Borrar
Emakume bat, barre egiten.
Hiri barre

Hiri barre

Irribarrea gauza ederra baita, baina iraupenean datza gakoa: segundo gutxi batzuetako kliskak dira ederrenak, distira leherketa ttipiak, pospolo baten bizitza baino laburragoa dutenak

Harkaitz Cano

Lunes, 26 de septiembre 2016, 02:49

Edozein eskolaumek daki autobus geltoki bateko markesinan hortzak erakusten dituen norbaiten argazki bat baldin badago, handia dela hari banpiro letaginak marraztu edo hortzeria belzteko tentazioa. Irribarrea gauza ederra baita, baina iraupenean datza gakoa: segundo gutxi batzuetako kliskak dira ederrenak, distira leherketa ttipiak, pospolo baten bizitza baino laburragoa dutenak. Itzali ondoren leku atzemanezin batera ezkutatzen diren irribarre iheskorrak. Leonardo da Vincik margotu eta bostehun urtera oraindik ere Mona Lisaren irribarrearen liluraz hitz egiten jarraitzen badugu, garbi dago zein den arrazoia: ez dela benetan irribarrez ari. «Aldiro irribarre, traizioaren seinale» idatzi zuen Philip Claudelek Brodecken txostena eleberrian. Beti irribarrez dagoen jendea mesfidantza piztaile zaigu, irreala edo jasanezina ez esateagatik, edo tik urduri baten patologiaren menpeko koitadu. Antzeko zerbait gertatzen da egunero etxetik atera orduko topatzen dituzun hauteskunde paskinetako argazkiekin, saihetsezina dela zeure buruari galdetzea «zer arraiori egiten ote dioten hauek barre». Are obszenoagoa da irribarrea serializatzen den heinean; bata bestearen ondoan jarritako hautagai berberaren argazki klonikoek areagotu egiten dute lortu nahi ez luketen zurikeriaren efektua. Norbaitek erabaki zuen behin irriz agertu behar zutela hautagaiek karteletan, baikortasuna, jatortasuna eta segurtasuna adierazten zituela horrek, fidatzekoak zirela. Publizista gutxi ausartu izan da geroztik horri aurka egiten. Trantsiziotik hona asko egin du aurrera teknikoki argazkilaritzak (eta geure gustu estetikoak ere baietz, pentsatu nahi nuke), baina kartelen eitea apenas aldatu den. Hautagaiaren aurpegia, lehen planoan edo plano amerikar ertainean, irribarre gogaikarri horrekin kamerari so. Urkulluren kanpaina izan da topikotik apur bat aldendu den bakarra: zutik eta jarrera aktiboan erretratatu dute, ongi estudiatutako alkandora-beso toles sotil batekin, irribarrerik gabe, mitin bateko buru multzo difuminatuaren pantaila-hondo antiegolatra eta guzti. Gezur sofistikatuago bat.

Beti izan ohi da interesgarriagoa begiekin iradokitzen den irribarrea, ahoarekin egiten dena baino. Adiskide komikigile bati deitu diot, marrazkilari profesional batek zer konta diezadaken jakiteko. Haren ustez, begiek soilik ez, pertsonaien bekainek markatzen dute irribarrearen nolakotasuna: bekainak gorantz altxa edo beherantz estutzean omen datza trikimailu guztia. Emotikono irribarretsuak eta ; ) : ) bezalako puntuazio zeinu singleak asko hedatu dira gure artean teknologia berriei esker. Nabarmena da aldea ; ) edo : ) zeinuak bidaltzen dizkizutenen artean, lehenak ironikoago eta konplizeago izan nahi du begi kliska horrekin, eta bigarrenak, aldiz, zorion xaloagoa adierazten du simetria biribil tolesgabearekin. Emotikono hauen aitzindaria 80ko hamarkadako acid house musika mugimendua izan zelakoan nago, zirkulu hori beilegi biribil batean bildutako irribarre eskematiko hura, paparreko txapa, kamiseta eta pegatinen bidez bazter guztietara hedatu zen Smiley ezaguna. Hainbat urte geroago, Alan Moorek Smiley odolez zipriztindu eta haren ifrentzu iluna sortu zuen Watchmen komikian.

Ongi irri egitea arte bat da, entrenamendu luze baten ondorio gertagaitza. Kolpatutako boxeolarien aurpegian da soilik sinesgarri, konbatearen ondoren. Kasu, Francis Scott Fitzgeraldi: «Klubean bakarrik afaldu ahala, zimurtu egiten zitzaizkion begiak eta irribarre egiten zuen ia: egunen batean, hala behar izatera, bere buruari minik egin gabe barre egiteko prestatzen ari zen». Esan dugu lehen ere, ia horretan dagoela koska.

Jakina, aparteko atala mereziko luke barreak. Komediazaleek esan ohi duten zerbait da, barre eginaraztearen zailtasunaz ari direnean: «Tipula batek ere negar eginarazten dizu, erakuts iezadazu, ordea, barre eginarazten dizun fruitu edo barazki bat». Lucy Prebble antzerki idazlearen ustez, «barre egitea otzantasuna erakusteko modu bat izan daiteke, horregatik gustatzen zaie gizonezkoei emakumezkoek barre egitea. Menpean gaituztela adierazten dielako. Ez duzu barre egiten etxean bakarrik telebistari begira. Zerbait soziala da, «harrapatu dut txistea, azkarra naiz» esateko modu bat, edota norbaiti erakargarri zatzaizkiola adierazteko era: burua atzerantz, eztarria ageri. Aldiz, ikerketa guztiek diote jende «deprimitua deitzen dugun horrek askoz ere ikuspuntu egokiagoa eta errealistagoa daukala bere buruaz, munduaz eta etorkizunaz».

Etorkizuna, bai. Hautagaiek hainbeste maite duten hitz hori.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Hiri barre