Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
JON KORTAZAR
Jueves, 14 de abril 2016, 13:31
Ezin esan gure artean itzal gutxikoak direnik literaturaren maisu handi biak. Aurton, haien heriotzaren laurehungarren urtemuga betetzen den urtean, euskarara ekarritako itzulpenek zein bide egin duten begiratzea eta errepaso ezinbestean arina ematea da gaurko artikulu honen zeregina.
Inoiz nahikoa eskertuko ez dugun Armiarma web-orrialdeak ... Euskarari ekarriak sailean, Cervantesen hogeita lau lan osorik edo atalka itzulita agertzen ditu; ostera, 36 itzulpen saio egin direla dio Shakespeareren lanekin, batzuk gainera oso zabalak, komediak eta tragediak osorik itzultzeko ahalegina eta guzti.
Cervantes
Cervantesek gure artean izan duen harrera aztertzea bide zuzenean egin dezakegu. Garai batean, Euskal Herriko kulturak bat egin nahi zuen Madrileko kulturarekin, eta Cervantesen ospeak ekarri zituen hainbat ekimen. Itzulpen lanik egin ez bazituen ere, aipatzeko da eta badakit akademizismoaren alorrean sartu naizela, 1873an, Gasteizen sortu zela Academia Cervántica deituriko erakundea, Alcaláko idazlea urtero omentzeko asmoarekin jaioa. Fermin Herrán eta Julian Apraiz Sáenz del Burgo izan ziren bultzatzaileak, biak ala biak Cervantesen On Kixote nobelan espezialista handiak eta egilearen miresleak. Foruen aurka orduan hasi zen iritzi-uholdean, Cervantesen lana erabili zuten euskal legeak kolokan jartzeko. Eta joera politiko horren aurrean, foruen defentsa egiteko asmoz argitaratu zuen, 1881ean, Julian Apraizek Cervantes, vascófilo izenburuko liburua. Badago lan horren edizio berria, 2005ekoa.
Horren ostean, ahalegin pertsonalak eta txikiak gertatu ziren euskal letren munduan. Adibidez, Pio Barojaren aitak, Serafin Barajok, On Kixoteren zenbait pasarte itzultzeko asmoa aurkeztu zuen, nahiz eta asmoa ezerezean geratu. Duvoisin kapitainak, ordea, Biblia itzuli ondoren, 1904an Don Kixoten gerthakariak deituriko liburua eman zuen argitara Biarritzen. Izenburuak asko agindu bazuen ere, mamiak ez zuen horrenbeste eskaintzen: lehen aleko hitzaurrea eta hiru kapitulu itzuli zituen Kapitainak. 1905ean, Julian Apraizen gidaritzapean, beste zenbait pasarte itzuli ziren garaiko euskal idazle ezagunen eskutik. Adibidez, Zamarripak eta Kirikiñok parte hartu zuten argitalpen horretan.
Euskal itzulpenak, baina, sendotzen joan ziren. Eta Iruñean, 1928an, bizkaitarraren pasarte famatua gaitzat hartuz, itzulpen lehiaketa bat antolatu zen. Bertaratuen artean, Orixe eta Lizardi aipatu ditzakegu besteak beste. Orixek irabazi zuen saria, baina sariaz gain, euskal idazle handiak hausnarketa argigarriak utzi zizkigun, bai sariari buruz bai itzulpen lanari buruz ere.
