Kezka pertsonalak alde batera utzita, niri gehien interesatzen zaizkidan esparru publikoen artean, hots, batetik euskararen eta kulturaren esparruan bestetik emakume eta gizonen arteko berdintasunarenean, bietan ... mende erdian kobazuloetatik eguzkitara pasa gara, katakonbetatik kalera. Noski, aldaketa hori ez da berez gertatu ezta halabeharrez ere. Kasu batean nahiz bestean, ez da belaunaldi bakar baten lorpena izan. Hamarralditan adin desberdinetako pertsona batzuen lanaren ondorio da gaurko egoera, asko kostatako aurrerapausoa. Aurrerapauso, ez helmuga.
Publicidad
Nire belaunaldikook euskarazko letren munduan hasi ginenean ez genuen apenas ezer: tartekako aldizkari bat, apenas argitaletxerik, ez sistema literariorik ez hizkuntza eredu bateraturik. Ondarroarako balio zuena ez zen baliagarri Oiartzunen edo Elizondon. Sasoi urrun hartan inprentek euskarazko liburuentzako zerga bat zuten: suplemento de idioma extranjero esaten zitzaion. Gogoa genuen, hori bai, ez genituen irakurleak izateko gogoa besteak beste. Hortik gatoz, nik behintzat ez dut ahaztu nahi, ezin dut ahaztu.
Noski, esparru batean zein bestean, aldaketa ez da berez gertatu, ezta halabeharrez ere. Jende askoren lanak eragin zuen aldaketa, adin desberdinetako pertsonen lan tematiak. Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik.
Barkatuko didazue orain arteko amonakeria hau, baina niri behintzat ezinbestekoa zait oraindik falta zaiguna aztertzerakoan. Mendian gora zoazenean bezala, igo eta igo eta agian iruditzen zaizu ez zarela gailurrera hurbiltzen, estutzen zaizu arnasa, nekatzen zaizkizu zangoak eta ez duzu gailurra hurbilago ikusten. Kasu horretan, atzera begiratu behar duzu aurrera egiten ari zarela egiaztatzeko.
Publicidad
Iruditzen zait aurrera egiteko errezetak aldaketa gutxi duela gaur egun: borondatea, lana, belaunaldi bat baino gehiago batera, lana. Ez da, agian, errezeta atsegina, baina iraganak frogatu du eraginkorra dela.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.