Borrar
Gipuzkoatik Bizkaiara egin du salto Korrikak

Gipuzkoatik Bizkaiara egin du salto Korrikak

Gau eta goizaldeko orduetan ere eutsi diote gipuzkoarrek asteartean zehar erakutsi zuten korrika zaletasunari

N. AZURMENDI

Miércoles, 5 de abril 2017, 07:20

Atzo bete-betean egin zuen bat Gipuzkoak Korrikarekin. Goizean goiz Tolosaldean barrena sartu zenetik, herriz herri joan zen jendetza biltzen. Buruntzaldea ere korrituta eta goizaren zati handi bat Oarsoaldean igarota, sartu-irtena egin zuen Iparraldean, muga zeharkatu eta Hendaia bisitatzeko. Itzultzean ikusi zen Korrika honetako kilometro esanguratsuenetako bat: 1.198.a, Santiago zubiko kilometro partekatua. «Elkarlana da bidea, BATZUK handi bat eraiki dezagun» leloari jarraiki egin zuten kilometroa elkarrekin Euskal Herri osoko herri erakundeen ordezkariek eta euskalgintzako eragileek.

Hondarribira iristean, Blagan euskara talde sortu berriak lehenengo aldiz hartuko zuen lekukoa. Oarsoaldera itzulita, Lezo eta Pasaiako barrutiak zeuzkan zain, Donibatetik San Pedrorako bidea, ohi denez, ontziz egin zuenez. Zain zeukan Donostian, bertan lau ordu pasatxo egin zituelarik.

Bidebietatik sartu zen Korrika Gipuzkoako hiriburuan. Han zituen zain Isane eta Maren, lekukoa eramateko prest, aitona Valentinek erositako kilometroan. Baita ETBko 'Gu Ta Gutarrak' saioko kideak ere. Altza, Intxaurrondo eta Egiatik bueltan, Loiolan, azken metroetan Arraun Lagunak taldeko arraunlariak batuko zitzaizkion, arraunekin. Erdialdera helduta, besteak beste, Donostiako Udalak, Batzar Nagusiek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Real Sociedad taldeak hartu zuten lekukoa. Gros auzotik bueltan burutu zen, bestalde, Korrika honetako doakotasunaren aldeko hirugarren kilometroa. Gero, Antigua auzotik igarota, Añorgatik abiatu zen Korrika gaua Gipuzkoan barrena igarotzera.

Kostalderantz eginda, Orioko eta Zarauzko korrikalariek asteazken goizaldean ekin diote lasterketari. Getaria eta Zumaia artean, berriz, kilometroak zatitu behar izan dituzte, inoiz baino eragile gehiagok hartu duelako parte, euskararen aldeko karrera ordu txikietan igaro arren. Zumaian, hain zuzen, pasa den urtean hildako Igor Zendoia AEK-ko irakaslearen omenez egin du kilometroa Zumaiko AEK-k, lekukoa haren familiaren eta ikasleen esku utzita.

Egunsentiarekin batera, ibilbidearen erdia baino gehiago beteta, Azkaraten behera iritsi da Korrika Deba Barrenera. Elgoibarren zuen zain Hasier Etxeberria kazetari eta idazlearen aita, lekukoa eramateko prest 1.439. kilometroan, familiarekin batera, seme hilberriaren omenez. Ondoren, Bizkaia aldera jo dute korrikalariek Mendaro eta Debatik. Itziartik pasatzen ez denez, Debako azken metroak itziartarrek egin dituzte, lekukoa mutrikuarren esku uzteko (1461).

Bizkaian Lea-Artibaitik sartuko da euskararen aldeko karrera, 10.21ean. Aste eguna izaki, Ondarroako ikastetxe asko aterako dira Korrikan parte hartzera, ez baitute Korrika Txikirik egin, orduagatik 'handian' parte hartzeko aukera eduki dutelako. Gainera, Marabilli festibalaren kilometroan (1.472), Kirmen Uribek eta Aitzol Aramaioren amak hartuko dute lekukoa. Bestalde, eta Etxebarritik ez denez igaroko Korrika hau, hango herritarrek Markina-Xemeinen korrituko dute, tartean, Amets Txurruka txirrindulariaren peñakoek (1.480).

Busturialdera 14.54an iritsiko da Korrika. Etxebarrin bezala, herri guztietatik ezin pasatu lekukoa, eta eskualdeko hainbat udalek inguruko herrietan erosi dute kilometroa. Gernikan, kilometro polit bat ikusteko aukera izango da: Juntetxean, Bizkaiko Batzar Nagusien kilometroan (1.544), lekukoak Gernikako arbola inguratuko du. Kilometro horretan bertan (1.544), partekatua baita, zati bat Sidneyko Euskal Etxearena da. Han bizi izan eta orain Gernikara itzulita dagoen lagun batek eramango du lekukoa urruneko euskaldun haien izenean.

Uribe Butroen sartzean, Bakion omenaldi xume bat egingo diote Txetxu Ugalde kazetariari, berak beti hartzen zuelako parte Korrikan. Haren familiak eramango du lekukoa lehenengo ehun metroan. Mungiatik igaro eta Uribe Kostara helduko dira korrikalariak 23.41ean, Urduliztik, 1.599. kilometroan. Gorriz, Plentzia, Barrika, Sopela, Berango, Algorta, Erromo eta Leioatik igarota, Erandiotik batelean eta paddle surfean zeharkatuko du lekukoak itsasadarra, Barakaldoraino. Hor hasiko du Ezkerraldeko bisitaldia.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gipuzkoatik Bizkaiara egin du salto Korrikak