Ondoren, isilpe luzea dago. Baina pertsona baten ahaleginari esker, On Kixoteren itzulpen osoa eskaini zitzaigun. Pedro Berrondok lan bipila egin zuen eleberriaren itzulpen osoa eginez, eta lan ez gutxiagorekin argitaratuz. Lehen zatiaren edizioko hiru mila aleak Donostiako Aurrezki Kutxaren babesean argitaratu ziren Itxaropena etxean (1976). Nahiz eta, agian, harrera ez zen oso sutsua izan. Kontuan hartu behar da, euskara batuaren aldeko uholdearen erdian, Berrondok euskalkien alde egin zuela. Hona hemen Nor da Nor web orrian aurki daitekeen iritzia: «Itzulpenak hautsak harrotu zituen, baina ez zuen arrakastarik izan; baliteke horren arrazoia Berrondok euskara batuaren kontra erakusten zuen jarrera sutsua izatea». Bigarren zatiaren edizioa murritzagoa izan zen. Mila berrehun eta berrogeita hamar ale plazaratu ziren Gipuzkoako Diputazioaren laguntzari esker, Estornestarren etxean (1985). Baina obra horrek izan du jarraipenik, zeren, 2005ean, gazteentzako moldapen laburtu bat egin zuen Patxi Ezkiagak. Eta, urte berean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eskutik, Berrondoren itzulpena berrargitaratu zen, Gotzon Egiaren hitzaurre jakingarri batekin.
Beste ekimen berezi eta txalogarria izan da Lukas Dorronsorok aurrera eraman duena Cervantesen nobela labur guztien, eredu nobelen, itzulpena eginez. Banan-banan euskaratuz joan da, eta, neurri horretan, lan zabalaren isla da berea. Rinkonete eta Kortadillo lana 1987an eta urte luzeetan ageri izan du bere lana, 2006an Andre Kornelia eta 2007an Eredu nobelak agertu ziren arte. Hogei urteko ibilbide luzea, beraz.
2005ean, galdetegi txikia bidali nien hogeita lau euskal idazleri galdetuz ea On Kixoteren eraginik ote zuten beren lanetan. Hamahiru erantzun jaso nituen eta hamahiru horietatik zazpik baietz erantzun zuten. Haien artean, Joxemari Iturraldek, Juan Luis Zabalak, Harkaitz Canok eta Kirmen Uribek baiezkoa eman zuten. Irakurria zutela Cervantesena, eta haren lanari esker ari zirela berena atontzen eta aurreratzen.
Shakespeare
Cervantesen kasuan, ahalegin pertsonalek (ikusi dugu Apraiz, ikusi ditugu Berrondo eta Dorronsoro) itzulpen prozesuan indar handia izan badute, esango nuke Shakespeareren kasuan, onartuagoa dela euskaratze lana. Cervantesen kasuan beti dago azpian galdera bat: zertarako euskaratu gazteleraz ere irakur dezakegun idazlea? Ez da hori gertatzen Shakespeareren kasuan. Beraz, horra hor egile ingelesaren obrak itzultzeko aurki dezakegun arrazoi bat. Bigarrena, generoari lotua da. Antzerkiak indarra izan du euskal literaturaren sisteman, beste ikus-entzunezko medioak agertu ziren arte.
Eusko Ikaskuntzak eman zuen argitara Toribio Alzaga antzerkigileak 1926an egin zuen Macbethen itzulpena (Irritza izenburupean). Gerra ostean agertuko dira txitean-pitean Bingen Ametzagaren poesia itzulpenak, nahiz eta oso berandu arte ez ziren bildu bere Itsasoa aurrean (2006) bilduman. Dena dela, berari zor zaio Hamleten lehen euskaratze saioa, Ekin argitaletxean agertua, eta baita Uda gau bateko ametsa (2015) Eiziek argitaratua.
