Topaguneak, euskaraz irakurtzeko sustatu duen ekimena.

Irakurri, gozatu eta oparitu

Topaguneak abiarazitako egitasmoak herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz

izaskun moyano

Miércoles, 6 de abril 2016, 00:33

Euskaltzaleen Topaguneak 'Irakurri, Gozatu eta Oparitu' egitasmoaren XX. edizioa jarri du martxan, zenbait euskara elkarte, udal, liburutegi eta liburu dendarekin batera, eta hainbat udal eta mankomunitate, Nafarroako Foru Gobernu eta Eusko Jaurlaritzaren zein Araba eta Bizkaiko aldundien babesarekin. Ekimenak hainbat berrikuntza izan ditu aurten, eta inportanteena izan da Patxi Zubizarreta idazleari eskaturiko 50 liburu gomendatuen zerrenda, bost adin tartetan aurkeztuko dena.

Publicidad

Beste aldaketa bat gauzatze aldiarena izan da, ia hilabete aurreratu dena, eta maiatzaren 31ra arte iraungo duena. Gainera, azken bi edizioetan izandako hedapenak jarraipena izan du aurten eta 50 herritan jarri da martxan, iaz baino bederatzi gehiagotan eta duela hiru urte baino 26 gehiagotan.

Bere arduradunek azaldu dutenez, irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmoak herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Egitasmoak parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.

Kanpainaren izenak adierazten duenez, hiru urrats eman behar dira bertan parte hartzeko. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia, eta horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal da. Bigarren pausorako, 'gozatzeko', liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete behar da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa txekea emanten digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Azken urratsa liburua oparitzea da, lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Bi hilabete

Bi hilabeteko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, baina erosketa txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 11ra artekoa izango da. Aurten, egitasmoa udaberriko hilabeteetan zentratuagoa egongo da, alde batetik, liburutegietan garai hobea izaten delako, eta bestetik, liburu opari eta trukeen dinamika, oporrak bitarteko hilabetetan garatu ahal izateko.

Publicidad

Esan bezala, aurten 50 herritan dago martxan ekimena eta nabarmentzekoa da, horietako hainbatetan lehenengo aldia bada ere, iazko herri gehienetan eskaini dela, egitasmoaren eraginkortasunaren balorazio onaren adierazle. Araban, Agurain, Aramaio, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Kanpezu, Legutio, Maeztu, Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia, eta Zuian egingo da.

Bizkaiari dagokionez, Atxondo, Balmaseda, Derio, Ermua, Gernika-Lumo, Getxo, Igorre, Larrabetzu, Lemoa , Mañaria, Muskiz, Ondarroa, Otxandio, Zaldibar eta Zamudion burutuko da; eta Gipuzkoan, Lazkao, Legazpi, Mutriku, Soraluze, Oñati, Ordizia, Orio eta Zaldibian. Azkenik, Nafarroan, Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Basaburua, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Lakuntza, Larraun, Lizarra, Olazti, Uharte, Urdiain eta Zizur Nagusia herrietan egingo da.

Publicidad

Eragin positiboa

Topaguneko arduradunen arabera, aurreko bederatzi edizioetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa da.

'Irakurri, Gozatu eta Oparitu' ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak honako argitaletxeen laguntza izaten du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.

Publicidad

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad