurlearentzat misteriotsuak izango dira, surrealismoaren emaitzak alegia. Edonola ere, unibertso propioa eraiki du idazleak eta irakurlea ia gonbidatu moduan begira dago poetaren etxearen barruko mundu berezi horri. Poemak eraikitzeko, idazleak inguru exotiko eta urruna aipatzen du askotan; eta besteetan, poesia errealitate gordinaren gainean bermatzen duela ematen du, poemak erdibide batean kokatuta egongo balira bezala, erdibide ez-egonkor eta malguan.
Autor: Joseba Sarrionandia
Argitaletxea: Pamiela. 208 orr. 16 euro
Joseba Sarrionandiaren literatur produkzio oparoan leku berezia betetzen dute testu laburrez osatutako saiakeraren itxurako idazlanek. 'Ni ez naiz hemengoa' liburu ezaguna, adibidez, eredu hautatua izango litzateke, eta oraingo hau ere ildo horretan koka liteke. Kasu honetan, testuak ordenatzeko irizpide moduan, egunkariaren formatua aukeratu da. Adabakiz eraikitako pentsamenduaren aurrean gaude, saiakerari suposatzen zaion argumentazio luzeago eta sakonagoaren ordez, liburuan agertzen diren testuek zatika eta inpresioz adierazten baitituzte ideiak. Askotariko gaiak agertzen zaizkigu: hausnarketa orokorrak, liburuei buruzko erreferentziak, Kubako bizitzari buruzko aipamenak… Testuan argumentazio luzerik azaltzen ez bada ere, honek ez du esan nahi hausnarketarik ez dagoenik, baina bide zidorrak isilpean edota irakurlearen esku utzita.
Autor: Lorea Agirre Dorronsoro / Idurre Eskisabel Larrañaga
Argitaletxea: Susa. 144 orr. 13 euro
Lorea Agirre Dorronsorok eta Idurre Eskisabel Larrañagak euskara eta feminismoa uztartzen dituzte 'Trikua esnatu da' izenburuko saiakera honetan. Emakumezkoen egoera eta euskaldunen egoera parekatuta agertzen dira haien planteamenduan, baina parekatze hau burutu ahal izateko 'euskaldun' kontzeptua nolabait zehaztu behar dute, zeren euskalduna ez baita besterik gabe euskararen jabe den edo euskara dakien pertsona euskalduna bere bizitza osoa euskaraz egiteko jarrera aktibo eta kontzientea duen pertsona litzateke. Hemendik abiatuta, parekotasunak nabarmenak dira eta subalternitatearen ideiaren inguruan bildu daitezke. Idazlana hasieran ikerketa antropologikoaren bidetik doan arren, ikerketaren mugak gainditu nahirik aldarrikapenetik ere badu, ideia eta jarreretan aldaketak bultzatu nahi dituzten momentutik.
Autor: Enereitz Artetxe Aranaz
Argitaletxea: Susa. 114 orr. 12 euro
Eneritz Artetxe Aranazen eta berak sortutako Dxusturi Teatro konpainiaren eskutik heltzen da 'Isiltasuna'. Liburuan bi antzerki lan jasotzen dira. Lehenengoak, liburu osoak bezala, 'Isiltasuna' izenburua du. Testuaren ardura Eneritz Artetxek berak du eta oraindik ez da publikoaren aurrean antzeztu. Bigarren antzerki lanaren izenburua 'Karramarroa' da eta hau bai antzeztu da, Artetxe antzezle bakarra delarik. Bestalde, bigarren lan honen egiletza konplexuagoa da, talde lanaren ondorioa baita. Antzezle gutxik hartzen dute parte lan hauetan eta ardatzaren funtzioa betetzen duen pertsonaiaren hizketaldien inguruan antolatuta daude. Hauek hitz egiten dute gai batetik bestera pasatuz (feminismoa, gorputza, kultura, turismoa…) eta bitartean bufoiaren papera nabarmentzen da, egiarik serioenak batzuetan erdi txantxetan esan behar baitira.
Autor: Patxo Telleria
Argitaletxea: Susa. 106 orr. 12 euro
Antzerkiaren alorra oso zabala izanik, bere barruan izaera desberdineko lanak sartzen dira, kabaret itxura daukatenak ere bai, kasu honetan bezala. Izan ere, Patxo Telleria antzerkilari ezagunak idatzitako (eta taularatutako) 'Simplicissimus' lan honek izaera malgu horren ezaugarriak erakusten ditu. Ohiko antzerki, kabaret, vaudeville edo musikaletatik, guztietatik zerbait du, umorea eta tragedia elkartzen dituen argumentu baten inguruan. Lan honek ikusle-irakurleak leku eta garai konfliktibora daramatza, gertakariak Berlinen 30eko hamarkadan kokatzen baitira. Gaia bera autoerreferentziala da, hau da, kabaretaren itxura erabilita, kabaretak berak testuinguru hartan izan zuen bilakaera azaltzen da, jakina, nazien presentzia ahaztu gabe. Giro horretan umorea botere ahalguztidunari aurre egiteko modu bat izan daitekeela erakusten du kabaretak.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.