Jokin Zaitegik eta Andima Ibinagabeitiak planifikazio kulturala jarri zuten bidean, horren plataforma gisa Euzko-Gogoa aldizkaria sortuz, finantzatuz eta erabiliz. Jakina denez, humanismoaren izenean, giza kulturako eta letren munduko idazle nagusiak ekarri nahi izan zituzten euskarara. Aldizkariaren izenburuko Gogoa horrek ere planteamendu humanista horren agerbidea da. Horrela, plan bat jarri zuten agerian eta horren barnean kokatu zuten Shakespeareren lanaren itzulpena. Bedita Larrakoetxeak (1894-1990) hartu zuen bere gain lan hori aurrera ateratzea, eta Euzko-Gogoa aldizkarian bardoaren hiru lan nagusi eman zituen argitara: Macbeth (1957), Lear Erregea (1958) eta Ekatxa (1959). Baina bere egitasmoa ez zen berehala bukatu, eta, 1974tik aurrera, W. Shakespeareren antzerki guzti-guztiak euskeraz emateko egitasmoa burutu zuen. Komediak, Odol antzerkiak eta Dramak izenburuarekin bost ale handi argitara emanez, guztira 37 antzerki-lan itzuli eta argitaratu zituen Apaiztegiko inprimategian, Kardaberaz bazkunaren babespean. Egia da, agian, zahar kutsua dutela gaur egun itzulpen horiek, baina ezin zaio itzulpenon egileari, Larrakoetxeari, meriturik kendu.
1985ean, Xabier Mendiguren Bereziartuk, Antzerti gerra-aurreko aldizkaria berpizteko ahaleginean, hainbat antzezlan itzuli zituen, eta Eusko Jaurlaritzaren egitasmoaren barnean aritaratu. Horrela agertu ziren, besteak beste, Richard II edo Julio Zesar dramak. Beste egitasmo zabal baten adibidea dugu ekimena, eta Euzko-Gogoan gertatu zen bezala Antzertin ere proiektu osoago baten barnean kokatu ziren itzulpenok. W. Shakespeareren antzerki lanak euskaratzeko azken ahaleginak Juan Garziak egin ditu: Hamlet (2002), beste kultur proiektu zabal baten barnean, hain zuzen ere, Literatura Unibertsala izeneko munduko egile klasikoen lanak itzultzeko ekimenaren barnean, eta Uda-gau bateko ametsa (2014) Eizie-ren edizio digitala.
Juan Garzia da Shakespeareren itzultzaileen zerrendara erantsitako azkena, eta ziurrenik Ingalaterrako antzerkigilearen lanaren itzulpenean espezialista bihurtu dena. Bere lanaren kalitateaz luze hitz egin dezakegu. Baina ekarri ditzadan hona Karlos del Olmo adituak dioena: «Literatura Unibertsala bildumak ehungarren alea erdietsi du, eta izan lezakeen aitabitxirik egokienaren eskutik lortu ere du, alegia, Bardo Unibertsala lagun. Eta, horiek horrela, izan ote liteke Juan Garzia Garmendia baino enbaxadore egokiagorik? Soneto hautatuak eskainiak zizkigun lehendik. Eta Borgesen Ipuin hautatuak. Ez dago zer gaineraturik. Letra zaurituek ondo dakite zilborreste ikusezin moduko batek lotzen dituela William eta Jorge Luis. Eta Juanek horiek biak euskaraz trebe ere trebe kateatu ditu».
Baina Antzerkitik poesiara: Sonetoak. Karlos del Olmok gogoratu duenez, 1995ean argitaratu zuen Juan Garziak W. Shakespeareren Soneto hautatuak lana, txantxa eta guzti. Baina gerora, poesia mota hori obsesio bihurtu zaiola esan dezakegu, eta, 2014an, Sonetoak liburu miresgarria eman du plazara, Mikel Laboa katedraren laguntzaz. Lanaren aldetik, azpimarratu behar dugu sonetoak errimaturik emateko egin duen lana. Edizio aldetik ere eredugarria da. Jatorrizko bertsoaren argitalpen kritikoa bilatu da, iruzkinak jarri dira gaurko irakurleari Shakespeareren magia hurbiltzeko asmotan, eta gainera Koldobika Jauregiren irudi ederrek eman diote lanari berebiziko edertasuna. Bestalde, Joxan Goikoetxeak 23 soneto musikatu ditu. Gaur egungo ikusle/irakurleek behar duten lan multimedia osatu dute.
Baina denaren gainetik, itzulpena dago. Jator eta maisu egina. W. Shakespeare guregana ekartzeko ahalegin miresgarria.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.