Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
joseba arruti
Lunes, 18 de abril 2016, 01:43
EAEko herritarrek laster joan beharko dute boza ematera. Urrian izango zela ematen zuena ekainean izan liteke azkenean, 26an, Madrilen gertatzen dena gertatzen dela. Legealdia azkenetan dago eta ez du ematen udazkenera arte helduko denik. EAJk bakarrik ekin dio lau urte zailotan, eta emankor. Kudeatzeko eta ... negoziatzeko gaitasunari esker, egoera politikoa zein ekonomikoa samurtzea lortu du, eta ez da harritzekoa Iñigo Urkullu lehendakaria izatea euskal herritarren politiko gogokoena. Espainia mailan PPk gehiengo osotik porrotera eta isolamendura jauzi egin duen bitartean, ustelkeriaren putzuan itolarrian ekin dionean, Euskadin 75en arteko 27 parlamentariren oinarrizko babesarekin egonkortasuna, elkarrizketa eta konfiantza izan dira Eusko Jaurlaritzaren jardueraren ezaugarri nagusiak. Oso testuinguru zailean, jeltzaleek euren bizkar gainean hartu dute ardura osoa eta, emaitzen arabera, onerako. Hala diote hainbat adierazle makroekonomikok, eta baita herritarren gogobetetasuna neurtzen duten azterketa soziologikoek ere.
Urkullu buru, EAJ da hurrengo hauteskunde autonomikoak berriz irabazteko aukera gehien dituena, egindako lanaren ordainetan. Ez du ematen oraingoan ezker abertzalea lehiakide nagusi izango duenik, bere ibilbide baldarra ahantzarazteko Arnaldo Otegiren inguruko harri-kartoizko mistika baino askoz gehiago beharko baitu.
ETAren amaieraren osteko olatuak erakunde garrantzitsuak kudeatzeko aukera eman zion koalizioari baina, lau urteren ostean, egindakoaren azala eta mamia txarretsi zuten bozemaileek, eta oposiziora bidali. Ezaguna da, beraz, Otegiren hautagaitzaren atzean egongo direnen gobernatzeko modua eta horrek herritargoaren zatirik handienean eragiten duena.
Litekeena da, guzti horren ondorioz edo, Legebiltzarrerako aurki datozen hauteskundeetan ezkerraren esparruan Ahal Dugu aurretik izatea, berri antzekoak sortu ohi duen espektatibaren bultzada indartsuari esker. Bozen ostean batuketek ahalbidetzen duten neurriko ahalegin bateratuari ekiteko tentazioa izan dezakete bi aldeek, bai, baina ezker abertzaleak ez du inoiz beste inoren bigarren modura jarduteko bokaziorik izan, are gutxiago Espainia mailako proiektu politikoa dutenen eranskin izatekoa.
Ahal Dugu-ren sendotasuna eta irauteko gaitasuna frogatzeke dago oraindik. Alde askotako suminduek eta ilusioa galdutakoek potolotu duten alderdia da, eta hori aberasgarria den neurri berean da arriskutsua, kontraesanezko geruzak pilatu eta estutzen diren heinean sortzen baita euren arteko talka. Hala, erabaki eskubidearen aldekoa da, baina Estatuarekiko burujabetza osoari ezetz esateko; Aberri Eguna ospatzen du, baina abertzaleena ez ei den erkidego soila osatzeko; Nafarroarekiko harremanak sendotzeari egoki irizten dio baina egungo estatusa jomuga izanda; babes sozialeko neurri handiosoak proposatzen ditu baina horiek nola ordaindu argitu gabe; eta demokraziaren oinarrira jotzearen aldekoa dela dio baina barrura begirako desadostasunak kargugabetzeak baliatuta bideratzen ditu.
Euskobarometroaren arabera, azken hauteskundeak aintzat hartuta, Ahal Dugu-k jaso zituen 316.000 botoetatik %20 Amaiur-etik batu zitzaizkien, %16 abstentziotik, %14 PSE-EEtik, %13 Ezker Batuatik, %7 EAJtik eta %6 lehen aldiz bozkatzen zutenen artetik. Ez da aniztasun makala kopuru horiek islatzen dutena. Gehiegizkoa, akaso, proiektu politiko bideragarri bat osatu ahal izateko. Orain arte jasan dituenak inplosio txiki eta kontrolatuak izan dira, baina erakundeetatik denetariko arazoei aurre egin behar ahala litekeena da arrakalak handitzea eta ezinikusiak areagotzea. EAEko hauteskundeei begira helburu batek batzen ditu: EAJ agintetik kentzeak. Hori litzateke balizko alternatibaren argamasa eta horretarako ari zaizkie keinuka EH Bilduri eta sozialistei, ezina ekinez egina izan daitekeen ustean. Ezker abertzalekoek prest ematen zuten hasiera batean, Ahal Dugu-koekin bildu berritan Hasier Arraizek zazpi aldiz esan baitzuen mugarik gabeko lankidetzaren aldekoak zirela. Idoia Mendiak, aldiz, ez du horrelakorik behin ere adierazi.
Roberto Uriarte idazkari nagusi izandakoak dimisioa eman osteko behin-behinekotasun luzea amaitzeko berriki egindako primarioak Nagua Albaren zerrendaren garaipenarekin amaitu dira, baina zenbait lehiakidek emaitzen auditoria eskatu izanak islatzen du barruko giroa. Hala ere, abenduko orokorretan botoetan nagusitzea lortu zuen Ahal Dugu-k EAEn, askoz gehiago Estatu mailan sakoneko aldaketa ahalbidetu nahi zutenen begikotasunezko botoari esker alderdiaren batasunaren ordainetan baino. Orain, autonomikoetara begirako programa lantzen ari dira dagoeneko, eta euren lehendakarigaia aukeratzen. Garbiñe Biurrun izan liteke adostasun maila handiena lor dezakeena, kanpora begira ere irudi onekoa eta prestigiozkoa baita, baina, itxurak egiten ez badabiltza, berak ardura hori onartzea falta da. Ezetz erantzungo balu ordezko bat aukeratu beharko litzateke bat-batean, eta horrek ez die mesede egingo egun zuzendaritzan daudenei.
Ziurtasuna ziurgabetasunaren aurrean. Ardatz horren inguruan erabaki beharko dute euskal hautesleek laster, ekonomia eta ongizate eredua bidegurutzean daudenean. EAJren politika sozialek Podemos-eko zenbait kideren aitortza ere jaso dute. Baina Pablo Iglesias-ek erakutsitako botere gosea da, antza, euren burua politika berriaren ordezkaritzat jotzen dutenen ezaugarrietakoa, horretarako egin ezin direnak eskaini behar izan arren. Esandakoetatik errealitatera dagoen jauziaz ohartu gura duenak Greziara begira dezake, Tsipras-en ibilbidea xehe-xehe ezagutzeko. Dialektikak, zenbat eta arranditsuagoa izan, orduan eta etsipen handiagoa ezkutatzen du. Egindakoek definitzen dituzte proiektu politikoak, ez egingo direla esaten direnek. Eta, horretan, euskal bozemaileek badute aukeratzeko irizpiderik.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.