Borrar

Bankuen eskuetan

Diruan pentsatzeagatik ere dirua eskatuko digute hemendik gutxira

Arantxa Urretabizkaia

Domingo, 8 de enero 2017, 00:11

Tantaka datorrena ezkutuan egiten da handi. Total, tanta bat ez da ezer, baina tanta bat egunean, hamar edo hogei urteren buruan ia edozer aldatzeko gauza da. Antzeko zerbait gertatu zaigu, egunez egun, atsedenik gabe, bankuekin.

Ez da bakarrik ez digutela gure diruaren truke ezer ematen, sasoi ez hain urrunean gertatzen zen bezala. Orain ordaindu egin behar dugu gure dirua gorde dezaten. Ordaindu egin behar dugu dirua sartzeko, dirua ateratzeko, dirua eskatzeko, dirua ordaintzeko. Agian, diruan pentsatzeagatik ere dirua eskatuko digute hemendik gutxira. Barkatu, jauna, ez dizut mailegurik eskatu. Ez, baina horretan pentsatzen ari zara azken boladan.

Eta hori gertatu den heinean, txikitu egin da bezerook bankuengan dugun konfiantza. Azken pausoa Eguberri hasieran gertatu da. Europar Batasunaren epaitegiak ebatsi du bankuek hipotekadun askori zor dietena itzuli behar dietela, nahitaez. Ebazpena heldu arte, bankuek ezentzunarena egin dute, Espainiako bankuaren, gobernuaren eta gainerako erakundeen onespenarekin.

Gutxienez zerbaiterako balio du Europar Batasunak. Bankuek, ordea, aurkituko dute zor duten dirua ez ordaintzeko edo ahal bezain berandu ordaintzeko bidea edo bidezidorra, jarriko dituzte lanean abokaturik azkarrenak, erabiliko dute gobernuan duten eragina, asmatuko dute zerbait. Eta beste erremediorik ez badute, bezero batzuei zor dietena beste bezero batzuei aterako digute. Edozer, urte bukaerako etekinak murriztuak gerta ez daitezen.

Atera dezakete bankuek nahi adina iragarki, haien bezero bilakatuez gero zeinen zoriontsu izango garen erakutsiz. Ez gaituzte konbentzituko, mesfidantzaz gainezka joango gara haiengana beharra dugunean, jakin badakigulako ez daudela hor gure zerbitzurako, gu haien zerbitzurako baizik.

Eta hori guztia salbabiderik gabe, alferrik aldatuko baikara banketxe batetatik beste batera ur garbi bila. Galduak gaude eta horrek ez du, oraingoz, inolako erremediorik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Bankuen eskuetan