Euskal Eskola Publikoaren jaiaren aurkezpena.

Mugarik gabeko festa

'Emazu eskua' lelopean, Euskal Eskola Publikoaren 25. jaia Ipar Euskal Herrian ospatuko da lehenengoz ekainaron 5ean, Hendaian hain zuzen

marta goikoetxea

Domingo, 13 de marzo 2016, 01:08

Batasunak eta elkarlanak ematen omen dute indarra. 'Emazu eskua' lelopean, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak, EHIGEk, lehengo aldiz Iparraldean ospatuko du Euskal Eskola Publikoaren 25. jaia. Zehazki, Hendaian izango da ekainaren 5ean. «Lelo honen bidez irudikatu nahi dugu elkarri eskua eta elkarri euskara emateak duen garrantzia gure hizkuntzaren etorkizunerako. Hori dela eta euskara Ipar eta Hegoaldeko ikasle, irakasle eta gurasoen arteko komunikazio-tresna izatea nahi dugu ekainaren 5ean Hendaian», adierazi du Lurdes Imazek, EHIGEko koordinatzaileak.

Publicidad

Horrela leloak berak dauka protagonismo osoa. Lauki sarean diseinatutako tipografia, jairako bereziki sortua izan da. Existitzen ez den letra izanik, pertsonalitate eta originaltasuna ematen dio. Kolore eta forma desberdinetako irudiek aberastu egiten dute leloa, euskaldunon aniztasuna irudikatuz. 'Emazu eskua' da ere Iparraldeko eta Hegoaldeko ikastetxe publikoetako ikasleak harremanetan jartzea helburu duen egitasmoaren izena.

Halaber, ospakizunaren kokapena ez da hautamen hutsa izan. Helburu irmoa du, alegia. Bultzada bat eman nahi diote euskararen irakaskuntzari Iparraldean, konkretuki euskararen irakaskuntzari sare publikoan. «Eskola publikoa aukeratzen dute Iparraldeko familien %70ak eta horien herenak ikastetxe elebidunak. Era berean eta urtero bezala, eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatza izan behar dela aldarrikatu nahi dugu», azaldu dute EHIGE elkartetik. Horrez gainera, Ikasbi Ipar Euskal Herriko ikastetxe elebidunetako gurasoen elkartearen 30. urteurrenarekin bat egingo du aurtengo jaiak eta, aldi berean, elkartearen aspaldiko nahiari, hau da, ospakizuna mugaz gaindikoa egiteari, erantzuna emango dio.

Kokapenaren «edertasuna»

Izan ere, hainbat arrazoirengatik aukeratu dute Hendaia aurtengo jaia egiteko. «Hendaian euskara da Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko hizkuntza-zubia, mugaren bi aldeko euskaldunak bizi baitira bertan egunero frogatuz euskara dela komunikazio-hizkuntza. Hendaia, Sararekin batera, aitzindaria euskarazko irakaskuntzan sare publikoan», azpimarratu du Imazek.

Lehen hezkuntzako bost ikastetxe publiko daude Hendaian: Ville-Hiri barnea, Plage-Hondartza, Gare-Geltokia, Lizardi eta Joncaux. Hauetatik 4 ikastetxek eskaintzen dute Euskara-Frantsesa eredu elebiduna, 745 ikasle guztira.Bigarren hezkuntzari dagokionez, Irandatz ikastetxean 200 ikaslek ikasten dute eredu elebidunean. Gaur egun, Hendaiako ikasleen erdiak euskarazko irakaskuntza jasotzen du, bai ikastetxe publikoetan eta baita ikastolan ere.

Publicidad

Euskal Eskola Publikoaren jaiaren antolatzaileek kokapenaren edertasuna ere nabarmendu dute. «Inguru zoragarri batean, Txingudiko bahian, izango da eta uste dugu erakargarria izango dela bai Hegoaldeko bai Iparraldeko lagunentzat», ziurtatu du.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad